Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak aitortu du «harridura eta zirrara» sentitu zituela jakin zuenean aurtengo ohorezko Lauaxeta saria Bizkaia maite kantuak jasoko zuela. Harridura, aitortza beti egin izan dietelako Bizkaian euskararen zabalkundean aitzindari eta euskararen erabileran eredu izan diren bizkaitar ospetsu eta erakunde eredugarriei. Aurten, ostera, herrialdetik kanpora joan da saria, kantuaren egileek jaso baitute: Jose Angel Irigarai poeta nafarrak eta Benito Lertxundi abeslari gipuzkoarrak. Zirrara sentitu zuen, halaber, Etxanoberen ustez, Bizkaia maite kantuak «Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu dituelako Bizkaiko eta bizkaitarren ezaugarri sakon eta berezienak». Gaur arratsaldean jaso du saria Olatz Zugaztik Lertxundiren eta Irigarairen izenean, Bizkaiko Foru Jauregian egin den ekitaldian.
Ahaldun nagusiaren esanetan, Irigaraik «gaurko Bizkaiaren irudi bizia» eskaintzen du metaforaz jantzitako olerkian, eta baita iraganekoa ere: «Itxaropenaren eta bizitzaren Bizkaia berdea: buruan orlegi. Ekintzaileen Bizkaia: bihotzean sua. Bizkaia langilea baita ere: zure burdinaren goria. Bizkaitarren izate modua: zure berba leun, zure gatzaren bizia». Lertxundik aukeratutako doinua bera ere «poesia da», Bizkaiko ahaldun nagusiaren ustez. «Barne sentimendua adierazten du abeslariak, tonu intimo batean adierazi ere. Abesteko moduak letraren esanahia indartzen du, sentimendua piztu eta azaleratu arte. Kanta honetan Bizkaia ez da lurralde baten izena bakarrik; batez ere, bizkaitarron sentimendu bizi-bizia ere bada».
Lertxundik 1977an argitaratu zuen Bizkaia maite kantua Zuberoa. Askatasunaren semeei bilduman. Diskoetxetik lehen biniloa ailegatu zitzaienean arazoak eman zituen kantuak. LParen alde bateko denbora gehiegi luzatzen zuen, eta salto egiten zuen, Zugaztik kontatu duenez. Lertxundik kantua kentzea erabaki zuen, «aise» eta «erraz» ipini ziolako doinua Irigarairen poemari. Ostera, gainontzeko abestiek lanketa sakonagoa eskatu zioten. «Benitok kontatzen du kantua egiteko asmotan gitarra hartu eta hasi zela sarreratxo bat egiten, intuitiboki. Pixkanaka-pixkanaka hasi zela kantua kantatzen: goitik hasi eta beheraino jarraitu zuen, akordeak inprobisatuz, eta bat-batean beheraino iritsi zen, geldialdirik egin gabe. Hori ez da askotan gertatzen!». Beste saio bi egin zituen, badaezpada, eta bietan jarraian kantatu zuen goitik behera eta ildo berean, Zugaztik kontatu duenez. «Esan daiteke kantua bera atera zitzaiola bidera». Diskoa argitaratu zenean, kanturik entzunena eta arrakastatsuena izan zen Bizkaia maite, «Benitoren harridurarako».

Ez Dok Amairuko kide izan ziren Lertxundi eta Irigarai. Ez dira izan gaur Bilbon presentzia izan duten kolektiboko kide bakarrak. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako (2025) dokumentalari ere aitortza egin dio, ikus-entzunezkoen atalean. Inge Mendioroz zuzendariak nabarmendu duenez, «hezur haragizko Iriondo erakutsi nahi izan dute: «Ilea moztu eta gorriz margotu zuena. Zahartu eta zimurrak izan zituena. Gauzak argi zituen emakume nekaezina, artista polifazetikoa, burugogorra. Euskal kultura zegoen putzu ilun eta sakonetik ateratzeko eta beti berritzeko bizitza osoan lanean aritu zena».
Dokumentalean ikus daitezke sortzaileen zailtasunak, andre sortzaileenak bereziki, eta haiez egin du berba Ane Labakak. 35 urtetik beherako poesia saria jaso du Hezur berriak (Susa, 2025) lanagatik. Ama izan zenean idatzitako poemak dira. «Ez da erraza izan, eta batzuetan oraindik ere ez da erraza izaten amatasuna eta sorkuntza uztartzea. Bi biei eskaintzea bizitza, eta aldi berean bi biak egitea bizigarri», aitortu du. Ama izateak dakarren «prekarizazioaz» eta euskal sortzaileen «miseriez» ohartarazi du. «Fokupe hau baliatu nahi dut dagokionari zuzentzeko eta argi eskatzeko sortzaileok noizean behingo sari, jauregi, alfonbra gorri eta bekez harago, euskarazko kulturaren aldeko politikak behar ditugula. Irlanda ari zaigu jada eredu ematen», esan die entzule izan dituen agintariei.
Haiei egin die berba Oier Plazak ere. Izan ere, aurten ikus-entzunezko lan bi omentzea erabaki du epaimahaiak, eta, Mendiorozekin batera, Oier Plaza zuzendari gernikarrak ere jaso du saria, Bigarren Mundu Gerran deportatutako Anjel Lekuona eta Enric Moneren desagerpenari buruzko Popel (2025) dokumentalarengatik. Memoria historikoaren garrantziaz ohartarazi du plazak. Gernika erdigunean bizi dela kontatu du, eta esan du sarri ikusten dituela ikasle taldeak herria ezagutzen, haren sinbologiak erakarrita. Ordea, penatu da talde haiek batez ere Frantziatik eta Alemaniatik etorritakoak direlako, Bizkaikoak baino gehiago. «Estepan Urkiaga Lauaxeta atzerriko kazetari batzuei Gernika erakusten zebilela atxilotu zuten. Hark bazekien zeinen garrantzitsua zen Gernika erakustea. Faxismoaren ideologia gero eta indartsuago dabilen garai honetan, Gernika eta bere sinbologia helduleku garrantzitsuak dira herri moduan nondik gatozen ikusi eta norantz joan gura dugun erabakitzeko».

Hitza eta poesia izan ziren Lauaxetaren «armak», Elena Sanchezen esanetan. 35 urtetik gorakoen poesia saria jaso du, Epilogorik gabe (Erein, 2024) poema bildumagatik. Gogoratu du poeta laukiztarrak espetxean idatzi zituela bere azken poemak, frankistek fusilatu aurretik. Audre Lorde poeta hegoafrikarra eta Mohamed El Kurd poeta palestinarra ere gogoratu ditu, eta Sanchezek poesiaren indarra azpimarratu nahi izan du: «Batzuetan poeten ahotsak altxatzen dira munduko zarata eta burrunbaren gainean, eta ahots horiek beharrezkoak dira, behar-beharrezkoak».
Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuaren esanetan, Lauaxeta da «Bizkaiko eta Euskal Herri osoko identitatearen jagole eta egile nabarmenetako» bat. 120 urte dira poeta eta kazetaria jaio zenetik. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldunditik hainbat egitasmo ipini ditu martxan, haren ondarea goraipatzeko eta belaunaldi berriei gerturatzeko. «Memoria historikoa eta euskal kultura uztartzen dituen erreferente honen bitartez, gure sustraiak zeintzuk diren gogoratu gura dugu, eta hori kontuan hartuta etorkizuneko bidea marraztu».
Bizkaia maite kantuan aipatzen den «arbasoen baratzetik» Laukizko olerkariaren «berbaren oihartzuna» ekarri gura izan du diputatu nagusiak Foru Jauregira. «Olerkaria, euskaltzalea, euskal kulturaren sustatzailea, baina, gauza guztien gainetik, askatasun zalea da Lauaxeta. Horrela, Bizkaiaren bihotz-bihotzetik, amodio eta kanta, egin dezagun geure-geurea Lauaxetaren irrintzi ozena: ‘Dana emon biar jako maite dan askatasunari’».