Hainbat urtez blokeatuta egon da Abaroko plan partziala Sopelan (Bizkaia). Plan horren bidez, udalak babes ofizialeko 490 etxebizitza eraiki gura zituen. Baita Iberreko institutuan Batxilergoko ikasleentzako eraikin bat eta Larrabasterra eta Sopelako erdigunea lotzeko bidegorria eta pasabidea ere. Horrez gainera, Urko ibarra eta Gobela ibaia leheneratzeko lanak egingo zituen. Baina SAE Sopelako Auzo Elkarteak helegitea ipini eta administrazio auzibidea ireki zuen, eta udalak ezin izan du ezer egin. Orain heldu da EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, eta udalari plana martxan jartzeko baimena eman dio.
Guruzne Carrascon Sopelako alkateak (EH Bildu) eman du epaiaren berri gaur, hainbat zinegotzik lagunduta. Harekin egon dira Elkarrekin Sopelako Eder Garcia eta EAJko Amaia Guenetxea. Maria Teresa Fernandez sozialista ezin izan da agerraldira joan. Izan ere, udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztiek babesten dute proiektua, SAA Sopelako Auzo Alternatiba talde independenteko zinegotzi bakarrak izan ezik. Hain zuzen, zinegotzi hori auzo elkartearen presidentea ere bada.

Alkateak nabarmendu duenez, Abarok «berebiziko garrantzia» du Sopelan etxebizitzaren krisiari erantzuteko. Izan ere, Sopelan eraikiko dituzten babes ofizialeko etxebizitza gehienak eremu horretan egongo dira. Horrez gainera, herrian hezkuntza publikoak duen espazio faltari ere konponbidea eman gura dio planak. Orain, Eusko Jaurlaritzak inguru hartako lursailak erabili ahal izango ditu Sopelako institutua handitzeko. Hezkuntza Sailak Loroñon ere eskuratu du beste orube bat Haur Hezkuntzako zentro bat eraikitzeko.
Carrasconek esan du udala saiatu dela auzo elkartekoekin akordioa lortzen. Planak hainbat arazo sortuko dituela zioen Sopelako Auzo Elkarteak helegitean, eta, alkatearen esanetan, arazo horiek konpontzeko alternatibak proposatu zizkieten. Udalak epaitegietatik kanpo lortu gura zuen akordioa, planaren garapena gehiago luza ez zedin. Baina auzo elkartekoek ez zituzten proposamenak aintzat hartu, eta epaia heldu bitartean itxaron behar izan dute. Udalak barkamena eskatu die sopeloztarrei hainbeste urtetako atzerapenagatik.