Muruetako teila fabrika zaharra legez babesteko eskatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak

Eremua itsas-lehorren mugaldearen jabari publikoan sartzeko prozesua abiatu du Espainiako Kosta Zuzendaritzak.

Muruetako teila fabrika zaharra egondako orubea eta, haren atzean, Urdaibaiko itsasadarra, trenbidetik ikusita. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Muruetako teila fabrika zaharra egondako orubea eta, haren atzean, Urdaibaiko itsasadarra, trenbidetik ikusita. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 8a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsasoari itzuli diote berea duena: Espainiako Kosta Zuzendaritzak abian jarri du Muruetako teila fabrika zaharra zegoen eremua itsas-lehorren mugaldearen jabari publikoan sartzeko prozesua, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eskatuta. Orain, fabrikaren aztarnek han irautea gura dute, eta lege babesa eman diezaietela eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Muruetako Udalari. «Ez da baliorik gabeko hondakin bat. Industria memoria da, kultura paisaia da, eta Busturialdearen ondarea da», ohartarazi du plataformak.

Marea biziak dauden egunetan ikusten da noraino heltzen den itsasoa, zer den harena. 2024ko irailaren 19an itsasoak erakutsi zuen Muruetako teila fabrika zaharra berea duela, ura trenbideraino ailegatu zen eta. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak egindako eskaerari erantzunez, egun hartan Espainiako Kosta Zuzendaritzako teknikari bat egon zen Muruetan, bertatik bertara ikusteko zer gertatzen zen. Horri esker, joan den maiatzaren 5ean Kosta Zuzendaritzak martxan ipini zuen ia trenbideraino heltzen den lur zatia itsasoarena dela zehazteko prozesua. «Leku hori eta Muruetako ontziola oso-oso antzekoak dira geomorfologikoki. Beraz, teila fabrika itsasoa dela adierazteak bultzada bat emango luke legez esateko ontziola ere itsasoa dela», azaldu du plataformako kide Eider Gotxik.

Erabakia, ordea, ez da behin betikoa oraindik. Alegazioak aurkezteko epea zabalik egon da, eta Kosta Zuzendaritzak horiek aztertu beharko ditu orain. Tartean, Muruetako Udalarena, Gotxik nabarmendu duenez. «Esaten dute eremu hori eurena dela. Kosta Zuzendaritzak erantzun die baietz, Murueta dela eta Murueta izango dela aurrerantzean ere, baina kudeaketa Kosta Zuzendaritzari dagokiola, lur eremu hori itsasoarena delako». Izendapena behin betiko bihurtzeko bidea guztiz osatu gabe dagoen honetan, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak beste pauso bat eskatu die erakundeei: lege babesa eman diezaietela orube hartan dauden teila fabrika zaharraren aztarnei. Han daude oraindik, besteak beste, adreiluzko tximinia eta egosteko Hoffmann motako labea. Leku horrek «balio historikoa, industriala, arkitektonikoa, paisajistikoa eta kulturala» duela nabarmendu du plataformak.

Muruetako teila fabrika zaharreko tximinia eta Hoffmann motako balea, 2023an. ENDIKA PORTILLO / FORU
Muruetako teila fabrika zaharra zelakoa zen erakusten duen panela; atzean, tximinia eta Hoffmann motako labea. ENDIKA PORTILLO / FORU

Gotxik azaldu duenez, dagoeneko egin dituzte eskaerak zuzenean. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote multzoa babes bereziko kultura ondasun izendatzeko espedientea zabaltzeko. Bizkaiko Foru Aldundiari, berriz, eskatu diote aztarna multzoak ondare moduan duen balioa aztertzeko eta babes eta kontserbazio neurriak hartzeko. Muruetako Udalari eskatu diote tximinia, labea eta inguruko aztarnak Udaleko Ondasun Babestuen Katalogoan sartzeko. Lege babesa ezarrita, zaintza lanez ere arduratu beharko lukete. Izan ere, plataformak uste du teila fabrika zaharra arriskuan dagoela. «Izendapena aldatzean, Kosta Zuzendaritzaren gain egongo da kudeaketa, baina  aztarna horien zaintza, ostera, ez. Ez da haren egitekoa. Inork zaintzen ez baditu, gerta daiteke urte batzuk barru hondatzen hastea, eta Kosta Zuzendaritzak ikustea arrisku bat izan daitezkeela hara joango den jendearentzat. Beraz, baliteke botatzeko agintzea». Halakorik ez gertatzea nahi du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak. «Gero ere egin daiteke, baina abokatuek esan digute hobe dela Kosta Zuzendaritzak izendapena aldatu aurretik egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE