Lamiakoko itsasadar azpiko tunelaren aurka agertu dira ehundik gora zientzialari

Subflubialari Ez plataformak bultzatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak Ibaizabal azpian eraiki nahi duen autobidearen aurkako manifestua sinatu dute 108 ikerlarik, «berotegi efektuko gasen isurpenak» areagotuko dituelakoan.

Subflubialari Ez plataformaren manifestazioa, artxiboko irudi batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Subflubialari Ez plataformaren manifestazioa, artxiboko irudi batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko martxoaren 26a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko itsasadarreko bi aldeak batuko dituen tunelaren aurkako argudioen zerrendarako beste arrazoi bat du orain Subflubialari Ez plataformak, proiektu horren aurkako borrokan. Izan ere, 108 ikertzailek eta zientzialarik izenpetu dute plataformak proiektu horren aurka bultzatu duen «manifestu zientifikoa». Tartean daude EHUko eta Klima Aldaketaren Euskal Zentroko hainbat ikerlari. Zientzialari horien arabera, Lamiakoko itsasadar azpiko tunelak «berotegi efektuko gasen isurpenak» areagotuko lituzke, eta horrek kalte handia egingo lioke ingurumenari, planetaren berotzea eteteko gas horiek murriztea funtsezkoa den honetan.

Bi argudio erabilita iritsi dira ondorio horretara ikerlariak. Batetik, tunelaren eraikuntzan «44.678 tona karbono dioxidoren baliokidea» isuriko dela kalkulatu dute, eta, bestetik, autobide berriak trafikoa areagotuko duela argudiatu. Azken puntu hori, nabarmendu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak berak ere onartu du, foru erakundeak argitaratu dituen aurreikuspenetan zera erakusten baita, tunelak trafikoan %33ko gorakada eragingo lukeela. Horrek eragingo lukeen berotegi efektuko gasen isuria «gehiegizkoa» dela iritzita, «ibai azpiko autobidearen eraikuntza eteteko» eskatu dute, eta proiektu horretarako aurrekontuetan jasotako 500 milioi euroak «mugikortasun iraunkorreko politiketan» inbertitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!