Jone Larrinaga Danobeitia

Paperezko ideiak

2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zorionak. Maiatza pasatu da, eta bizirik jarraitzen dugu. Ehunka palestinarrek ez dute zorte bera izan. Urtero, sasoi honetan, pause-ri emateko gogoz egoten naiz. Bizitza ikasturteka ikusten dugunon beste tara bat. Biziraupen botoia sakatuta banenbil bezala da. Horregatik, ekainean, opor usainarekin batera, tabernako serbileta batean udarako aholkuak idazten aritu nintzen atzo. Gaur, jengibre infusioa eta nire paperezko ideiak guztiontzat.

Bizkaian, tenperatura 1,2 gradu igo da batez beste azken bi hamarkadetan. Errudun bila hasteko beharrizanik gabe, eman 50+ eguzkitako krema, zure osasunagatik, eta utzi hainbeste plastiko kontsumitzeari, guztion itsasoen osasunagatik. Beroak arropa gutxiago eramatea dakar, eta horrek sistemaren eraginak areagotzen ditu gure azalean. Lasai, zure gorputza perfektua da; ez duzu inoren begien kanonean ahokatu beharrik. Ez utzi egitea gustatzen zaizun hori egiteari besteek epaituko dutelakoan. Gorputza horretarako daukagu eta: maite dugun hori egitea ahalbidetzeko.

Euskadin sinatutako kontratuen %20 udako kontratu laburrak dira. Zuri arratsaldeko terrazako zerbeza asko gustatzen zaizu, baina zurekin terrazan pilatu diren beste 30 pertsonei ere bai, eta langilea ez da horren erantzule. Pazientziaz itxaron eta ez inor tratatu zuk tratatua izan nahiko ez zenukeen eran. A! Eta gogoratu zure lagun guztiak ez daudela zure egoera ekonomiko berean. Kontsumotik aldentzen den aisialdia ere aisialdia da. Mendi buelta eta errekako bainua kaleko gau zinema eta afaria bezain plan ona dira.

Urtero, sasoi honetan, 'pause'-ri emateko gogoz egoten naiz. Bizitza ikasturteka ikusten dugunon beste tara bat. Biziraupen botoia sakatuta banenbil bezala da

Bilbok eta futbolak ondo erakutsi digute edozein turismo mota ez dela jasangarria eta herrikoek ez duela zertan gure oporraldia sufritu. Mesedez, kanpora joatekoa bazara, saiatu inguruan ahalik eta gutxien eragiten. Tokikoa eta bidezkoa kontsumitu. Eta, batez ere, kontuz safari kulturaletan parte hartzearekin, ez mozorrotu arrazakeria enpatiaz eta exostismoz.

Zure herriko txosnak ondasun immaterial izendatzeko prozesua abian da. Ticket ez, txosna bai? Gogoratu: guztiontzat, borondatezko lanetik, komunitatea indartu eta kultura sustatzeko espazioa direla txosnak. Baina garrantzitsuena da zu guztiok horren parte izatea; barraren bi aldeetan, posible bada. Elkartasun ekintzak denon esku daude. Lagundu zaurgarria dena, babestu zapaldua izaten ari dena, eta konprometi zaitez denok pribilegio berak izan ditzagun, zure batzuk bidean galdu behar badituzu ere. Esate baterako, kontzertuetan: bi metro garai bazara eta zure atzean metro eta erdiko pertsona bat badago —ni, adibidez—, utziozu aurrean jartzen, mesedez. Ez dut ezer ikusten, eta zuk berdin-berdin ikusiko duzu dena. (Hori ez nuen serbiletan idatzi, baina debalde denez, tori opari bat! Hori ere elkartasuna litzateke, baina espero dut ulertu izana ez naizela horretaz soilik ari).

Laburtuta, zaintzeko zu eta ingurukoak, edo antzeko zerbait. Ekain on! Ea denon artean paperezko ideiok lurreko ideia bilakatzen ditugun.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.