Alkoholaren kontsumoa eremu publikoetan arautzeko ordenantza onartu du Durangoko Udalak. Ondorioz, kale edana debekatuta geratu da Bizkaiko herri horretan. «Ordenantza honek kale edanari egiten dio erreferentzia, baina ez Goienkaleko tabernetako tragoa kalera ateratzen dutenei», zehaztu du Mireia Elkoroiribe alkateak. Ordenantzaren helburua da «osasun publikoa babestea, inguruaren garbitasuna eta bizilagunen atsedena bermatzea eta elkarbizitza baketsua sustatzea».
Udalak azaldu duenez, erabakia udalak martxan ipinitako partaidetza prozesuaren emaitza izan da. Parte hartu zuten herritarren %86k ordenantza horren beharra azpimarratu zuten. Izan ere, Durangoko alde zaharrean gatazka sortzen du kale edanak. Bereziki Andra Mari basilikako elizpean eta Matute plazan elkartzen dira gazteak kale edanerako.
Azken urteetan asko izan dira herritarren protestak, eta baita udalak kale edana eragozteko hartutako neurriak ere. Esaterako, iaztik Durangoko udaltzainak eta ertzainak zaintza lanak egiten ibili dira asteburuetan. Orain, beste pauso bat eman du udalak, eta aurrerantzean debekatuta egongo da eremu publikoetan alkoholdun edariak kontsumitzea, salbu baimendutako ostalaritza establezimenduetan edo baimen zehatzarekin funtzionatzen duten gune itxietan kontsumitzen bada. Araudia betetzen ez dutenek ehun eta mila euro arteko isunak jaso ahal izango dituzte.
Bildutako dirua arazoa konpontzeko erabiliko dute: gazteei alkoholaren kontsumoak dituen ondorioak azaltzeko kanpainak finantzatzeko erabiliko da. «Gure helburua ez da isunak jartzea, baina badirudi batzuetan egoera zuzentzeko bide bakarra direla. Ordenantza hau gure helburuak betetzeko lagungarri izan daitekeelakoan gaude», adierazi du alkateak.