«Oso ona» izan zen iazko urtea Bizkaiko Elikagai Bankuarentzat. 15.000 bizkaitar inguru lagundu behar izan zituen; 2024aren aldean, laurden bat gutxiago dira. Baina tranpa du bilakaera horrek. Ez da bizkaitarren egoera sozioekonomikoa nabarmen hobetu delako izan. Luis Crovetto presidentearen esanetan, Europako Batasunak martxan jarritako programa baten ondorio izan da. Pobrezia egoera larrian dauden familiei hilean 130 eta 220 euro arteko laguntzak ematen hasi zen iaz, programan parte hartzen duten supermerkatuetan elikagai freskoak eta higienerako produktuak erosteko. Horri esker, Bizkaiko Elikagai Bankuaren beharra izan dutenen kopurua gutxitu da, Crovettoren esanetan. «Guk eskaini ahal geniena baino laguntza hobea jasotzen dute orain».
Jende gutxiago lagundu behar izan dutenez, lagundu dituztenei arreta hobetu dietela ere nabarmendu du presidenteak. «Oinarrizko dieta hobetzeko» dirua izan dute. Besteak beste proteina ugaritu dutela azaldu du. Urteko biltzar nagusia egin du Bizkaiko Elikagai Bankuak gaur, eta han eman ditu datuak Crovettok.
Espainiako Elikagai Hondakinak Prebenitzeko Legeaz ere egin du berba. Datorren astean sartuko da indarrean. Ordutik, elikagai kateek, jatetxeek eta catering enpresek ezingo dituzte soberakinak bota; elikagai bankuei eta antzeko eragileei eman beharko dizkiete. Bizkaiko Elikagai Bankuak janari gehiago jasoko du aurrerantzean, baina Crovettok esan du kozinatutako jateko asko ere egongo dela eta ez dutela jakingo harekin zer egin. Bankuaren funtzionamenduan aldaketak eragingo ditu. Besteak beste elikagaiak jasotzeko prozesua digitalizatzen ari dira, gero banaketa ere eraginkorragoa izan dadin.
Crovettok kezka agertu du Ekialde Hurbileko gatazkak ekonomian izan dezakeen eraginagatik. Uste du horren ondorioz balitekeela jende gehiago joatea laguntza eske. Elikagaien prezioak ere arduratuta dauka. Esaterako, arrautzak, azukrea, esnea eta kakaoa «izugarri» garestitu direla esan du.