Bitxia da Portugaleten gertatutakoa: aurtengo aurrekontua onartu behar zuten atzoko osoko bilkuran, horretarako babesa bermatuta zegoen, baina udal gobernuak baztertu egin du berak ondutako aurreproiektua. PSE-EEk —gehiengo osoa du— atzera egin behar izan du, dirua banatzeko orduan egin dituzten «akatsengatik». Izan ere, udal teknikariek haren aurkako txostenak egin dituzte, etxebizitza eskubidearen aldeko Portugaleteko Kolektibo 47 taldeko kide batek ipinitako alegazioa jaso ondoren. Hutsetik hasi beharko dute orain, eta bien bitartean 2024ko aurrekontuak jarraituko du indarrean; iaz udal gobernuak ez zuen proiekturik ere aurkeztu.
Ikusi gehiago
Kolektiboak gaur azaldu duenez, aurreproiektuak ez ditu betetzen hirigintza eta etxebizitza legeak, ez zuelako behar bezala osatzen Udalaren Lurzoru Ondarea eta ez zituelako behar bezala erabiltzen bere baliabideak etxebizitza babestuak eraikitzeko. «Portugalete tentsio handiko eremu izendatzeko bidean dagoen arren, aurrekontuak ez zuen etxebizitza publikoa sustatzeko benetako politikarik jasotzen», txarretsi du Kolektibo 47k. Udalaren jardunari «gertutik» erreparatuko diotela ohartarazi dute.
Javier Carretero Ogasun zinegotziak azaldu duenez, udal teknikariek eskatu zuten aurrekontuan zehazteko zein ziren Udalaren Lurzoru Ondareari dagozkion inbertsioak. Gainera, doikuntza batzuk egiteko ere eskatu zuen. Horregatik, teknikariek tramitazioa hasieratik hasteko agindu diote udal gobernuari: aurreproiektu berria osatu eta bere bidea egin dezala.Â
Kargutik kentzeko
Oposizioak zinegotziaren «kudeaketa txarra» salatu du, eta EH Bilduk kargutik ken dezala ere eskatu dio alkateari. Koalizioaren bozeramaile Eneritz Manzisidorren esanetan, herritar horren salaketa aurrekontu proiektuak izan duen «azken arazoa» baino ez da izan. Haren ustez, tramitazioa hasi zenean egin zituen hutsegiteak udal gobernuak: «Nahiago izan zenuten lehengo aurrekontua onartu eta gero zuzendu, teknikariok eta oposizioak egiten genizkizuen oharrei kasurik egin gabe». Gainera, gogoratu du iaz ere ez zela aurrekontu berririk izan, udal gobernuak ez zuelako aurreproiekturik aurkeztu: «Ulergaitza da. Ez dute udal kudeaketarako gaitasunik».
Gorka Kerejazu zinegotzi jeltzalearen ustez, udal gobernuak «bazekien legea urratzen» ari zirela, eta, hala ere, «aurrera egitea erabaki» zuen. Orain hutsetik hasi beharko dute aurrekontuaren tramitazioa, eta EAJk horrek izango dituen ondorioez ohartarazi du: «Herritarrek ordainduko dituzte udal gobernuaren hutsegiteak». Jon Pesquera zinegotzi sozialistak hitzeman du oposizioko alderdiekin eginak zituzten akordioak errespetatuko dituztela aurreproiektu berria ontzeko orduan.