Oposizioak uste du «kuantifikatzeko moduko helburuak eta epeak» falta dituela Bizkaiko mendien foru arauak

Basoak kudeatzeko plangintza berriak onartu arte eukaliptoa landatzeko debekuari eustea adostu dute.

Behargin bat Iurretako baso batean beharrean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Behargin bat Iurretako baso batean beharrean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 22a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Arima grisa duen makillaje berdea» da Bizkaiko mendien foru araua, Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Richar Vaqueroren ustez. Gaur eman diote behin betiko onespena Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumoko Batzar Etxean egindako osoko bilkuran. Foru gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren babesa jaso du testuak. Oposizioko hiru alderdiak edukiaren aurka egon dira Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak batzordera bere departamentuak ondutako proposamena eroan zuenetik. Iruditzen zaie «kuantifikatzeko moduko helburuak eta epeak» falta dituela. EH Bilduko Iratxe Arriolak salatu du «aukera bat galdu» dela, «erabaki estrategikoak etorkizuneko plangintzen esku utzi» dituelako foru arauak; legea «oso koldarra» iruditu zaio.

Foru araua ontzeko batzorde berezi bat sortu zuten Batzar Nagusietan, eta handik igaro ziren mendiekin lotura duten eragileak. Han jasotakoak oinarri moduan erabili zituen Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak foru araua idazteko. Batzorde hartatik ateratako ondorioekin bat etorri ziren batzarkide talde guztiak, baina ez, ostera, diputazioak ondorio haietatik abiatuta sortu duen legediarekin. Batzordean egindako tramitazioan oposizioak aurkeztutako hamabost zuzenketa onartu zituzten, eta gaurko osoko bilkuran ere beste hamalau aldaketa egin dizkiote testuari. Besteak beste, basoak kudeatzeko plangintza berriak onartuko arte eukaliptoa landatzeko debekuari eustea adostu dute. Horrez gain, baso brigada publikoak lehenestea eta andreen eta gazteen parte hartzea handitzeko neurriak gehitu dizkiote, Elkarrekin Bizkaia taldeko Vaquerok nabarmendu duenez. Baina ez da nahikoa izan: «anbiziorik gabeko» araua iruditu zaie, eta abstenitu egin dira.

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko Batzar Etxean. BERRIA

Beste eskaera asko kanpoan geratu dira, ordea. EH Bilduko Arriola penatu egin da ez dutelako lortu arauak leku malkartsuetan matarrasa teknika erabiltzea edo landatutako eremuen eta bizilekuen arteko segurtasun distantzia handitzea. «Egurgintza sektoreko lobbyaren aldean» egotea egotzi dio diputazioari. Ostera, PPko Diego Pagadigorriak ekoizleen alde gehitutako zuzenketak eskertu dizkio foru gobernuari, bozketan abstenitu egin diren arren: besteak beste, erabilera mugatzegatik kalte ordainak egongo dira, jabetza pribatua «errespetatuko» da, isunak eta zigorrak «proportzionalak» izango dira, eta «errugabetasun presuntzioan oinarrituta» egongo dira.

udalek antenak jartzeagatik kobratu ahal izango diete telefono konpainiei

Bizkaiko Batzar Nagusiek tokiko ogasunen foru araua moldatu dute gaurko osoko bilkuran, telefono konpainiak ez daitezen salbuetsita egon espazio publikoaren erabilerari dagozkion udal tasak ordaintzetik. Orain arteko araudiaren arabera, ez zuten ordaindu behar antenak jartzeagatik. Aurrerantzean tasak kobratzeko aukera izango dute hala gura duten Bizkaiko udalek. Konpainiek udalerrian urte osoan dituzten irabazi gordinen %1,5ekoa izango da tasa hori. 

Foru araua mendien funtzio aniztasunean oinarritzen da, Arantza Atutxa diputatuak nabarmendu duenez. Haren esanetan, ekonomiaren, ingurumenaren eta onura sozialaren arteko «oreka» lortzen saiatu dira. Ekoizleek horren onurak nabarituko dituzte, besteak beste kudeaketa administratiboa sinplifikatu egingo dela: aurrerantzean foru aldundia izango da leihatila bakarra, «udalekin lankidetzan». Lurraldearen antolaketari dagokionez, arauak hiru plangintza maila proposatzen ditu: estrategikoa, taktikoa eta operatiboa. Plan horiek «parte-hartze prozesuen bidez» onduko dira, eta «zona bakoitzerako erabilera egokienak lehenetsiko» dituzte. Era berean, diputatuak azpimarratu du baso suteen aurkako babesa indartu dutela, 30 urtez debekatuta egongo baita erretako lurzoruen erabilera aldatzea, eta landaredia lehengoratzea bultzatuko baitute hala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA