«Ontziak desegiteko aukera emango balitz, ez litzateke batere geratuko»

Jose Antonio Apraiz kapitainak Bermeoko baxurako ontzidiaren katalogoa egin zuen 2016an, eta orain berritu egin du. Orduan adina itsasontzi dago: 27. Baina asko txikiagoak dira, eta arrantzale gutxiago dabiltza beharrean.

Bermeoko portua, 2025eko maiatzean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bermeoko portua, iazko maiatzean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bermeo
2026ko urriaren 16a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giorgi Ndione senegaldarra Bermeoko Koroko itsasontziko patroi hasi da aurten. Guztira, sei gizon itsasoratu dira: hiru senegaldar —Ndione eta beste bi— eta hiru indonesiar. Historian lehenengoz patroi migratzaile bat, eta lehenengoz migratzaileek bakarrik osatutako taldea. «Hortik etorriko da arrantzaren etorkizuna Bermeon?», galdetu du Jose Antonio Apraiz Zallo merkataritza ontzidiko kapitain eta ikertzaile bermeotarrak. Duela hamar urte sorterriko baxurako ontzidiaren katalogoa osatu zuen. Orain, gaurkotu egin du, eta Europako Ondarearen Jardunaldietan aurkeztu du Bermeoko Arrantzale Museoan eskainitako solasaldian.

Ondare kaltebera edo desagertzeko arriskuan dagoena da aurten aukeratu duten gaia, eta Apraizek emandako datuek erakusten dute hori dela Bermeoko altxorraren egoera. Kontakizuna 1967an hasi du. Urte hartako abuztuaren 15ean egindako herriko portuaren argazki bati egin dio aipamen. Entzule guztiek ezagutzen dute. Itsasontziz lepo dago beteta. «Zenbat zeuden?», egin du galdera. Inork ez du asmatu. 242 ziren. Bost urteren buruan, gehiago: 263. Osasuntsu zegoen arrantza Bizkaiko kostaldean oro har, eta Bermeo herri aberatsa zen horri esker. Baina 1980ko urteetatik gainbeheran dago sektorea.

«Dendara joan, eta erosleak ikusten du atun lata batzuk 60 edo 70 zentimotan daudela eta beste batzuk euro bat garestiago. Ez du ulertzen zergatik, eta merkeena erosiko du»

JOSE ANTONIO APRAIZ ZALLO Merkataritza ontzidiko kapitaina eta ikertzailea

2016an, Apraizek lehen katalogoa egin zuenean, 27 itsasontzi baino ez zeuden. Hemeretzi txikiandi ziren —horrela deritze Bermeon arrantzontzi ertain eta handiei—; horietatik hamabostek amuekin eta sareekin arrantzatzen zuten, eta amuekin eta trainarekin aritzen ziren beste lau. Beste zortzi ontziak batel motordunak ziren. Guztira, 158 arrantzale ibili ohi ziren beharrean: 108 bermeotar, 37 senegaldar, sei errumaniar, bost perutar eta indonesiar bi.

Harrezkero, hainbat aldaketa egon dira: itsasontziak saldu, erosi, beste portu batzuetara joan, beste portu batzuetatik etorri, berritu, moldatu… Patroiek erretiroa hartu dute, hil ere bai; batzuei semeek lekukoa hartu diete, baina gehienei ez. Hamarkada honetan beste behin ere egin dute historia Bermeon: 2023an, Beatriz Gutierrez patroi modura itsasoratu zen Leporre Anaiak itsasontzian. Lehenengoz andre batek betetzen zuen kargu hori herriko ontzidian. Baina lehen marea bukatuta lehorreratu zenean, ez zen berriro itsasoratu. Apraizek ez du jakin zergatik.

DATUak

%51

Atunaren kosteran arrantzatutakoa zenbat jaitsi den. Iaz, 810.000 kilo atun porturatu ziren Bermeon. Aurten erdia baino gutxixeago: 414.910 kilo.

1,2

Ondarroan zenbat atun kilo porturatu diren, milioitan. Ondarroan ia bi halakotu egin da porturatutako atun kopurua: 1,2 miloi kilo aurten eta 800.000 kilo inguru iaz. Ondarroan, Bermeon ez bezala, arrantza pelagikoan aritzen diren beste herrialde batzuetako ontziak ere lehorreratzen dira.

4,40

Atun kiloa zenbatean dagoen Bermeoko lonjan, eurotan. Atun gutxiago porturatu da Bermeon, eta, horri esker, beste portu batzuetan baino gehixeago ordaindu dute kiloa lonjan: 4,40 euro. Batez besteko prezioa, 3,77 eurokoa izan da. Arrandegietan, batez beste, ia zortzi euroan saldu dute.

Nabarmendu du andreek zail dutela arrantzan aritzeko. Ikasten ibili badabiltza, berak ikusten dituelako Bermeoko Nautika eta Arrantza Lanbide Heziketako Ikastetxean. Eskola ikaslez lepo dago, mutil zein neska, baina, Apraizen esanetan, gero ez da arrantzontzietarako saltorik ematen.

Hainbeste mugimenduren ondoren, katalogoan lehen adina ontzi dago: 27. «Harrituta?», galdetu die Apraizek entzuleei. Bizkai osoan daudenen erdia dira. Seguruenik gutxiago espero zituzten, baina badu tranpa datu horrek: txikiandiak hamabost dira orain Bermeon, eta motordun batelak, hamabi. Hau da, itsasontziak txikiagoak dira, arrantzale gutxiago aritzen dira eta tona gutxiago arrantzatzeko gaitasuna dute.

Gainera, batzuk portuan lotuta daude; ez dira arrantzara irten. Berriro irtengo diren ere zalantza egin du Apraizek. Jabeak zain daude, norbaitek erosiko dizkien edo ontzi txatartegia berriro zabalduko duten. «Ontziak desegiteko aukera emango balitz, ez litzateke batere geratuko», ohartarazi du ikertzaileak, eta arrazoia eman diote entzuleek.

Arrantzaleak Bermeoko portuan, 2020an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Arrantzaleak Bermeoko portuan, 2020an. ARITZ LOIOLA / FOKU

Guztira, 129 arrantzale dabiltza aurten Bermeoko baxurako itsasontzietan: 61 bermeotar, 48 senegaldar, hamahiru errumaniar, bost perutar, lau indonesiar, marokoar bi eta beste jatorri batzuetako beste bost gizon —gehienak, bizkaitarrak—. Gero eta gutxiago dira familiako lanbideari jarraitu gura dioten gazteak. Apraizek esan duenez, Bermeon duela 30 bat urte hasi ziren patroien semeak bestelako ikasketak egin eta beste ogibide «ez hain gogorretan» beharrean. «Hondarribian orain hasi dira hori igartzen», kontatu du.

Pelagikoen mamua

Zaila da negozioa errentagarri egitea. Aspaldion erregaiaren garestitzeari aurre egin ezinik dabiltza. Baina are arazo larriagoa dute arrantza pelagikoa egiten duten itsasontzien lehia. Solasaldia entzutera joan direnek ez dute ulertzen zergatik Europako Batasunak arrantza mota hori baimentzen duen, eta are harrigarriagoa egiten zaie Espainiako Gobernuak horrela arrantzatzea debekatzen badu beste herrialde batzuetako itsasontzi pelagikoek arraina Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako portuetan lehorreratu ahal izatea. «Dendara joan, eta erosleak ikusten du atun lata batzuk 60 edo 70 zentimotan daudela eta beste batzuk euro bat garestiago. Ez du ulertzen zergatik, eta merkeena erosiko du», txarretsi du Apraizek.

Salatu dutenez, pelagikoetan dabiltzan itsasontziok arrantza modu jasangarriagoak erabiltzen dituztenen atzetik ibili ohi dira. Batzuek egindako bilaketa lanaz aprobetxatzen dira besteak. Itsasontzi guztiek AIS Identifikazio Automatikorako Sistema dute, eta horri esker zuzeneko jarraipena egiten diete. «Begiratzen baduzu, ikusiko duzu leku berdinetan ibiltzen direla: gure arrantzontziak egunez mugimenduan daudela, eta pelagikoak, gauez», azaldu du Apraizek.

Azken asteetan beste itsasontzi batzuetan dute arreta ipinia Bermeon: Okzitaniarako interkonexio elektrikoaren kablea itsaspean jartzen dabiltzanak. Berbaldira joan diren entzule guztiek ikusi dituzte Izaro parean ontzi izugarriok. Haietako bat hiru metroko sakonera duen zanga eraikitzen ari da itsaspean, eta beste batek kablea ipintzen du. Erresuma Batuko bandera duten beste txikiago batzuk ere badabiltza, ibilbidean zaintza lanak egiten. Ez dakite horrek zer eragin izango duen arrantzan, haien sektorea are zaurgarriago egingo duen arrisku bat izango ote den.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA