Interkonexioaren obretan Atxuri ibaira ere bentonita isuri dutela salatu du Mungiako Udalak

Uraren Agentziak obrak geldiarazi ditu, eta zigor txostena zabaldu dio lanen arduradun Red Electricari. Isuria garbitzeko ere eskatu dio Mungiako Udalak.

Bentonita, Mungiako Atxuri errekan. BERRIA
Bentonita, Mungiako Atxuri errekan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 2a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gatikako ibai eta erreketara eta Jatabeko akuiferoetara egin ziren lehen isuriak. Oraingoan, Mungiako Atxuri errekan agertu da bentonita, udalak salatu duenez. Bizkaia eta Frantzia lotuko dituen interkonexio elektrikoaren obretan erabiltzen du Red Electricak bentonita. Udalak argitu du ez dela toxikoa, baina Gatikako isurketak salatu zituzten boluntarioek ohartarazi zuten ingurumenean kalteak eragiten dituela.

Mungiako Udalak esan du Uraren Euskal Agentziarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera ibili dela egoera aztertzeko lanak egiten, nahiz eta ez den udalaren eskumeneko auzia. Isuriari eusteko neurriak martxan jarri dituztela ere azaldu du. Prebentzio neurri modura, inguruan obrak eteteko agindu dute, eta enpresari eskatu diote berehala garbitu dezala kaltetutako ibai zatia. Ura agentziak zigor txostena ireki dio Red Electricari. 

Interkonexioaren argindar kablea hodi handi batzuen barrutik joango da, lur azpian eta itsasoan. Zulaketa gidatua delako teknikarekin egiten dituzte hobiak lurperatzeko zuloak. Horretarako, bentonita erabiltzen dute. Buztin industriala da. Urarekin kontaktua duenean, geruza iragazgaitz bat sortzen du, erreka hondoan pilatzen da, eta inguruko bioaniztasunari kalte egiten dio. Lurrarekin nahastea ere arriskutsua izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.