Plentziako metro geltokiaren inguruan biribilgune bat egingo dute, eta aparkalekua handituko

Uda ondoren hasiko dira lanak, eta urtebetean bukatzea aurreikusi dute. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Plentziako Udalak 2,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Aitor Garagarza Plentziako alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua, gaur, Plentzian. BERRIA
Aitor Garagarza Plentziako alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua, gaur, Plentzian. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 27a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Metroa hartzera doazenentzako aparkaleku handiagoa, trafikoa berrantolatzeko biribilgune bat eta auzorako sarbide berriak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Plentziako Udalak berrantolatu egingo dute Txipio inguruko trafikoa. Uda ondoren hasiko dituzte lanak, eta urtebetean bukatzea aurreikusi dute. 2,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Gaur aurkeztu dute proiektua.

Mugikortasun jasangarria bultzatuko duten hobekuntzak izango dira, erakunde bien esanetan. BI-2122 errepidean egingo dute biribilgune berria. Haren helburu nagusia trafikoa baretzea izango da, batez ere Barrikatik datozen ibilgailuak abiadura moteltzera behartuta. Horri esker bide segurtasuna hobetuko da, bereziki inguruan dagoen oinezkoentzako pasabidean. Plentziatik datozen ibilgailuei dagokienez, biribilguneak zaildu egingo du gidariek zebra bidea ikustea; horregatik, semaforo bat ipiniko dute. Gainera, biribilguneak metroaren aparkalekurako eta Txipio auzorako sarbideak antolatu eta erraztuko ditu, trafikoa arintzeko.

BI-2122 errepidean autobusentzako geraleku bi ere atonduko dituzte, noranzko bakoitzean bat, badia formakoak, errepideko trafikoan eraginik izan ez dezaten. Gainera, Gorliz eta Plentzia artean ibiltzen diren Bizkaibusen autobusek biribilgunean emango dute buelta, eta, hala, errazago aldatuko dute norabidea, eta zerbitzua eraginkorragoa izango da.

Plentziako metro geltokiaren ingurua zelan geratuko den erakusten duen irudia. BERRIA
Plentziako metro geltokiaren ingurua zelan geratuko den erakusten duen irudia. BERRIA

Errepidean egingo diren hobekuntzekin batera, inguruko urbanismoa ere berrituko dute. Besteak beste, oinezkoentzako eremu berriak eta bizikletak aparkatzeko lekuak egingo dituzte. Taxi geltoki bat ere ipiniko dute inguruan. Bidegorri bat ere jarriko dute, Plentziako pasabidetik Txipiora arte dagoen bizikletentzako bideari jarraipena emanez.

Bide batez, Txipioko paduretan ere hobekuntzak egingo dituzte. Esaterako, marea erregimena lehengoratzeko lanak egingo dituzte, drainatze jasangarrirako sistemak ipiniko dituzte eta areka berdeak atonduko dituzte. Ingurumena zaintzeko, halaber, aparkalekuetan zoladura ekologikoak ipini, eta arbola gehiago landatuko dituzte inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA