«Gurea herri txikia izan arren, ez dugu zertan kondenatuta egon oinarrizko zerbitzuak bermatuta ez edukitzera», ohartarazi du Aulestiko Herri Txikiak Bizirik plataformako kide Eneritz Elizburuk. Hainbat borroka izan dituzte, baina orain Aulesti eta Markina-Xemein lotzen dituen BI-2636 errepidea hobetzeko aldarrikapenari heldu diote. Estua dela diote, eta, ondorioz, arriskutsua. Uda osoan hainbat argazki jarri dituzte sare sozialetan, bide horretan bi noranzkoetan doazen ibilgailuek topo egiten dutenean sortzen diren arazoak erakusteko. Errepidean ere zabaltzeko eskatzen duten kartelak ipini dituzte. Joan den zapatuan agerraldia egin zuten Aulestin: abiatu berri duten sinadura bilketa aurkeztu zuten. Kamiseta batzuk ipini dituzte salgai, kanpaina ezagutarazteko eta finantzatzeko dirua biltzeko. Bihar, herriko jaiak aprobetxatuta, elkarretaratzea egingo dute.
Aulestiarrek gertuen duten herri nagusia da Markina, eta, beraz, ezinbestean egin behar dituzte joan-etorriak errepide horretatik. Besteak beste, handik joaten dira herritar asko beharrera, ikastera —DBHtik gorako ikasketak Markinan egiten dituzte aulestiarrek— edo hainbat zerbitzu publiko jasotzera. Elizburuk esan duenez, «zorionez» ez da istripu larririk gertatu. «Pasatzen den egunean, herri guztiak negar egingo du».
Leku askotan, aurrez aurre topo egiten duten auto bi nekez pasatzen dira elkarren albotik. Baina bide horretatik autoak baino gehiago dabiltza, eta tamainaz handiagoak, gainera: umeak ikastetxeetara eroaten dituzten autobusak, banatzaileen furgonetak, kamioiak... «Tarte horretan, hiru harrobi daude, eta egunero trailerrak dabiltza atzera eta aurrera. Bi auto gurutzatu ezin diren lekuetan, imajinatu trailerrak edo autobusak zelan pasatuko diren. Zirku bat izaten da: denak geldirik, atzera eginez, leku zabaltxoago bat topatzeko».
«Bi auto gurutzatu ezin diren lekuetan, imajinatu trailerrak edo autobusak zelan pasatuko diren. Zirku bat izaten da»
ENERITZ ELIZBURU Aulestiko Herri Txikiak Bizirik plataformako kidea
Elizburuk gogoratu duenez, duela urte batzuk Lekoitz gainetik Markinarainoko zatian errepidea zabaltzeko proiektua aurkeztu zuen Bizkaiko diputazioak. Bidearen erdia inguru litzateke, eta, beraz, ez konponbidea, plataformakoen arabera. Baina asmo hura ere ezerezean geratu zen. «Bidea neurtzen ibili ziren, eta markatzen hasi ziren. Esan ziguten diputazioko bideetako teknikaria aldatu zela eta proiektua galdu egin zela. Ez sinestekoa». Udaberrian Aulestiko eta Markinako alkateak diputazioko ordezkariekin bildu ziren, eta, haiek galdetuta, aldundikoek esan zieten ez zekitela proiektu hura egon zenik ere, Elizbururen arabera.
Markinara joateko modu bakarra, bada, bide hori eta auto partikularra dira. Izan ere, ez dute biak lotzen dituen garraio publikorik. Hori da plataformakoek bultzatuko duten beste aldarrikapena. Neguan hasiko du diputazioak Bizkaibus berritzeko eta zerbitzu berritua esleitzeko prozesua, eta bi herriok lotuko dituen autobus zerbitzu bat eskatuko dute. «Badakigu zer esango diguten: bide horretatik ezin dela pasatu. Badakigu! Zabal dezatela!». Autobus handi bat jarri ezin bada txiki batek ere euren premiak beteko dituela esan du Elizburuk.
Medikua falta
Aulestiarrak herrian mediku barik geratu dira azken bi udetan, eurenean egoten denak oporrak hartu dituenean ez baita ordezkorik izan. «Modu ez-ofizialean esan digute datorren urtean edo hurrengoan, erretiroa hartzen duenean, gehiago ez dugula medikurik izango».