Musika arlotik euskarari egindako ekarpena aitortu dio Bilboko Udalak Zea Mays taldeari

Aiora Renteria abeslariaren esanetan, euskarak aukera eman die «gaztetxeetan hasitako abentura» mundu osora zabaltzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Zea Mays taldeko kideak, gaur, Bilboko udaletxean. BERRIA
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Zea Mays taldeko kideak, gaur, Bilboko udaletxean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko abenduaren 2a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarak gaur egun duen erronka nagusia erabilera da. «Nolabait, euskara alde guztietan entxufatu behar da», adierazi du Eider Inunziaga Bilboko Euskara zinegotziak. «Nork bere alorretik» egin behar du bultza, Juan Mari Aburto alkatearen esanetan. Horregatik, ia 30 urteko ibilbidean musika arlotik euskarari egindako ekarpena eskertu gura izan diote Zea Mays taldeari. «Adostu gabe, abestiak euskaraz egiten hasi ginen. Ez genuen gure artean hitz egin. Naturaltasunez egin genuen. Ez dakit erabaki politikoa izan zen, baina naturala, bai», gogoratu du Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak. Euskararen Eguna dela eta, ekitaldi instituzionala egin du Bilboko Udalak gaur, eta han izan dira Zea Mays taldeko kideak saria jasotzen.

Renteriarekin batera, Asier Basabe bateria jotzaileak, Ruben Gonzalez baxu jotzaileak eta Iñaki Imaz gitarra jotzaileak osatzen dute taldea. 1997an sortu zen Zea Mays, Bilbon. Uda hartan Euskadi Gaztearen VII. Maketa Lehiaketan saritu zen maketa grabatu zuten. Hura izan zen taldearen ibilbide arrakastatsuaren hasiera. «Ez genuen sekula pentsatuko lokaletan eta gaztetxeetan hasitako abentura hura holako eszenatoki berezi batera ailegatuko zenik», aitortu du Renteriak. Bereziki Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxeari egin gura izan dio gomuta: «Askotan faltan sumatzen dugun lekua da, guretzat oso garrantzitsua izan baitzen». Abeslariaren esanetan, euskara leku txiki bateko hizkuntza da, baina «erraldoia» aldi berean, mundu osoan kontzertuak eskaintzeko bideak ireki dizkielako.

Bilboko Udalak antolatu duen Euskararen Eguneko ekitaldia, gaur, Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan. BERRIA
Bilboko Udalak antolatu duen Euskararen Eguneko ekitaldia, gaur, Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan. BERRIA

Alkatearen esanetan, Bilboko Udalak udaletxeko Arabiar aretoa soilik ekitaldi eta egun gogoangarrietarako erabiltzen du, eta azpimarratu du egun horietako bat dela Euskararen Eguna. «Euskara gaur hemen gauden guzti-guztion kezka da. Egun guztietan, ordu guztietan udal honen eta alkate honen kezka da», adierazi du Aburtok. Azaldu du udalaren asmoa dela Bilbo gero eta euskaldunagoa izatea. Esan duenez, bide horretan, politika publikoak «funtsezkoak» dira hizkuntzak aurrera egin dezan. «Oso garrantzitsua da fokua eta nazioarteko arreta euskarara erakartzea».

Aburtok emandako datuen arabera, Bilbo da munduan euskaldun gehien duen hiria: 100.000 inguru. Haiei ere egin die berba alkateak. Esan die hizkuntza eskubideak dituztela, eta udalak euskaraz erantzungo diela. Kontzientziazio kanpaina bat abiatu zuten atzo, Udalarekin euskaraz izenekoa. «Bilbotarrak animatu nahi ditugu udalera euskaraz jo dezaten; horren garrantzia azpimarratu nahi dugu». Aburtoren esanetan, administrazioan euskararen erabilera indartzeko herritarren «laguntza» ere «ezinbestekoa» da. Horregatik, Eudelek Euskararen Egunerako proposatu duen adierazpen instituzionalari batu zaio Bilboko Udala, alkatearen ustez «lelotik hasita mezu ezin argiagoa duelako»: Euskara zugan, nigan, gugan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.