Metroko tren berrietan bidaiari gehiago sartuko dira, eta sarriago ibili ahal izango dira

Jesarlekuak leihoen kontra ipiniko dituzte, eta 80-100 bidaiari gehiago kabituko dira tren bakoitzean. Trenak aluminiozkoak izango dira, arinagoak eta isilagoak; energia gutxiago kontsumituko dute, eta ate zabalagoak izango dituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Bilboko metroaren berritzea iragartzen, 2024an, Sopelan. IREKIA
Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Bilboko metroaren berritzea iragartzen, 2024an, Sopelan. IREKIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 15a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jesarlekuak leihoen kontra ipinita, bagoietan leku gehiago egongo da: 80-100 bidaiari gehiago sartuko dira tren bakoitzean. Behar denean, minutu eta erdian behin ibiliko dira; gaur egun, hori da tren batetik besterako denbora tarterik txikiena. Ondorioz, bidaiariei dagokienez, marka hausten jarraitu ahal izango du Bilboko metrokoak. Bizkaiko Garraio Partzuergoko Kontseilu Nagusiak zerbitzua berritzeko proiektua koordinatzeko eta integratzeko laguntza teknikoa kontratatzea onartu du gaur, eta, bide batez, etorkizuneko metroaren zertzelada batzuk ere eman ditu. Tren zaharrenak kendu —37 guztira—, eta berriak ipiniko dituzte. Berriek beste bagoi bat izango dute, bosgarrena, eta, hala, edukiera %12 handituko da. Era berean, seinaleztapen sistema modernizatuko dute. Aginte mahai zentralizatua ere eguneratuko dute.

Tren berriak energetikoki eraginkorragoak izango dira, material nagusia aluminioa izango delako: pisuari dagokionez, arinagoak izango dira, eta, ondorioz, energia kontsumoa ere %20 inguru txikituko da. Isilagoak ere izango dira, %15 eta %20 artean. Teknologia digitala ezarriko diete, mantentze lanak optimizatzeko eta erabiltzaileei informazioa zuzenean emateko. Esaterako, trenak zenbateraino dauden beteta jakin ahal izango dute bidaiariek. Horrez gain, ate zabalagoak izango dituzte, 1,60 metrokoak, irisgarriagoak izateko. Horri esker, trenera sartzea eta irtetea %25 arinduko da.

 

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusi eta garraio partzuergoko presidenteak esan duenez, ezaugarri tekniko berri horiek zehaztu ondoren, lehiaketa publikorako pleguak prestatzen hasiko dira. Haren esanetan, egingo duten inbertsioari esker «zerbitzu fidagarriagoa eta hobea» emateko aukera izango du metroak. Eusko Jaurlaritzak eta diputazioak 743 milioi euro ipiniko dituzte. Ez dute zehaztu aldaketak noizko egongo diren prest, baina gutxienez bost urte pasatuko direla aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA