Rufino Arrola izan zuen trikiti irakasle Agus Barandiaranek. «Beti esaten zidan berdin duela non jotzen dugun, jendea dantzan ipintzen ez badugu txarto jo dugula. Eta Mundua Dantzan proiektuarekin hori egin dugu», azaldu du Korrontzi taldeko kideak. Hainbat herrialdetan egindako bira bukatzeko, Barakaldoko BEC erakustazokan eskainiko dute azken kontzertua otsailaren 13an. Euskal Herri osoko laurogei dantza talde eta zortziehun dantzari baino gehiago igoko dira Korrontzirekin agertokira. Zuzeneko musika, dantza eta formatu handiko eszenaratzea uztartuko dituen ikuskizuna izango da. Gaur ipini dituzte sarrerak salgai.
Barandiaranek argi utzi du ez dutela BEC aukeratu beste euskal musika talde batzuen modukoak izan gura dutelako. «Guk ez dugu sould out eta halakorik bilatzen. Guk ia mila dantzari sartuko diren backstage bat behar genuen, eta hori BECek eskaintzen digu». Korrontziko kidea ilusioz dago folk musikarekin erakustazoka beteko duelako: «Sekula ez nukeen pentsatuko trikitiagaz BECen joko nuenik». Eskerrak eman dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari aukera hori eskaintzeagatik. Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuaren esanetan, halako formatuak ez dira ohikoak folk musikan, eta publikoak «esker onez» hartu du proposamena: «Bizkaitarrek folka bizi dute, gustukoa dute, eta euskal dantzak ere bai».
Dantzariek ere ez zuten egundo espero halako jendetzaren aurrean dantza egingo zutenik. Eta aukera hori emateak ere «ilusioa» sortzen dio Barandiarani. Kontatu duenez, parte hartuko duten dantza taldeetako batzuk desagertzeko zorian zeuden. Lemoako dantza taldearen adibidea ipini du: «Gonbidapena jaso zutenean, kide ohiak deika hasi ziren, eta, horri esker, berpiztu egin dute taldea».
Dantzariak ez dira profesionalak, beraz. Eta askok urteak zeramatzaten dantza mundutik aldenduta. Horregatik lan itzela egiten dabiltza azken hilabeteetan, Izaskun Iturri dantzariaren gidaritzapean, koreografiak ikasten eta entseatzen. «Entseguetan ikusi ahal izan dugu zenbat sufritu duten, baina baita zenbat gozatu duten ere», nabarmendu du Barandiaranek.
Agertokiak betetzeko ahalmena
Neguan hasitako bira baten bukaera izango da otsaileko ikuskizun erraldoia. Otsailean hasita, 50 kontzertu baino gehiago eskaini ditu Korrontzik mundu zabalean. «Euskal kultura zabaltzea izan da denon helburua», nabarmendu du Arrizabalagak. Diputatuak azpimarratu du euskarak eta euskal kulturak agertoki txiki zein handiak betetzeko ahalmena dutela.
BECera joan ezingo direnek ere izango dute ikuskizunaz gozatzeko aukera. ETBk grabatuko du, eta gero ETB1eko Oholtzan saioan eskainiko dute. Programako zuzendari Luisma Laboak kontatu du duela hamahiru urte ETBk eta Korrontzik hasitako elkarlanaren beste pauso bat dela otsaileko ikuskizuna. Barandiaranen ekarpena goraipatu du, gainera: «Apustu handia egiten du arbasoengandik eta irakasleengandik jasotakoa transmititzeko. Trikitiagatik sekulako maitasuna erakusten du».