Salatu dute tren saihesbidearen azterketa informatiboan jasotakoa baino eremu handiagoa desjabetuko dutela Barakaldon

Gorostizako auzo elkarteak, Barakaldo Naturala taldeak eta Eguzki talde ekologistak «barakaldarren interesak» defendatzeko eskatu diote Barakaldoko Udalari.

Gorostiza Bizirik elkartekoen agerraldia, Barakaldoko Herriko plazan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gorostiza Bizirik elkartekoen agerraldia, Barakaldoko Herriko plazan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 9a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu da hegoaldeko tren saihesbidea eraikitzen hasteko Barakaldon desjabetuko den eremua. Gorostizako auzo elkarteak, Barakaldo Naturala taldeak eta Eguzki talde ekologistak salatu dutenez, azterketa informatiboan jasotakoa baino %175 handiagoa da desjabetuko den azalera. 

Talde horiek «harridura» agertu dute desjabetze prozesua abiatu delako. Izan ere, oraindik proiektuaren aurka ipinitako helegite bi auzitegietan daude, epaiaren zain. Haietako bat Barakaldoko Udalak ipinitakoa da, eta bestea Gorostizako auzo elkarteak eta talde ekologistek ipini zuten. Uste dute hori argitu arte proiektuak etenda egon behar lukeela. Gainera, nabarmendu dute desjabetuko diren lurretako asko udalarenak direla.

Espainiako Garraio Ministerioaren jarrera ez ezik, Eusko Jaurlaritzarena ere txarretsi dute, Euskal Trenbide Sarea lanak esleitzen hasi delako. Horren inguruan zer egingo duen galdetu diote Barakaldoko Udalari. Taldeok uste dute «ingurumenaren aurkako barrabaskeria» horren aurka «borroka egin» beharko lukeela, «barakaldarren interesak» defendatuz. Eurek hori egingo dutela iragarri dute. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.