Metroaren laugarren linea eraikitzeko akordioa, «gertu»

Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak esan du Bizkaiko Diputazioarekin finantzaketa negoziatzen ari direla. Garraio publikoaren erabileraren gorakada nabarmendu dute erakundeek Europako Mugikortasun Astearen aurkezpenean.

Bilboko hegoaldeko auzoetako bizilagunak metroaren laugarren linearen proiektuaren aldeko elkarretaratze batean, Bilboko udaletxean, 2021ean. BERRIA
Bilboko hegoaldeko auzoetako bizilagunak metroaren laugarren linearen proiektuaren aldeko elkarretaratze batean, Bilboko udaletxean, 2021ean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko irailaren 10a
16:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Metroaren laugarren linea eraikitzeko akordioa «gertu» egon daitekeela esan du Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak. Orain finantzaketa negoziatzen ari dira Bizkaiko Foru Aldundiarekin. «Baikorra izan nahi dut. Uste dut akordio on bat lortuko dugula laster, Bilboko eta Bizkaiko hainbeste herritarren ametsa den proiektua bultzatzeko».

Bilbo hegoaldeko auzoak erdigunearekin lotuko dituen linea izango da laugarrena, eta ibilbidean aldaketa asko izan ditu. Azken urteetan aipatzen zutenaren arabera, Bilboko Abandoko geltokitik abiatuko zen trenbidea Irala eta Errekalde alderantz. Baina iaz Eusko Jaurlaritzak hasierako ibilbidera itzultzea proposatu zion diputazioari: hegoaldeko auzoak Moyuako geltokiarekin lotzea. Hasieran, uzkur hartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak aldaketa. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak esan zuen aztertuko zutela proposamena, baina baldintza garrantzitsu bat ipini zuen: linea horrek etorkizunean Enkarterriri ere zerbitzua ematea. Azkenean, joan den apirilean ibilbide hori hobetsi zuten erakunde biek. Garcia sailburuaren esanetan, Euskal Trenbide Sareak daborduko aurreratu ditu trenbidea eraikitzen hasteko proiektu batzuk; besteak beste, ikerketa informatiboa lehiaketara atera dute.

Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, Bilboko Udalak ondu duen egitarauaren aurkezpenean egin ditu adierazpenak sailburuak. Garciak alboan izan du Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatua. Garciak metroaren laugarren lineaz berba egiten zuela, Perezek baietz egiten zuen buruarekin. Hala ere, ez du gaiaz adierazpenik egin; Perez foru garraio publikoen arduraduna den arren, metroaren finantzaketa Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Sailaren eskumenekoa da.

«Mugikortasun unibertsala»

Irailaren 16tik 22ra egingo dute Europako Mugikortasun Astea Bilbon, Guztientzako mugikortasuna lelopean. Nora Abete Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziaren esanetan, mugikortasun jasangarria «ingurumen helburu bat baino gehiago» dela nabarmenduko dute: «Inklusiorako, ekitaterako eta bizi kalitaterako tresna bat ere bada. Horregatik ari gara mugikortasun unibertsalaz hitz egiten». Aste horretan, bada, «mugitzeko modu osasungarriagoak, eraginkorragoak eta eskuragarriak» ezagutu eta probatzeko aukera izango dute herritarrek. Egitarau mardula prestatu dute.

Probatuko den mugitzeko moduetako bat Lasai itsasontzi elektrikoa da, Abadiñon egindakoa (Bizkaia). Bilbao River Companyk halako bi erosi ditu, itsasadarrean eskaintzen dituen aisialdi eta turismo bidaietarako. Abetek azaldu duenez, enpresak hamasei emakida ditu itsasadarren bi ertzetan beste horrenbeste pantalan ipintzeko. Izan ere, Bilbao River Companyren asmoa da etorkizunean herritarren eguneroko garraiorako zerbitzua eskaintzea Bilbotik Abrara arteko zatian.

Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatua, Nora Abete Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzia eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburua, gaur, Bilbon. BERRIA
Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatua, Nora Abete Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzia eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburua, gaur, Bilbon. BERRIA

Udalak gura du bilbotarrek gogoeta egin dezatela mugitzen diren moduaren inguruan. Zinegotziak esan du azken urteetan aldaketa «nabarmena» izan dela. Esaterako, iaz 192 milioi joan-etorri egin ziren Bilbon garraio publikoan; hau da, 2023an baino 11 milioi gehiago. Hiriburuan dauden igogailu eta arrapala mekanikoetan 22 milioi bidaia egin zituzten oinezkoek. Mugikortasun Jasangarrirako sailburua ere «pozik» agertu da bere eskumeneko datuekin: aurten, ekainetik uztailera Euskotrenen Bizkaiko trenetan eta Bilboko tranbian hamabost milioi bidaia egin ziren.

Abeteren ustez, herritarrek kontzientzia hartu dute, baina erakundeek ere lagundu dute. Iruditzen zaio hiru faktorek izan dutela eragina garraio publikoaren erabileraren gorakadan: Espainiako Gobernuak eta foru aldundiak egindako deskontuek, «kalitatezko zerbitzua eskaintzeko egin den esfortzuak» eta Bilbo erdigunea emisio gutxiko eremu izendatu izanak.

Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak adierazi du «sarritan gizartea administrazioen aurretik» joaten dela mugikortasun kontuetan. «Mugikortasun kolektiboa norbanakoarenaren aurretik ipiniko duten politikak bultzatzen» ari direla nabarmendu du: «Justizia soziala lortu nahi dugu: hiri humanoagoak eta osasuntsuagoak». Perezen esanetan, diputazioa bizikletaren aldeko apustua egiten ari da, besteak beste, Bizkaibizi herri arteko garraiorako bizikleten alokairurako zerbitzu publikoaren bitartez. Bilboko Udalak ere uda hasieran berritu zuen Bilbobizi zerbitzua, eta igarri da aldaketa erabiltzaile kopuruan: ekainetik irailera %55 handitu da bizikleten alokairua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.