Martxoaren 8ra arte eman daiteke izena II. Señeak Bizkaia rock campuserako

Parte hartu gura duten 14 eta 17 urte arteko neska-mutilek pare bat bideo labur egin beharko dituzte zer musika gaitasun duten erakusteko.

Leixuri Arrizabala Kultura diputatua, Señeak elkarteko Alex Sardui eta Ekain Alzola, Lauaxeta ikastolako zuzendari Aitor Pagaldai eta iazko campusean parte hartu zuten Ekain eta Irati gazteak, atzo, Bilbon. BERRIA
Leixuri Arrizabala Kultura diputatua, Señeak elkarteko Alex Sardui eta Ekain Alzola, Lauaxeta ikastolako zuzendari Aitor Pagaldai eta iazko campusean parte hartu zuten Ekain eta Irati gazteak, atzo, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 17a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 5etik 10era egingo da Señeak Bizkaia rock campusaren bigarren aldia, Señeak elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta. Helburua da herrialdeko gazteei musika talentua garatzen laguntzea. Musika ikasketak egiten ari diren edo musikarako trebetasun bereziak dituzten 14 eta 17 urte arteko neska-mutilek seneak.eus webgunearen bidez eman ahal izango dute izena martxoaren 8ra bitartean. Datu pertsonalak ematearekin batera, pare bat bideo labur bidali beharko dituzte, haien trebetasunak erakusteko.

Iaz bezala, aurten ere Zornotzako Lauaxeta ikastolan egingo dute campusa. Bost gau eta sei eguneko egonaldia izango da. Jardunaldia bi zatitan banatuta egongo da; goizez ikaskuntza landuko dute —teoria musikala, praktika instrumentala, sorkuntza artistikoa...— eta arratsaldez aisialdiko jarduerak egingo dituzte —irteerak, kirol saioak, talde lanak…—.

Berritasun moduan, musikari gazteek beste laguntza bat izango dute bizitza pertsonalerako eta musikalerako trebeziak lantzeko. Izan ere, antolatzaileen esanetan, garapen pertsonalerako tresna eraginkorra ere bai baita musika. Presioa eta espektatibak kudeatzen eta autokritika egiten ikasiko dute, besteak beste. Gainera, musika ikasle eta goi mailako profesional erreferenteekin elkartzeko guneak izango dituzte. Helburua da campusean parte hartuko duten gaztetxoen hazkunde artistikoan laguntzea, garapen pertsonala ere zainduz.

«Maila bikaina»

Lehen campusaren arrakasta ikusita jaio da bigarrena, Leixuri Arrizabala Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuaren esanetan. «Hasieratik ilusioa piztu zigun proiektuak, kontzeptu asko batzen dituelako: gazteria, talentua, kultura, musika, adiskidetasuna, esperientzia barriak... Baina lehen taldearekin bizitakoak beste maila bateraino eraman zuen proiektua, aurreikuspenak gainditu baitziren». Lehen topaketa hartan parte hartzeko laurogei gazte baino gehiagok eman zuten izena.  

Señeak elkarteko kide eta Gatibuko kide izandako Alex Sarduik kontatu duenez, hasieran aurreikusi baino gazte gehiago aukeratu zituzten campuserako, «maila artistiko bikaina» erakutsi zutelako. Hala, 23 neska-mutilek igaro zuten Pazko asteko oporraldia Lauaxeta ikastolan. «Gure aurreikuspenak gainditu ziren. Gazteak ikasteko gogo handiarekin etorri ziren, eta horrek lana asko erraztu zigun. Aste bizia izan zen, eta prestakuntza eta esperientzia musikal oso aberasgarri eta emankorra jaso zuten», gogoratu du Sarduik.

Gatibuko musikari ohi eta Señeak elkarteko kide Ekain Alzolak parte hartzaileen artean sortutako harremana azpimarratu du: «Musikarekiko pasioa zuten guztiek, eta hori funtsezkoa izan zen guztion artean giro ona egoteko. Asko landu zuten garapen pertsonala, eta erronka berriei aurre egin zieten». Lauaxeta ikastolako begiraleak arduratu ziren aisialdiko jarduerak gidatzeaz. Ikastolako zuzendari Aitor Pagaldaik azpimarratu duenez, «harremanak estutzen, taldea indartzen eta konfiantza lortzen lagundu» zieten gaztetxoei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.