Interkonexioko «barrabaskerien» zelatan

Iaz hasi ziren Bizkaian Gatika eta Frantzia arteko interkonexio elektrikoaren lanak. Obretan hainbat irregulartasun egiten ari dira enpresa eraikitzaileak, inguruko bizilagunek ohartarazi duenez. Esaterako, azken asteetan bentonita isuriak salatu dituzte.

Interkonexio elektrikoaren lanak, Gatikan, artxiboko irudi batean. RED ELECTRICA
Interkonexio elektrikoaren lanak, Gatikan, artxiboko irudi batean. RED ELECTRICA
Ibai Maruri Bilbao.
Gatika
2025eko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko urrian hasi ziren Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Frantzia) lotuko dituen interkonexio elektrikoaren obrak Gatika inguruan. Ordutik, Boluntak izeneko herriko boluntario talde batek egiten die jarraipena. Esaterako, haiek salatu dute bentonita erabiltzen ari direla lanetan, eta Butroe errekara isuri dutela. Haiek deitu dute hainbatetan SOS Deietara, eta haiek ipini dute salaketa ertzain etxean, Interkonexio Elektrikorik Ez eta Butroi Bizirik plataformetakoekin batera. «Ez dakit zein erakundetakoek egin beharko luketen zaintza hori, baina argi daukagu hau ez dela boluntarioen lana», ohartarazi du Itziar Madinak. Ez da hiru talde horietako kide formala, baina hirurei laguntzen die. «Eskatzen duguna da erakundeek lanen jarraipena egin dezatela eta enpresek bota duten bentonita garbitu eta egin dituzten barrabaskeriak ordain ditzatela». Madinak salatu du ez dituztela betetzen obra baimenean eta ingurumen baimenean ipini zitzaizkien baldintzak.

Argindar kablea hodi handi batzuen barrutik joango da, lurrean eta itsasoan. Madinak adierazi duenez, zulaketa gidatua delako teknikarekin egiten dituzte hobiak lurperatzeko zuloak. Horretarako bentonita erabiltzen dute. «Buztin industriala da. Berez, ez da kutsagarria, baina kutsagarri bihur daiteke», azaldu du.

Gatika isuria (2025 08 30)
Bentonita isuria, Gatikan, abuztuaren 30eko irudi batean. INTERKONEXIO ELEKTRIKORIK EZ

Urarekin kontaktua duenean, geruza iragazgaitz bat sortzen du, erreka hondoan pilatzen da, eta inguruko bioaniztasunari kalte egiten dio. Lurrarekin nahastea ere arriskutsua izan daiteke. Madinak esan du zuloak egiterakoan lurrera filtratzen dela bentonita, Gatika inguruko lurra batez ere buztina delako. Hori gertatu da uda honetan hainbatetan. Lehenengoz, uztailaren 26an. Boluntak taldeko boluntarioek Red Electricari ohartarazi zioten bentonita lurrera eta errekara isurtzen ari zirela. Hala ere, lanean jarraitu zuten, eta Butroe ibaira doan Iturralderreka kutsatu zuten.

Egoerarik larriena abuztuan izan dute. Hilaren 24tik 26ra beste hainbat isurketa izan dira, hainbat lekutan, eta boluntarioek Uraren Agentzia, Ertzaintzaren Ingurumen Delituen Atala eta Bizkaiko Foru Aldundiko basozainak ipini zituzten jakinaren gainean. Hiru erakundeotako beharginak isurketak izandako lekuetara joan ziren. Madinak kontatu duenez, hainbat jarraibide eman zizkieten obrako beharginei, isurketarik ez izateko eta dagoeneko isuritakoa garbitzeko. «Zakuak ipini zituzten isuriak errekara hel ez zitezen, eta errekara isuritakoa xurgatzen ibili dira. Baina batez ere ura kendu dute, bentonita hondoan geratzen baita itsatsita».

Udalak bazterrean

Uraren Agentziak lanak geldiarazteko agindua eman du, baina isurketak izan diren inguruetan bakarrik, isuri gehiagorik ez dagoela bermatu artean. Teknikariak txosten bat lantzen ari dira. Gatikako Udalak eskatua du txosten hori, Mikel Larrazabal alkatearen arabera. Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen arloetan ere txostenak eskatu dituzte, zehazki zer gertatu den jakiteko. Izan ere, Larrazabalen esanetan, udalak boluntarioen bitartez izan du gertatutakoaren berri.

Obra Red Electricarena da, baina lan guztiak azpikontratatuta ditu. «Azpikontratatutako enpresak normalean oso lardatsak izaten dira, eta hemen ere hori ikusten ari gara». Gainera, salatu du enpresa hauek ez dutela zergarik eta tasarik ordaintzen lanean ari diren udalerrietan, Espainiako Gobernuak hala erabaki duelako. «Ez dut ulertzen estatuak zelan egin dien kalte udalei modu honetan». Larrazabalen esanetan, ordainduko baliete, obren jarraipena egiteko teknikari bat kontratatu ahal izango luke udalak. 

Bentonita isuria eteteko obrako langileek ipinitako zakuak, Gatikaan, abuztuaren 30ean. INTERKONEXIO ELEKTRIKORIK EZ
Bentonita isuria eteteko obrako langileek ipinitako zakuak, Gatikan, abuztuaren 30ean. INTERKONEXIO ELEKTRIKORIK EZ

Jatabeko Udalari ere ez diote zergarik eta tasarik ordaintzen, baina udalak akordio bat lortu du enpresarekin, eta, udalerrian egingo dituzten kalteen ordainetan, hainbat proiektu finantzatuko ditu Red Electricak, Jatabeko alkate Erlatz Urrestik kontatu duenez. «Energia iraunkorragoak erabiltzeko proiektuak dira. Adibidez, plazan eguzki plakaz osatutako estalki bat ipiniko dugu. Han sortuko den energiarekin komunitate energetiko bat sortuko dugu».

Jataben ere izan dira isuriak. Esaterako, Ibarra auzoan, BI-2120 errepide ondoan dagoen jatetxetik gertu indusketak egin dituztenean, Urrestik kontatu duenez. «Bentonita erabili zuten perforazioak egiteko, eta karkabara irten zen. Sikatu egin zen, eta uraren bidea itxita geratu zen».

Gatikako boluntarioak Jatabeko isuriak ikusten aritu dira, eta susmoa dute akuiferoetara ere joan dela bentonita, baina hango alkateak esan du ez duela horren berririk. Uraren Agentziari txostena bidali dio Jatabeko Udalak, gertatutakoaren berri emateko, eta Red Electricarekin ere bildu dira, karkaba berria esateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.