Lemoizko zentralaren eremurako beste industria proiektu bat aztertzen ari dira

Akuikulturari lotutako ikerketa eta ekoizpen poloa «bide onean» doala esan du Bizkaiko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak.

Lemoizko zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Lemoizko zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 25a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dute arrakasta handirik izan oraingoz. Uribe Kostako eta Mungialdeko hainbat alkatek entzute prozesu bat eskatu zuten joan den astean, herritarrek eta gizarte eragileek ere iritzia eman ahal izan dezaten Lemoizko zentralaren eremuan zer egin erabakitzeko. Gaur, kontrol saioa egin dute Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumoko Batzar Etxean, eta Lemoizerako dauden asmoen inguruan galdetu dio EH Bilduk diputazioari. Eusko Jaurlaritzak akuikulturari lotutako ikerketa eta ekoizpen polo bat iragarri zuen aspaldi. Ainara Basurko Sustapen Ekonomikorako diputatuak esan du asmo hori «bide onean» doala, «hainbat pauso» eman direla. Gainera, aurreratu du beste proiektu bat aztertzen ari direla.

«Eremu zabala dago, eta arrain haztegia bateragarria da industria arloko beste proiektu batzuekin», adierazi du Basurkok. Bigarren egitasmoa «konfidentziala» da gaur egun, sustatzaileak hala eskatu baitu. Oraingoz, «ikerketa fasean» dago.

EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak ohartarazi dio Lemoiz industrialde bat baino gehiago izan beharko litzatekeela, eta beste erabilera batzuk ere kontuan hartzeko eskatu du. Eskualdeko hautetsien eskaera babestu du.

Bizkaiko Batzar Nagusietako kontrol saioa, gaur, Gernika-Lumoko Batzar Etxean. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusietako kontrol saioa, gaur, Gernika-Lumoko Batzar Etxean. BERRIA

Beste gai batzuez ere egin dute berba gaurko bilkuran. Koalizio subiranistak garraio publikoko sisteman ezarriko den zonifikazio berriari buruzkoak jakin gura izan ditu. Aurten egin beharreko hobekuntzetako bat da, baina oraindik ez du datarik. Bizkaiko Foru Aldundiak ez du zehaztu noiz sartuko den indarrean Bizkaibusen. Sonia Perez Ezkerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak Renferen aldiriko trenekin lotu du: garraio mota guztietan estreinatu gura du aldi berean, eta trenak prest egon arte itxarongo dute autobusek. Diputatuak esan du alde teknikoa dagoeneko prest dutela.

Zonifikazio berriarekin, bost zonatan barik hirutan banatuko da Bizkaia, garraio publikoko zerbitzua «sinplifikatzeko, bidezkoago bihurtzeko eta erabiltzaileentzat ekonomikoagoa izateko». Hain zuzen, hamar joan-etorritik bederatzitan gaur egun bezainbeste edo gutxiago ordaindu beharko dute Barik txartelarekin ordaintzen duten bidaiariek. Merkatze horri aurre egiteak 3,5 milioi euroren kostua eragingo diputazioari urtero; hau da, gaur egun bidaiengatik kobratzen duenaren %10 pasatxo.

Perez Ezkerrak gogoratu du «beste hobekuntza» batzuk ere egingo dituztela ondoren. Berbarako, garraiobide batetik bestera aldatzea doakoa izango da legealdia bukatu aurretik, eta erabilera maiztasuna eta bidaiariaren errenta kontuan hartuko dituen tarifa sistema bat sortuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.