Kronikoa da Karrantzak urarekin duen arazoa, eta aurten bereziki larri ibil daitezke. Momentuz hornidura bermatuta dagoela esan du Raul Palacio alkateak, baina arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei. «Urtero egiten dugu hala, baina aurten ez dugu Argañedako urtegiko urik izango», zehaztu du. Izan ere, lur jausi baten ondorioz, ez dago erabilgarri, eta, diputazioarekin batera egindako azterketan, ohartu dira ez duela konponbiderik. Beraz, gaur egun, Cerrojako urtegian bildutakoa baino ez dute. Biekin batzuetan larri ibili badira, litekeena bakarrarekin ere arazoak izatea. Hala, haraneko ur hornidura arazoak «behin betiko» bermatzeko modua aztertuko dute erakunde biek. Alkateak espero du datozen egun edo asteetan sinatuko dutela horretarako akordioa.
Ikusi gehiago
Bizkaiko Batzar Nagusietara heldu da gaur gaia, EH Bilduk zer egiteko asmoa duen galdetu diolako Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuari, Avellanedako juntetxean (Sopuerta) egindako kontrol saioan. Alkateak jakinarazitako akordioari dagokionez, Atutxak esan du azterketa horretan sartuta egongo dela udalak proposatutako hondakin uren araztegi ekologikoen proiektua; bere garaian diputazioak uzkur hartu zuen ideia hori.

Beste neurri batzuk ere azaldu ditu Atutxak. Oraingoz, behin-behineko konponbide bat proposatu dio diputazioak udalari, by-pass baten bidez udalerri osorako hornidura bermatzeko. Gero Palaciosek azaldu duenez, Cerrojako urtegian dagoen ura orain arte Argañedakoak hornitzen zituen auzoetara eroateko izango litzateke. Horrez gainera, Atutxak esan du diputazioak konpromisoa hartu duela uda honetan hornidura bermatzeko: «Beharko balitz, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren tratamendu zentroren batetik kamioien bidez eroango litzateke ura Karrantzara», esan du diputatuak. Koalizio subiranistako batzarkide Aitor Llanok adierazi du diputazioak, proiektuen diseinuetan ez ezik, inbertsioetan ere parte hartu beharko lukeela Karrantzako ur horniduraren arazoan. Atutxak erantzun dio «diru asko» inbertitu dutela haranean.
Besteak beste, diputazioak egin zituen Argañedako eta Cerrojako urtegiak 2000ko urteetan, eta edateko uren tratamendurako zentro berria 2010eko urteetan. 320.000 metro kuboko edukiera du Cerrojako urtegiak. Argañedakoak, berriz, 120.000koa; baina eraikitzean oker batzuk izan ziren, eta edukieraren %43 baino ezin izan dute erabili martxan egon den urteetan. Garai hartan, Karrantzako Udala EAJren esku zegoen, eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzekotan zen. Diputazioak partzuergoaren esku utziko zuen gero urtegi bien kudeaketa. Baina 2012an Karrantza Zabala alkatetzara ailegatu zenean, udalak uko egin zion partzuergora sartzeari, horrek asko garestituko zuelako abeltzainek ordaintzen duten uraren faktura. Diputazioak beti esan du Karrantza ur partzuergoan sartzea gura duela, eta gaur ere Atutxak esan du udalak «erabakiak hartu behar» dituela.