Goizean, eguerdian eta iluntzean. Egunean hiru tren Bilborantz eta beste hiru Bilbotik bueltan. Zerbitzu hori dute Karrantzan gaur egun, Santander (Kantabria, Espainia) eta Bizkaiko hiriburua lotzen dituen trenaren bidez. Maiatzaren 6tik aurrera, astegunetan beste bost tren ibiliko dira norabide bakoitzean —asteburu eta jaiegunetan, bat—. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Karrantza eta Aranguren (Zalla) lotuko dituen Renferen C-5 aldiriko trenen linea berria martxan ipiniko du datorren astean. Bilbon aurkeztu dute gaur.Â
Enkarterri barruko komunikazioa hobetuko du, eta Zallan C-4 lineara pasatuta, hiriburuarekiko komunikazioa ere errazago izango dute. Geltoki hauek izango ditu linea berriak: Karrantza, Villaverde Turtzioz, Artzentales, Traslaviña (Artzentales), Mimetiz (Zalla) eta Aranguren (Zalla). Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak esan duenez, Karrantzako bizilagunen aspaldiko eskaerari erantzungo diote linea berria martxan jarrita. «Bizkaiko hiriburuarekin eta Enkarterriko beste leku batzuekin trenbide bidezko lotura hobea eskatu dute urte luzez. Eusko Jaurlaritzak aldiriko tren zerbitzuaren kudeaketa eskuratu duenetik lehentasunetako bat izan da guretzat».
Linea sortu ahal izateko, lehenengo Adifek linea elektrifikatu behar izan du. Horri esker, aurrerantzean Bilbo eta Karrantza arteko ibilbide osoa trakzio elektrikoa duten trenetan egin ahal izango da; hau da, Renferen 436 seriekoetan. Aldirietako tarifak ordainduko dituzte bidaiariek, eta Barik txartela erabili ahal izango dute. Gainera, Renferen gainontzeko erabiltzaileek bezala, maiz bidaiatzen dutenentzako bonuak ere eskuratu ahal izango dituzte; urtea bukatu arte daude indarrean.