Ontziola kentzeko Guggenheimen pareko «alternatiba sendo» bat behar dela esan du Muruetako alkateak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute onartu ontziola kentzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa.

Muruetako ontziola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Muruetako ontziola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 18a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muruetako alkateak baldintzatu egin du ontziola Urdaibaiko biosfera erreserbatik ateratzeko aukera. Julen Karrionek esan du fabrikak lanpostuak sortzen dituela eta lanpostu horiek «eskualdearentzat garrantzitsuak» direla. Horregatik, haren iritziz, ezin daiteke ontziola Muruetatik kendu ez badago «alternatiba sendorik» tokiko ekonomian utziko lukeen hutsunea betetzeko. «Hain zuzen, horixe zen Urdaibaiko Guggenheim: jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko alternatiba sendoa», azpimarratu du.

EH Bilduk proposatuta, museoa eskualdera ez hedatzeko erabakiaren ondorengoez eztabaidatu dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumoko batzar etxean egindako osoko bilkuran. Karrion Mundakako alkate ez ezik EAJko batzarkidea ere bada, eta hark erantzun dio koalizio subiranistako bozeramaile Iker Casanovari eztabaidan.

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du. Besteak beste, ontziola Muruetatik ateratzea lehentasuntzat jotzea eskatu du. Baina Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldearen babesa baino ez du lortu, eta ez dute onartu. Casanovak gogoratu du ontziola han egoteko zeukan baimena iraungi egin dela, eta salatu du baimendutakoa baino eremu zabalagoa okupatu duela. Karrionek erantzun dio gaur egun ingurua hiri eremu industriala dela eta ontziolaren jarduera ekonomikorako baimena indarrean dagoela.

Fabrikaren eremu guztia berriz naturalizatzeko eskatu du Casanovak. Eskualdean industria bultzatzearen aldekoa da, baina ez han. Busturialdeko Plan Estrategikoa «labur» geratu dela iruditzen zaio, eta hura hobetzeko «gobernantza eredu ireki eta parte hartzailea» sustatzeko eskatu dio diputazioari.

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BERRIA

Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Richar Vaquerok bat egin du EH Bilduren eskaerarekin, baina Karrioni esan dio eskualdeak ez duela behar Guggenheimen ordezkorik. «Busturialdeak koherentzia, saneamendu sarea, berrantolaketa ekologikoa, planifikazio klimatikoa, enplegu egonkorra eta parte hartzea behar ditu. Eta beste ezer baino gehiago zera behar du: erakundeek ulertzea proiektu estrategiko guztiak ez direla derrigorrez proiektu onak». Enplegua eta ekologia «elkarren arerio» ez bihurtzeko eskatu du, eta «enplegu berdea» aldarrikatu.

Euskal erakundeekin berrogei milioi euroren diru laguntzak adostu zituen Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak, museoaren proiektuarekin lotutako akordio batean. Museorik egingo ez den arren, diru hori Busturialdeko ingurumena hobetzeko erabiltzea eskatu du EH Bilduk bere mozioan. EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri leporatu diote akordio horren aurka egon izana hura sinatu zenean. Museorik ez egiteko erabakia hartu ondoren «gaiari buelta ugari» eman dizkiola esan dio Goyo Zurro sozialistak Casanovari.

PP ontziolaren alternatibez eztabaidatzeko prest agertu da, baina «ikerketa teknikoak eta segurtasun juridikoa» eskatu ditu horretarako. «Muruetan egingo denak industria jarduera eta enplegua errespetatu beharko ditu», esan du Raquel Gonzalez bozeramaile popularrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.