Parke handi bat eta mila etxe inguru AHTaren Bilborako sarbidearen gainean

Bilboko Udalak ‘Abandoko Taupadak’ izeneko proposamena aukeratu du geltokia eta trenbidea lurperatzean libre geratuko den 130.000 metro koadroko orubea berreskuratzeko.

(ID_13606890) (/EZEZAGUNA) 1_abando+taupadak_vista+general+3d
'Abandoko Taupadak' proposamenaren arabera Bilboko Abandoko trenbidearen orubea zelan geratuko den erakusten duen infografia. BILBOKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Abiadura handiko trena lurpetik sartuko da Bilbora, eta, lan horiek aprobetxatuta, Abandotik abiatzen diren trenbide guztiak ere lurperatu egingo dituzte. Horrek 130.000 metro koadroko eremua libre utziko du hiriburuaren erdigunean. Bilboko Udalak Abandoko Taupadak izeneko proposamena aukeratu du horretarako: erdigunean joango den arboladun parke handi bat, mila etxebizitza inguru eta ekipamendu publiko berriak izango ditu, besteak beste. 

Iaz martxan ipinitako nazioarteko lehiaketa publikora aurkeztu diren bost proiektuetako bat da aukeratutakoa. OVE Arup & Partners, Arquitectura Agronomia eta G&C Arquitectura y Urbanismo enpresek sortutako taldeak ondu du, eta haiei egokituko zaie ingurua urbanizatzeko plan gidaria diseinatzea. Horretarako 26.446,28 euro emango dizkio udalak. 

Amaia Agirre jarduneko alkatearen esanetan, proiektua «funtsezkoa eta erabakigarria» da Bilboren «etorkizun urbanistikorako». Gaineratu du «lurralde eta gizarte kohesionatua» bultzatuko duela. Izan ere, proiektuak lagunduko du historikoki bereizita egon diren Ibaialde —Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala— eta Abando elkartzen. «Bi mundu izan dira. Haien artean eraikita egon den muga fisikoa kendu eta barrutiak elkartuko dituen berdegune bat sortuko dugu», azaldu du proiektu irabazleko kide den Favio Tejada arkitektoak. Hain zuzen ere, parke handi hori berdegune txikiagoetan sailkatuta egongo da, auzo bakoitzak bere partxekoa izan dezan. 

«Haien artean dagoen muga fisikoa kendu, eta barrutiak elkartuko dituen berdegune bat sortuko dugu».

 FAVIO TEJADAArkitektoa

Orografia aldetik zailtasun handiak dituen ingurua da trenbideena, eta AHTaren etorreragatik eraikiko diren azpiegiturek ere baldintzatzen dute egin daitekeena. Erdiguneko arboladiak mila arbola inguru izango ditu. Zehaztu dutenez, ez dute argitasun faltarik izango, inguruan eraikiko dituzten eraikinek harmaila itxura izango baitute, eguzkia parkera traba barik sartu ahal izateko. 110.000 metro koadro beteko dituzte etxebizitzek. 1.000-1.100 etxebizitza artean izango dira. %43 sozialak eta babestutakoak izango dira, eta gainontzekoak merkatu askean salduko dira. Bizilagun berrientzako ekipamenduak ere eraiki beharko dituzte; besteak beste, adinekoen zentro bat, haur eskola bat, merkatu bat eta rokodromo bat jaso ditu proposamenak. 

Lehiaketa irabazi dutenek ildo nagusiak ezarri dituzte dagoeneko, baina orain auzokideek eta udalak ekarpenak egiteko aukera izango dute, eta haiek jasotakoan definituko da behin-behineko diseinua. Bizkaiko Hitza-k inguruetako auzo elkarteekin hitz egin du, haien iritzia jakiteko, eta erantzun dute ezer adierazi aurretik proposamena sakon aztertu gura dutela. Hala ere, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak —kide dira proiektuaren inguruko auzoetako elkarteak— gogoratu du berak dagoeneko irizpide batzuk ezarri zizkiola udalari. 

‘Abando’ markari, ez

Auzo Elkarteen Federazioak, besteak beste, Bailen, San Frantzisko eta Zabala kaleetatik Juan Garai, Garcia Salazar eta Hurtado Amezaga kaleetarako sarbide bat eskatu du, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako izango diren kaleekin; kale horietan muga lanak egingo duten oztoporik ez jartzeko ere eskatu du. Ohartarazi du ez duela onartuko Abando marka izango duen goi mailako etxebizitza promozio bat: «Ez dugu nahi diru jana eragingo duen eredu urbanistiko bat, Bilboko erdigune turistikoari begira egongo diren etxe garestiekin». Gainera, eraikinek garaiera mugatua izatea gura du. Proposamenaren arabera, parkearen alde bietan hamar bat eraikin ipiniko dira, eta horietako sei etxe orratzak izango dira.

Auzo elkarteek nahi dute trenbideak utzitako ondare historikoa ere manten dezatela. Udalak aukeratu duen proposamenean Concordia eta Najako eraikin historikoak berreskuratuko dira, eta baita Bailen kaleko biltegiak ere. «Hiriaren erabilerarako» izango dira, baina ez dute zehaztu zein. Abandoko tren geltokiaren estalkia ere mantenduko dute, eta hara luzatuko da berdegunea.

Abando berriaren lanak ezingo dira hasi tren geltokia eta trenbideak lurperatu arte. Beraz, 2035 baino lehen, ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.