Plentziako Eskolako lau autobus zerbitzuetatik bi kenduko dituztela salatu dute gurasoek

Umeen segurtasuna arriskuan egongo dela uste dute, autobus barik geratuko direnetako asko autoz eroango dituztelako gurasoek, trafikoa are gehiago ugarituz, eta diputazioak inguruko errepidean urtebete iraungo duten lanak egingo dituelako.

Plentziako Eskolako gurasoen agerraldia, atzo, Plentzian. PLENTZIAKO ESKOLAKO GURASOEN ELKARTEA
Plentziako Eskolako gurasoen agerraldia, atzo, Plentzian. PLENTZIAKO ESKOLAKO GURASOEN ELKARTEA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko irailaren 2a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako oporren bueltan, ikasleen gurasoek makina bat buruhauste izaten dituzte, eta seme-alabak Plentziako Eskolan matrikulatuta dituztenek badute aparteko beste bat: orain arte ikastetxera joateko izan dituzten lau autobus zerbitzuetatik bi kenduko dizkie Eusko Jaurlaritzak. Guraso elkarteak salatu duenez, Hezkuntza Sailaren Bizkaiko ordezkaritzak zerbitzu guztiei eusteko konpromisoa hartu zuen Plentziako alkatearekin bildu zenean, baina ez du bete.

Berez, ez dute zerbitzua kenduko dieten jakinarazpen ofizialik jaso, eskolak datorren astean hasiko diren arren. Azken asteetan saiatu dira Hezkuntza Ordezkaritzaren erantzunen bat lortzen, baina ez dute lortu. Eta hori ere salatu dute. Azkenean, zerbitzuko beharginen bitartez jakin dute haietako batzuk beste lanpostu batzuetara mugitu dituztela. Horregatik gura dute Hezkuntza Sailak berak azaldu diezaiela zein izango den ikasturte berrian eskainiko duen zerbitzua, eta erabakia hartu aurretik kontutan har ditzatela gurasoen aldarrikapenak. Agerraldia egin zuten atzo Plentziako udaletxe aurrean, San Antolin jaietako azoka aprobetxatuta. 

Izan ere, galera horrek eragozpenak sortuko dizkie, umeak eskolara eroateko alternatiba bat topatu beharko dutelako. Baina hori baino gehiago gurasoek beste ertz bat azpimarratu dute: umeen segurtasunak kezkatzen ditu. Izan ere, Plentziako Eskola Txipio auzoan dago, itsasadarraren beste aldean, eta inguru txikian hainbat jarduera elkartzen dira: eskolaz gain, han daude institutua, Bilboko metroaren geltokia eta Bizkaibusena. Txipion bizi diren plentziarrak ere handik igarotzen dira auzora egiten dituzten sartu-irtenetan. «Jende eta ibilgailu asko pilatzen dira», ohartarazi dute. Autobus zerbitzua txikitzean, gurasoetako askok autoz eroan beharko dituzte umeak eskolara, eta, ondorioz, ugaritu egingo da han inguruko trafikoa ere, gurasoek nabarmendu dutenez. «Egoera horrek egundoko kaosa eragingo du auzoan».

Beste faktore batek ere eragina izango du inguruan, eta horrek are gehiago kezkatzen ditu gurasoak. Irail erdialdera hasiko dituzte Plentziako metro geltokiaren ingurua berrantolatzeko lanak. Urtebete iraungo dute, eta besteak beste, BI-2122 errepidean biribilgune berri bat eraikiko dute, Txipio auzorako sarbide berriak sortuko dituzte eta geltokira doazenentzako laurogei autorentzako aparkalekua egingo dute. Obrek are gehiago korapilatuko dute Plentziako Eskola inguruko trafikoa. Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalak 2,44 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA