Urtean bitan afinatzen dute Bilboko San Felicisimo elizako organoa, eta egunotan dabiltza lan horretan. Izan ere, Paskual Barturen (Bakio, 1936) bertako organo jotzailearen urtebetetzea da, eta kontzertu berezi bat emango du Matthias Muller organo jotzaile alemaniarrarekin (18:00). «Haren ama nire adinekoa da, eta oraintsu galdetu zidan ea zer egunetan betetzen ditudan. Urriaren 23koa naizela esan nion. 'Ba, zu zoriontzera joango naiz Bilbora', erantzun zidan».
Bakion jaio zinen, 36ko gerra hasi eta hilabete gutxitara. Zelan gogoratzen duzu garai hartako Bakio?
Oso diferentea zen. Gaur herri ederra da. Orduan ere bai. Baina gerra genuen goian eta behean. Hamar neba-arrebatan azkena nintzen. Alde bateko eta besteko aitita-amamak ere gurean bizi ziren. Aitaren aldekoen baserrian bizi ginen, Goikolean. Amaren neba-arreba denak Argentinara joan ziren, eta, aitita eta amama bakarrik geratu zirenez, gurera etorri ziren. Aho asko batzen ginen jateko orduan.
Noiz erabaki zenuen pasiotarren ordenan sartzea? Zergatik?
Bakioko eskolan bagenuen maisu zital bat. Itzelak egiten zizkigun. Gogor zigortzen gintuen. «Hablad en cristiano», esaten zigun egunero. Euskara baztertu eta espainol egiteko agintzen zigun, euskara inork ulertzen ez zuelako. Gezurra! Bakion denok ginen euskaldunak. Egun batean gogaitu nintzen. Bota nituen liburuak eskola erdian, eta 12:00etarako etxean nengoen. Aita menditik etorri zenean, amari galdetu zion ea zer egiten nuen hain goiz. Biharamunetik aurrera Bentako eskolara bidali ninduten, San Pelaiora, eta handik irtendakoan Kontxiren etxera joan behar izaten nuen. Kontxi nire arreba zen; iaz hil zen, 103 urtegaz. Aspaldi ezkondu ziren, baina ez zuten seme-alabarik. Eskolatik irten, eta 17:00etan harenera joaten nintzen laguntzera. Horrela ibili nintzen urte bian. Handik pasatzen zen Jose Ignazio Lopategi mungiarra, pasiotarra. Haren bitartez. San Pelaion ere bazegoen beste mutil bat ni baino zaharragoa, Orbetakoa. Batera sartu ginen. Nire anaietako bat Anaia Menesiarretan sartuta zegoen. Baina nik ez nuen haiekaz gura. «Zuekaz ez, zuek maketoak zarete. Ni Deustura joango naiz, pasiotarrak euskaldunak dira eta». 12 urte izango nituen. Deustun hilabete pare bat egin, eta Gabiriara bidali ninduten ikastera.
Euskaltzaletasuna umetatik zenuen, beraz?
Benetako euskaldun bihotza neukan. Erdaldunek haserretu egiten ninduten. Sasoi gogorrak izan ziren euskararentzat. Pasiotarrak euskaltzaleak ziren, eta lagundu gura nien.
«Bakioko eskolan bagenuen maisu zital bat. Itzelak egiten zizkigun. Gogor zigortzen zigun. «'Hablad en cristiano'», esaten zigun egunero. Euskara baztertu eta espainol egiteko agintzen zigun, euskara inork ulertzen ez zuelako. Gezurra! Bakion denok ginen euskaldunak»
Zelan hasi zinen musikan? Etxetik etorri zitzaizun zaletasuna?
Bakion gure irakasle batek oso ondo abesten zuen. Gazte hil zen, bihotzetik makal zebilen eta. Ahots ederra zuen, eta euskarazko abestiak irakasteko abilezia zuen. Markinarra zen.
Musikari lotutako ikasketa zabalak dituzu. Pasiotarrek bultzatu zintuzten ikastera?
Umetan ez zidaten uzten. «Musika ikasten baduzu, ez duzu teologiarik ikasiko», esaten zidaten. Beraz, ikasketak amaitu nituenean, nik gura nuena ikasten hasi nintzen. Goi mailako zazpi titulu ditu, musikari lotutakoak eta beste bi.
Zergatik organoa?
Nire ustez egokiena zelako. Maisu on bat eduki nuen. Arin hil zen, istripu bat izan zuen. Beste bat bilatu nuen. Maisu onen bila ibili gara beti. Madrilen, Iruñean, Bilbon... Victor Zubizarretagaz ere ibili nintzen. Batez ere, Parisen egin nituen musika ikasketak.
Musikari eta organoari esker herrialde askotan ibili zara. Zein gogoratzen duzu bereziki?
Kanadan ere jo nuen, Austriaren milurtekoaren ospakizunetan. Espainiak Amerika deskubritu zueneko ospakizunetara etorrita zeuden kanadarrak Madrilen. Berbaldi batean, hizlariari kontraeraso bat egin nion galderen tartean, eta denak izututa geratu ziren. Amaitu nuenean, a zelako txaloak eta aupadak. Harrituta geratu ziren kanadarrak, eta handik lau urtera enbaxadoreak eskutitz bat bidali zidan Kanadara joan gura nuen ospakizunetara. Berbaldi bat egin nuen, eta organoa ere jo nuen. Hotz itzela pasatu nuen, urtarril hasiera izan zen eta.
Bilbon, Goi Mailako Kontserbatorioko irakasle izan zinen. Zelan gogoratzen duzu garai hura?
Hogei urte baino gehiago egin nituen. Zazpi espezialitatetan baino gehiagotan eman nituen eskolak. Jesus Guridik ere ez zuen horrenbeste egin. 3.000 ikasletik gora izan ditut. Nire ikasle izandako askok gero arrakasta handia izan dute musika arloan, eta horrek harrotasuna ematen dit.
«Nire ikasle izandako askok gero arrakasta handia izan dute musika arloan, eta horrek harrotasuna ematen dit»
Orkestra zuzendari ere ibili zara.
Bai, eta Monakon sari bi eman zizkidaten.
Musika asko konposatu duzu, baina, batez ere, Euskal Meza egin zen ezagun, 1970ekoa. Sasoi hartan euskarazko meza abestien gabezia egongo zen, ezta?
Arrakasta itzela izan zuen. Vatikanoko II. Kontzilioa bukatu berri zegoen. Ordura arte, dena latina zen, eta herri hizkuntzetan dena sortzeko zegoen. Bultzada handia izan zen euskararentzat. Zazpi probintzietako musikariek parte hartzen dute. Talde itzela izan zen. Gastu handiak izan genituen, eta diru bilketa egin genuen. Anekdota bat kontatuko dizut. Ez dut esango nork, ezaguna da eta, baina ETAko kide baten anaiak galdetu zidan ea gura nuen ETAk dirua jartzea Euskal Meza-ren produkzioan laguntzeko. «Ez», esan nion, «hiltzaileen dirurik ez dut gura, eta ETAren sortzaileak ere ez dira heriotzaren aldekoak».
Eliz musika ez ezik, euskal musika herrikoia ere asko landu duzu.
Aspaldiko doinuak bildu eta gordetzen ibili naiz. Euskal Herri osoan ibili nintzen grabaketak egiten, melodia zaharrak jaso eta transkribatzeko. Aberastasun itzela dugu, eta ez genuke galdu behar.
Matthias Muller organo jotzailearekin joko duzu gaur. Nondik datorkizue adiskidetasuna?
Askotan etorri da hona, eta hemen ezagutu genuen elkar. Berrogei urte baino gehiago izango dira. Gero sarri jo dugu elkarregaz Alemanian-eta. Euskal musikak interes handia sortzen dio. Kontzertu guztietan beti euskal obra bat jotzen du, euskaldunok maite gaituelako. Eminentzia bat da. Munichen egin zituen ikasketa gehienak. Karl Richter handiarekin ikasi zuen organoa. Kantor titulua ere badu, Johann Sebastian Backek legez.
«Deustuko ikastola martxan ipini zuten haiek lan handia egin zuten euskararen alde, borroka handia. Orain, gauzak asko aldatu dira, eta beste pentsaera batzuk daude»
Aspaldion organo konpontzen ere badabil Muller. Zuk ba al dakizu?
Finlandian, Zipren eta hamaika herrialdetan ibiltzen da. Nik ez, ez dakit horretan. Mullerrek titulua du, baina hemen ez dago. Hemen dabiltzan organogileek ez dute titulurik.
Organo onak daude Bizkaian, baina gero eta gutxiago jotzen dira, ezta?
Bai, batez ere herri txikietan. Organoak berotasuna ematen dio mezari. Gure organoa ez da zaharrenetakoa. Bizkaian bost bat daude iberiar motakoak, barrokoak. Ziortzako monasterioan dago zaharrena.
Zein organo mota gustatzen zaizu gehien?
Denak, baina iberiarrak bereziki. Leku askotan jo izan ditut. Soinu oso ona du iberiarrak. Palentzia aldean daude asko, herrietan.
Oraindik ere jotzen duzu?
Egunero. Ondo-ondo mamituak ditut obra gehienak. Organoa buruan, bihotzean eta atzamarretan sartuta daukat. Baina mezetan jotzeko gazte beste bat dugu orain. Hiletetan jotzen dut, eta domeketan Bizkaia Irratiak euskaraz eskaintzen duen mezan. Berezia da niretzat, euskarazkoa delako. Horra jende jatorra etortzen da. Deustuko ikastolako lehenengoetako jendea etortzen da [San Felicisimon sortu zen pasiotarren ekimenez, orain ikastetxe publikoa da]. Gure ikastola martxan ipini zuten haiek lan handia egin zuten euskararen alde, borroka handia. Orain, gauzak asko aldatu dira, beste pentsaera batzuk daude.
Eliza handia da hau. Betetzen al da?
Lehengo antzean ez. Hoztu egin da giroa. Jaunartzeak egoten zirenean, kabitu ezinik egoten ginen. Gauzak bizi ez badira, hoztu egiten dira. Maitasuna lantzen ez bada, galdu egiten da, beti. Eta Jaungoikoaganako maitasuna ez da zaindu.
Zenbat pasiotar zaudete hemen?
Batzuk Angostora joan dira, Arabara. Hemen pasiotarren erizaintza ere badugu, eta hor zortzi daude orain. Iaz zortzi hil ziren; kolpe itzela izan zen. Komunitatean hamahiru gaude. Gehienak nagusiak gara, baina gazte-gazte batzuk ere baditugu.