Larri, baina ez itota

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzetako larrialdi zerbitzuen simulakroa egin dute.

Sorosleak, Arenako hondartzako simulakroan, Muskiz eta Zierbena artean. IREKIA
Sorosleak Arenako hondartzako simulakroan, Muskiz eta Zierbena artean. IREKIA
Ibai Maruri Bilbao.
ZIERBENA
2026ko uztailaren 8a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arenako hondartza, Zierbena eta Muskiz artean. Oraintsu hasi dira sorosleak beharrean. Begiralekutik gizonezko bat ikusi dute uretan, urrunean, eta itotzen ari den susmoa dute. Arin batean joan dira haietako bi bainularia dagoen lekura, uretako motorra hartuta. Motorraren atzeko aldean lotuta dagoen erreskate plataformara igo dute, itsasertzera ekartzeko asmoz. Ailegatzerako, zain dute quad bat, gizona sorospen postura eroateko. Konortea galduta dago. Han egin dizkiote lehen erreanimazio lanak, Osakidetzako anbulantziakoak iritsi bitartean. Egonkortu dutenean, anbulantziara eroan dute. Dena gertatu aurretik, sorosleek megafonia zerbitzutik ohartarazi dute simulakroa egingo zutela. «Horrelako ariketak garrantzitsuak dira, bermatu nahi dugu-eta larrialdiren bat izanez gero modu eraginkorrean, azkar eta koordinatuta lan egingo dugula», esan du Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritza Sustatzeko Bizkaiko foru diputatuak.

Hondartzetako larrialdietan zer ikusia duten eragile guztiek parte hartu dute goizean egindako simulakro ariketetan. Hondartzako sorospen zerbitzuek uretatik atera duten gizonezkoa ez ezik, beste bat ere erreskatatu du Ertzaintzaren itsasontziak uretatik. Normalean, hareatzetan izaten diren larrialdietan bertako sorospen zerbitzuek parte hartzen dute, eta ertzainek soilik kasu larriagoetan eta itsas zabalean, amildegietan edo portu inguruetan izaten  direnetan. Hala ere, gaur denen funtzionamendua probatu dute. Ertzaintzak Zierbenako portura eroan du itotzen ari zen beste gizonezkoa.

%33

Uretan egindako erreskateak zenbat gehiago izan ziren iaz. 2025eko ekainaren 1etik irailaren 30era 256 lagun erreskatatu zituzten Bizkaiko hondartzetan; 2024an baino %33 gehiago dira. Gehienak (198) ur korronteak itsasertzetik urrundu eta itzuli ezinik geratutako bainulariak izan ziren. Beste 50 nekeak jota zeuden, eta ez zuten hondartzara igeri itzultzeko indarrik. Guztira 2.200 lagunetik gora artatu zituzten Bizkaiko hondartzetan, batez ere zauriak egin zituztelako edo erori egin zirelako. 

Beste proba bat ere egin dute. Galipot isuri baten arrastoak agertu dira hondartzan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko teknikariak joan dira, lagin bat hartu eta galipota zela baieztatzera. Gero, Bizkaiko Foru Aldundiko hondartzetako garbiketa zerbitzuko makina bat bertaratu da, langile birekin, COVID-19aren pandemian hain ezagun egin ziren norbera babesteko ekipamendu zuri haietakoak aldean zituztela. Eskuareekin galipota bildu, bidoi batean sartu, zigilatu eta eroan egin dute. Larrialdi zerbitzuetako arduradunek argitu dute horrelako isuriak «ezohikoak» direla, eta itsasontziek erregaia galtzean agertu ohi direla hondartzetara. 

Atutxa diputatuak eta Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuorde Joana Egiluzek bertatik bertara ikusi dute guztia. Baina baita pantaila erraldoi baten bitartez ere: Ertzaintzaren drone batek ariketa guztien irudiak hartu ditu ditu zerutik. «Larrialdi egoera batean erabakiak hartu behar dituztenei lana errazten zaie irudi horien bidez», azaldu du sailburuordeak. Larrialdi zerbitzuetako arduradunek arretaz erreparatu diete pauso guztiei, ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zer hobetu behar den.

Larrialdi simulakroa, Arenako hondartzan, gaur. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Larrialdi simulakroa, Arenako hondartzan, gaur. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Atutxak nabarmendu duenez Bizkaiko erabiltzaileek «nota oso ona» eman ohi diote hondartzetako zerbitzuari. «Balorazio on hori urte osoko lanaren emaitza da, eta horregatik dira garrantzitsuak honelako ariketak». Hala ere, gogorarazi du segurtasuna «norberarengan» hasten dela. Sorosleen eta hondartzainen aginduei kasu egiteko eskatu dute, haiek ipinitako banderak errespetatzeko, eta arreta jartzeko Euskalmetek eguraldiari eta itsasoaren egoerari buruz egiten dituen iragarpenei. Arduraz jokatzeko deia egin dute, azken batean. «Prebentzioa da istripuen kontrako neurririk eraginkorrena», nabarmendu du Egiluzek.

Uda honetan igarri dute jende asko joaten ari dela hondartzara denboraldia hasi zenetik, beroalditik ihesi. «Jendetza» aipatu du Atutxak. Hala ere, ez dute daturik bildu jakiteko sorospen zerbitzua martxan hasi aurretik eta bukatu ondoren ohi baino jende gehiago joaten den edo ez, eguneko ordu beroenei ihesi. «Sorospen zerbitzua martxan dagoenean, segurtasuna handiagoa da. Beraz, gure gomendioa da sorosleak dauden orduetan etortzea hondartzara», adierazi du diputatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA