Lemoizko zentralari buruzko entzute prozesu bat eskatu dio Uribe Kostako Mankomunitateak Jaurlaritzari

Inguru hartan zer egin erabaki aurretik, herritarren eta eragileen iritzia zein den jakin gura dute. EH Bilduren eta independenteen ekimenez egin dute eskaera; EAJk ez du babestu.

Unai del Burgo Sopelako alkateordea, Iker Elorriaga Fruizko zinegotzia, Itziar Iratzagorria Urdulizko alkatea, Mikel Larrazabal Gatikako alkatea, Jesus Mari Arizmendi Lemoizko alkatea eta Aitor Garagarza Plentziako alkatea, gaur. O. MATXIN EDESA / FOKU
Unai del Burgo Sopelako alkateordea, Iker Elorriaga Fruizko zinegotzia, Itziar Iratzagorria Urdulizko alkatea, Mikel Larrazabal Gatikako alkatea, Jesus Mari Arizmendi Lemoizko alkatea eta Aitor Garagarza Plentziako alkatea, gaur. O. MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko otsailaren 20a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lemoizko zentral nuklearra izateko eraiki zen porlanezko azpiegitura erraldoia hilotz dago 1980ko urteetatik. Tarteka egiten dira hura zerbaitetarako erabiltzeko proposamenak, askotariko jarduerekin lotutakoak: industria, ingurumena, ondarea, artea, kultura eta memoria, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak esku artean du han arrain haztegi bat jartzeko proiektua. Uribe Kostako Mankomunitateak «eztabaida kolektibo bat» abiatzea gura du zer egin adosteko, eta hori eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Euskal Herriko Unibertsitateak gidatuko luke. «Herritarren parte hartzearekin eta irizpide publikoekin» haren etorkizuna definitu gura dutela esan du Lemoizko alkate Jesus Mari Arizmendik.

Berez, iazko ekainean onartu zuten eskaera mankomunitatearen osoko bilkuran, baina gaur egin dute aldarrikapena jendaurrean, Uribe Kostako eta Mungialdeko zenbait hautetsik egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzari orduan jakinarazi zioten erabakia, posta elektronikoz, eta bilera bat eskatu zioten. Bide beretik jaso zuten erantzuna ere. Ez da bilerarik egon, eta gobernuak esan zien eurek dagoeneko badaukatela erabaki bat hartuta. «Esan ziguten eskumena eurena dela eta eurek hartzen dituztela erabakiak», azaldu du Lemoizko alkateak.

«[Eusko Jaurlaritzakoek ] Esan ziguten eskumena eurena dela eta eurek hartzen dituztela erabakiak»

JOSE MARI ARIZMENDI Lemoizko alkatea

Mankomunitatearen adierazpen hura gehiengo osoz onartu zen, baina EAJko ordezkarien aurkako botoa jaso zuen. Hautetsi jeltzaleek zalantzan jarri zuten halako zerbait mankomunitatearen eskumenekoa ote den; Lemoizko Udalaren kontua zela adierazi zuten. Gaurko agerraldian ere igarri da desadostasun hori. Uribe Kostako Mankomunitatetik, Lemoizko, Plentziako eta Urdulizko alkateak eta Sopelako alkateordea joan dira; guztiak, EH Bildukoak. Mungialdetik, Gatikako alkatea —Gatikako Talde Independenteko kidea da, eta EH Bildurekin dago koalizioan— eta Fruizko udal gobernuko zinegotzi bat (EH Bildu) egon dira. «Guk alkate guztiak gonbidatu ditugu; batzuek onartu egin dute gonbidapena, eta etorri dira», esan du Plentziako alkate eta mankomunitateko jarduneko presidente Aitor Garagarzak. Agerraldira joan ez diren arren, Uribe Kostako Gorlizko alkate independenteak —EH Bildurekin dago koalizioan— eta Mungialdeko Bakioko eta Meñakako alkateek ere —biak EH Bildukoak— babestu dute Uribe Kostako Mankomunitatearen eskaera.

«Guk alkate guztiak gonbidatu ditugu; batzuek onartu egin dute gonbidapena, eta etorri dira»

AITOR GARAGARZA Uribe Kostako Mankomunitateko jarduneko presidentea

Entzute prozesu «plural eta inklusibo bat» martxan jartzea gura du mankomunitateak. Ariketa horretan herritarrek eta gizarte eragileek hartuko lukete parte, baina baita hainbat diziplinatako teknikari eta adituek ere. Lemoizko alkateak «urrun joan gabe» topatu du egin gura duten horren adibidea; ez du zuzenean aipatu, baina Guggenheim museoa Gernika-Lumora eta Muruetara hedatzeko prozesuari lotuta erakunde publikoek Busturialdean bultzatu duten entzute prozesuaz ari zen. «Hemen ere eskatu nahi dugu herritarrek aukera izatea zentralaren eta haren ingurunearen etorkizunari buruzko eztabaidan parte hartzeko eta iritzia emateko», esan du Arizmendik.

Entzute prozesua gura duten hautetsiek ez dute zentralerako proposamenik egin. Uste dute ez dela horretarako garaia. «Guk gura duguna da zentralaren etorkizunari buruzko erabakirik hartu aurretik herritarrak eta eragileak entzutea. Prozesu horretan agente bakoitzak bere proposamena egin ahal izango luke; Eusko Jaurlaritzaren arrain haztegia ere bai, noski».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.