Azkenaldian gizakiekin egon den arren, mesfidati begiratzen die inguruan dituenei. Horrelakoa da haien sena. Luze egiten ari zaio itxaronaldia, baina argazkilariek eta kamerariek irudirik onenak egin gura dizkiote. Zertan dabiltzan jakingo balu bezala, batzuetan objektiboari begiratzen dio adi-adi. Urduri dago: «Bihotzaren taupadak nabaritzen dizkiot», kontatu du Arantza Atutxa Bizkaiko Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatuak. Eta besoak gorantz altxatuta, askatu egin du esku artean duen zapelatz arrunta. Hegaldiari ekin dio, hegoetako batean hartu zuen kolpearen ondorioak ahaztuta. Baina ez da urrunegi joan, oraindik ez baitu bizileku berria ezagutzen. Udazkenak okre kolorez jantzi dituen arboletako batean pausatu da. Haren atzetik, beste hiru: Bizkaiko Foru Aldundiak Gorlizko fauna basatia sendatzeko zentroan artatutako lau zapelatz arrunt askatu ditu gaur goizean Urkiolako santutegiaren ondoan.
Gazteak dira laurak ere, aurten jaiotakoak. Hiru eme eta ar bat. Bilbon, Zallan, Karrantzan eta Gernika-Lumon topatu zituzten, makalik. Haietako batek kolpe bat hartu zuen. Besteak ahulduta aurkitu zituzten. «Gazteak dira, esperientzia gabeak. Oraindik ez dakite ehizatzen, eta jan gabe egoten dira hainbat egunez. Agian ekaitzen batek ere harrapatzen ditu», azaldu du Victor Pardo Basalaneko teknikariak. Gorlizko zentroan, lehenengo erizaindegian izaten dituzte. «Jaten ematen diegu, fluidoterapia lehenengo, eta apurka oilasko bularra eta antzekoak. Suspertu direla ikusten dugunean, hegaztitegira pasatzen ditugu, giharrak sendotzeko; eta bizirik dauden animaliak ematen dizkiegu jateko, ehizatzen has daitezen. Prest daudenean, askatu egiten ditugu».

Diputatuak kontatu duenez, gaurko laurak kontuan izanda aurten hamar zapelatz arrunt askatu dituzte Bizkaian. «Metalezko eraztun bat ere ipini diete, identifikatzeko eta gero nondik nora dabiltzan jakin ahal izateko», azaldu du Atutxak. Gorlizen artatutako hegazti guztiekin egiten dute hori: miruak, hontzak, urubiak, belatzak, belatz handiak, apo hontzak, gabiraiak eta zikoinak, besteak beste. Ugaztunak ere artatzen dituzte, suspertzean askatzeko: fokak, muxarrak eta satitsuak, kasurako. Batzuetan Basalaneko langileek edo basozainek topatzen dituzte, baina askotan herritarrek deituta izaten dute zauritutako animalien berri.
Ainhoa Unibaso Gorlizko zentroko albaitariak azaldu duenez, Urkiolako natur parkea leku ezin hobea da gaur askatu dituzten lau zapelatzentzat. Izan ere, hegazti harrapari hori ohikoa da Bizkaian. «Sarri ikusten dira, argindar posteetan». Zentrora sarrien iristen zaizkien hegazti motetako bat ere badira, kolperen bat jaso dutelako edo ehiztariren baten tiroak harrapatu dituelako. Ugaztun txikiak jaten dituzte: saguak eta satorrak, berbarako. Eta halakorik ez zaie faltako inguru haietan. Erraz jabetuko dira diputazioak eman dien bizileku berriaz.