Musikaria eta banda zuzendaria

Aritz Labrador: «Lekeitiok musika tradizio itzela du, eta, horregatik, ilusio handiz hartu dut banda zuzentzeko proiektua»

Aritz Labrador da Lekeitioko bandaren zuzendari berria. Bi urteko etenaldiaren ondoren berriz ere ekin diote proiektuari, eta gaur eskainiko dute lehen emanaldia.

Aritz Labrador Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aritz Labrador Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paula Marques
2026ko azaroaren 27a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aritz Labrador (Zornotza, 1997) beti egon da folkloreari lotuta. Oso gaztea zela hasi zen musika munduan: hasieran euskal dantzetan ibili zen, baina txistua gustatu zitzaion. Hori dela eta, musika eskolan sartu nahi izan zuen, eta, pare bat urte itxaron ondoren, lortu zuen. Han irakasle zuenak egin zion kontserbatoriora sartzeko proposamena. Kasu egin zion, eta gradua egin zuen Bilbon. Hala ere, EHUn sartu zen Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua ikastera. Baina lehen urtea bukatzean konturatu zen ez zuela laborategi baten lan egin nahi, eta Txistu eta Zuzendaritza graduak egin zituen Musikenen. Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra zuzendu ditu, besteak beste. Zornotzako eta Areatzako udal musika banden zuzendaria da. Orain baita berreskuratu berri duten Lekeitiokoarena ere: gaur eskainiko dute lehen kontzertua, 20:00etan, Andre Mariaren basilikan.

Zer gustatzen zaizu gehien: zuzendari edo musikari lanetan ibiltzea?

Asko gustatzen zaizkit biak, eta uztartu egiten ditut. Lan oso ezberdinak dira, bat indibidualagoa eta bestea kolektiboagoa. Nire ametsa bien arteko oreka bat lortzea da. Gaur egun, musika jotzaile moduan nago Donostiako Txistulari Bandan, eta, aldi berean, musika bandak zuzentzen ditut. Hala ere, sentitzen dut zuzentzeko orduan oraindik asko daukadala ikasteko.

Euskadiko Orkestra eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzendu dituzu, zer sentitu zenuen orkestren aurrean lehen aldiz jarri zinenean?

Musikenen praktika pilo bat egiten genituen orkestrak zuzentzeko, eta bi astean behin orkestra bat edukitzen genuen gure aginduetara. Hori zorte handia izan zen. Gero, Euskadiko Orkestran Robert Trebiñorekin oso gustura egon nintzen. Bestalde, Bilboko orkestratik ganbera denboraldiko programa bat zuzentzeko deitu zidaten, eta gradu amaierako azterketa ere bertan egin nuen. Beti hurbiletik ikusi dudan orkestra bat izan da, eta itzela da horrelako jendearekin lan egitea.

«Gogo handiz hartu dut bandaren ardura, musikari lotutako kultura aberatsa baitago Lekeition eta babestu egin behar baita»

2019an, Zornotzako Musika Banda berreskuratzeko proiektua jarri zenuen martxan. Nola sortu zen ideia eta zer sentitu zenuen lortu zenutenean?

Musikenen nengoela, Zornotzako txistulari zaharren inguruko ikerketa bat egin genuen, eta orduan sortu zen ideia. Aztertzen hasi nintzenean konturatu nintzen txistulari batzuek musika bandan ere jotzen zutela. Horrek jakin-mina sortu zidan, eta, zuzendaritzan hasi berria nintzenez eta grina hori neukanez, pare bat lagunek ekimena hartu genuen banda berriz ere martxan jartzeko. Udalari aurkeztu genion proiektua, eta asko lagundu ziguten. Hala ere, pandemia garaian hasi ginen, eta lehenengo urratsak ez ziren errazak izan. Gero oso ondo joan zen, eta gaur egun kontzertuetara jende asko joaten da; sarrera guztiak saltzen dira

Orain, Lekeitioko bandaren zuzendari izendatu zaituzte. Nola jaso zenuen albistea eta zer da zuretzat?

Ia zazpi urte daramatzat Lekeitioko Musika Eskolan lanean, txistu irakasle. Herria asko ezagutzen dut, eta musika tradizio itzela du. Horregatik, ilusio handiz hartu dut proiektua. Gainera, musika eskola publiko egin dute aurten, eta udalak banda berpiztu nahi izan du musika eskola barruan. Ni bertan lanean ari nintzenez eta zuzendaria naizenez, zuzendaritza eskaini zidaten. Gogo handiz hartu dut proiektua, musikari lotutako kultura aberatsa baitago Lekeition eta babestu egin behar baita. Gainera, tradizioa eta ondarea ere zaindu behar dira; horregatik, artxibo historiko bat jarriko dugu abian. Izan ere, balio handiko artxiboa dute Lekeition; bandatik Euskal Herriko puntako zuzendariak pasatu dira, eta moldaketa eta obra pilo bat idatzi dituzte bandarako. Horien artean Feliciano Beobide dago, Athleticen ereserkiaren oinarrian dagoen musikaren konpositorea.

Zer erronka eta helburu dituzu etapa berri honetarako? Zer eskaini nahi diezu Lekeitioko herritarrei?

Orain garrantzitsuena da banda martxan jartzea eta berritzea, gaur egungo eskakizunetara doituz. Bereziki garrantzitsua da herrian zerbitzu bat eskaintzea, behar denean banda hor egoteko. Nire ustez, hori da banden zereginetako bat. Artistikoki ere balio handiko programa eta kontzertuak eskaintzea da helburua, herriko programa aberasteko.

«Asko gustatuko litzaidake zuzendaritzari dagokionez salto bat eman eta maila profesionalean dauden taldeekin lan egiteko aukera izatea. Adibidez, Euskadiko Orkestrarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta halakoekin»

Bizkaiko hiru banda zuzentzen ari zara aldi berean: Zornotzakoa, Areatzakoa eta Lekeitioa. Nola antolatzen zara?

Zortea daukat: pertsona antolatua naiz. Gainera, herri bakoitzak bere egutegia du, eta hiru bandak osagarriak dira. Beraz, egutegiak izan daitezke oztoporik handiena, baina, lan eginez gero, beti dago denbora.

Badaukazu beste proiekturik esku artean?

Orain disko bat grabatzen ari gara Durangoko Silboberri txistu elkartearekin. Elkarteak XXI. mendeko ikuspegi bat ematen dio txistu munduari, eta lan batzuk egiten ditut haiekin. Hiru urtez ibili gara Rodrigo Santiago konpositorearen monografiko bat grabatzen, eta hiru disko aterako ditugu urte bukaeran. Esango nuke horrekin eta Lekeitioko bandarekin momentuz nahikoa lan dudala.

Etorkizunera begira, badaukazu amets profesionalik edo oraindik gauzatu gabeko proiekturik?

Asko gustatuko litzaidake zuzendaritzari dagokionez salto bat eman eta maila profesionalean dauden taldeekin lan egiteko aukera izatea. Adibidez, Euskadiko Orkestrarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta halakoekin. Bandekin lan egiten dudanean ere oso gustura nago, baina maila amateurrean ari gara. Horregatik gustatuko litzaidake egunen batean salto hori egitea; ez dakit noiz izango den, ezta gertatuko den ere, baina nire ametsetako bat da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA