Oposizioko hiru taldeek osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete Bizkaiko aurrekontuei

Bizkaiko Batzar Nagusiek abenduaren 12an egingo dute osoko bilkura, eta orduan bozkatuko dituzte zuzenketak.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua, urriaren 31an, Bizkaiko Batzar Nagusietan, 2026rako foru aurrekontu proiektua erregistratzen. BERRIA
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua, urriaren 31n, Bizkaiko Batzar Nagusietan, 2026rako foru aurrekontu proiektua erregistratzen. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko abenduaren 2a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo bukatu zen 2026rako Bizkaiko aurrekontu proiektuari zuzenketak aurkezteko epea. Bizkaiko Batzar Nagusietako oposizioko hiru taldeek —EH Bildu, PP eta Elkarrekin Bizkaia— 517 aurkeztu dizkiete; foru gobernuari eusten dioten EAJk eta PSE-EEk, aldiz, bakar bat ere ez. Abenduaren 12ko osoko bilkuran bozkatuko dituzte EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutako osoko zuzenketak. Ondoren, beharrezkoa bada, batzordean eztabaidatuko dira zuzenketa partzialak.

Zuzenketa gehien Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu ditu: 208. Besteak beste, zortzi zuzenketa eskaera egin ditu GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurrekontuetan aldaketak egiteko. EH Bilduren zuzenketa eskaera batek udalen finantzaketa aldatzeko ere eskatzen du. Gainera, proiektuaren testu artikulatuaren alderdiren bat aldatzeko 22 proposamen ere egin dituzte oposizioko hiru alderdiek.

Bizkaiko EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak adierazi duenez, aurrekontu proiektuak «ez du anbizio eta gaitasun eraldatzailerik, eta foru gobernuaren ikuspegi estrategikorik ezaren ondorioa da». Hala ere, koalizioak negoziatzeko prestutasuna agertu du, «EH Bilduren ikuspuntutik estrategikoak diren esparruetan hobekuntza partzialak adosteko».

Berbarako, zaintzari lotuta aurkeztu dituzten zuzenketetan, EH Bilduk proposatu du gizarte zerbitzuak indartzeko lanpostu berriak sortzea; baita mendekotasun balorazioak egiteko epeak hilabetera murrizteko beste lanpostu espezifiko batzuk ere. Era berean, lehentasuna eman diote zaintzaileen soldatak eta lan baldintzak hobetzeari, klausula sozialen bidez. Trantsizio ekosoziala ere «estrategikoa» da koalizioarentzat. Funts publiko bat sortzea proposatu du, hiru helburu lortzeko: baso lur gehiago eskuratzeko, lehen sektorea bultzatzeko neurriak hartzeko eta ingurumenean eragin positiboa duten udal proiektu batzuetarako zuzkidurak sortzeko.

Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak kritikatu duenez, foru gobernuak «etorkizuneko ziurgabetasuna onartzen du», baina «ez du horren arabera jokatzen». Bere ustetan, aurrekontuak lehenesten dituenak dira «itzulkin sozial edo ekologiko egiaztaturik gabeko megaproiektuak eta azpiegiturak». Ostera, zainketek, mendekotasunaren arretak, garraio publikoak, pobreziaren aurkako borrokak edo lurralde kohesioak «bultzada eskasa» jasotzen dute, Madariagaren arabera. Diputazioari leporatu dio «fiskalitatea erabili gura ez» izatea herritarren arteko «ezberdintasunak txikitzeko».

Azkenik, PPren asmoa izan da «aurrekontu proiektuaren gabeziak zuzentzea, eta indarrak lehiakortasun ekonomikora, lurralde kohesiora eta zerbitzu publikoen modernizaziora bideratzea». Zuzenketa gehien Ekonomia Sustatzeko Sailaren kontuari ipini dizkio, «ekintzailetza eta produkzio sarearen lehiakortasuna sustatzea lortzeko». Raquel Gonzalez bozeramailearen esanetan, foru aldundiak diru partidak handitu ditu, baina «lehentasunak zehaztu gabe» jarraitzen du. «Bizkaiak pisua galdu du, eta aurrekontu honek beste aldera begiratzen du».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.