Estepan Urkiaga Lauaxeta-k Aita Estefania izan zuen irakasle Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa), eta hark irakatsi zion ametsak direla garrantzitsuena: irakasleak esan zion bilatu beharreko helburu nagusia ideala dela. Eta hori egin zuen Lauaxetak harrezkero. «Utopiaren bila ari den idazle bat da. Hori da, azken batean, poeta sinbolista baten ardatzetako bat», azaldu du Jon Kortazar literatura kritikariak. Urkiagaren idealak edo ametsak abiapuntu hartuta, Lauaxeta. Ametsen egilea erakusketa ondu du Kortazarrek, Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz. Ekainaren 5era arte, Laukizko kiroldegian dago ikusgai. Handik Mungiara eroango dute, eta, urtea bukatu aurretik, Durangon, Bilbon eta Gernika-Lumon ere ikusi ahal izango da.
Abuztuaren 3an 120 urte beteko dira Lauaxeta jaio zenetik, Laukizen, eta foru aldundiak haren lana gizarteratu gura du. Barikuan inauguratu zuten erakusketa, Lauaxetari egindako omenaldi batekin. «Bizkaitar peto-petoa, II. Errepublikako hiritar jakintsu, gizarte eragile eta bultzatzaile, belaunaldi hartako pertsona goren mailakoa», hala deskribatu du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak Lauaxeta. «Izan ere, inor gutxik bezalako eragina izan zuen garai hartako politikagintzan eta euskalgintzan. Betiere erantzukizun sakonez, kontzientzia argiz eta leialtasun irmoz».
Kortazarren esanetan, «udaberria maite zuen poeta» ez ezik, Lauaxeta «santu kultural» bat ere bada. «Erlijioaren indarra ahuldu zenean, santuen indarra ahuldu zenean, nazioak asmatu zituen santu kulturalak», azaldu du. Literatur kritikaria kezkatuta daukate literaturak eta nazioak dituzten loturek. «Santu kulturalen sormenaren teoriaz arduratuta nago. Nazioak literatura behar du identitatea batzeko eta indartzeko. Horretarako egiten ditu honelako omenaldiak edo gurtzak: idazleak gizarteratzeko». Foru aldundiko eta Batzar Nagusietako agintariekin batera, Mungialdeko alkateak, euskalgintzako ordezkariak eta Lauaxetaren senideak izan ziren barikuko omenaldian.
Kortazarren asmoa izan da modu labur batean Lauaxetaren konplexutasuna azaltzea: «Hari biografiko bati jarraitu diot, baina, era barean, erakusketak esaten du ‘hemen poliedro bat dago, amets asko daude errealitatea ulertzeko’». Horretarako, dokumentuak eta argazkiak erabili ditu. Lauaxetaren irudi gutxi daude, baina Kortazarrek lortu ditu aurrez ikusi gabeko batzuk. Orain arte ikusi gabeko agirien artean, bat nabarmendu gura izan du: 1935ean argitaratutako Arrats beran poema bildumako Mendigoxaliarena poemari egindako zuzenketak ageri dira, Lauaxetak inprentara bidali zuen gutunean. Honako atal hauetan atondu du Kortazarrek erakusketa.
1
Bizitzaren ametsa
Estepan Urkiaga Basaraz Laukizen jaio zen, baina familia laster joan zen Mungiara bizitzera, etorkizun hobe baten bila. Lehen ikasketak Mungiako Bentades eskolan egin zituen. 1920an, Jesusen Lagundiak Durangon zuen ikastetxera joan zen, jesuita izateko asmoz. Han urtebete egin ondoren, Loiolan jarraitu zuen ikasbidea. Han ezagutu zituen Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia, eta haiek izan zituen gidari euskaltzaletasunean eta abertzaletasunean. Aita Estefaniak, berriz, literatura berriaren sena eta joera irakatsi zizkion. 1926an Oñara (Burgos, Espainia) joan zen, jesuita ikasketekin jarraitzera; han Europako idazleen itzulpenak egin zituen, eta literaturazaletasuna handitu zitzaion.
2
Olerkia amets
1928an, Jesusen Lagundia utzi eta Mungiara itzuli zen Lauaxeta. Lanik gabe zegoenez, poemak idazten ibili zen. 1929an soldadutza egin zuen, eta poemak eta itzulpenak argitaratzen hasi zen Euzkadi egunkarian. 1930ean, I. Olerti Eguna egin zuten Errenterian (Gipuzkoa). Guztien harridurarako, Estepan Urkiaga ezezagunak irabazi zuen Zilarrezko Abarra, Maitale kutuna poemarengatik; ordurako oso entzute handia zuten Xabier Lizardi eta Nikolas Ormaetxea Orixe poeten aurretik amaitu zen. 1931n, Euzkadi egunkariko euskarazko atalaren idazle eta zuzendari izendatu zuten. «Iritzi politikoak euskaraz plazaratzea zen Lauaxetaren orrialdeen helburua», gogoratu du Etxanobek. Garai hartan idatzi eta argitaratu gabe utzi zuen Mairako deia poema berreskuratu du Kortazarrek erakusketarako.

3
Ideala urrunean
Euskal poesiaren berrikuntza ekarri zuen Lauaxetak. Errenterian lortutako sariaren ostean, 1931n, Bide barrijak liburua argitaratu zuen, euskal poesiaren norabidea modernitatean jarriz eta Europako poesia garaikidea eredu hartuta. Joera horrek eztabaida biziak sortu zituen euskal poeten artean. «Poeta sinbolista guztiek nahi zuten poesia aldatu, eta poesia aldatuz, mundua aldatu», nabarmendu du Kortazarrek. 1935ean, bigarren liburua argitaratu zuen: Arrats beran poema bilduman herrikoitasunaren estetikara hurbildu zen. Klasizimoa ere maite zuen, eta horren isla aldizkarietan argitaratu zituen poemetan utzi zuen.
4
Euskara lagun
Euzkadi egunkarian egin zuen lanak ospe handia eman zion Lauaxetari. Euskalduntasunaren sinbolo bihurtu zen garai hartako gizarte abertzalean. Hiru lan egiten zituen kazeta hartan: iritzi artikuluak idatzi, herrietatik heltzen ziren kronikak zuzendu eta herrietako idazleak lanean jarraitzera animatu. Sare zabala osatu zuen. Sei urte egin zituen egunkarian euskara bultzatuz. Eusko Jaurlaritzak Eguna argitaratzea erabaki zuenean, han ere jardun zuen, 1937ko urtarriletik ekainera bitartean. «Agustin Zubikarai ondarroarra, Eusebio Erkiaga lekeitiarrak, Jose Mari Arizmendiarreta markinarrak eta Alejandro Mendizabal mutrikuarrak osatzen zuten lantaldea, Emakume Abertzaleen Batzako lankideekaz batera —Polixene Trabudua, Sorne Unzueta, Karmele Errazti, Julia Gabilondo, Errose Bustintza eta Julene Urzelai—. Beti jeltzale, beti euskaltzale, beti kristau zintzo. Euskaldun fededun», adierazi du ahaldun nagusiak.
5
Herri baten itxaropena
Poeta modernistek mundua aldatu nahi zuten, eta hori egin gura zuen Lauaxetak ere: euskal aberriarentzat nortasuna bilatu. Hizlari moduan ezagun egin zen EAJren ekitaldietan. Etxanoberen esanetan, berbaldi haietan esandakoak balio du Estepan Urkiagaren soslaia marrazteko: «Sabino Aranaren oinarriak: Euzkadi da euzkotarren aberria; euskara da euskaldunon aberri hizkuntza. Emakume Abertzaleen Batzaren zabalkundearen eragile sutsua izan zen. Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra alderdiaren teoria eguneroko praktikara eroateko bideak jorratu zituen, [Jose Antonio] Agirre lehendakariaren esan-eginak iturburu zituelarik. Eliza Katolikoaren gizarte doktrinaren aldeko jarraitzaile sutsu agertzen zen: kapitalismo basatiaren aurka eta ELAren jarrera sindikalen alde. Ikastolen eta euskal unibertsitatearen alde egiten zuen».

6
Kultura gogaide
Euskal Herrian kultura bultzatzeko egin ziren egitasmo guztietan ibili zen Lauaxeta. Euzkel Idazle Batzarra bultzatu zuen, euskal idazleak batzeko. Euskarazko irratsaioak zabaltzeko ahaleginean aritu zen. Etxepare saria eratu gura izan zuen, euskarazko liburuak saritzeko. 1936ko uztailean, euskal biblioteka bat sortzeko asmotan ibili zen, euskal literatura sustatzeko.
7
Euskal Herria eta Europa gogoan
Euskal poesia eta Europakoa uztartu gura zituen Lauaxetak. Kortazarren esanetan, nahikoa da haren liburutegia ezagutzea horretaz jabetzeko. Lizardi, Orixe eta garai hartako euskal idazle nagusiekin harremana izan zuen. Baina baita orduko Espainiako poetekin ere: Gerardo Diego eta Federico Garcia Lorcarekin, berbarako. Garcia Lorcaren poesia herrikoia atsegin zuen, eta eredu gisa erabili zuen. 1936ko urtarrilean, Garcia Lorca Bilbora etorri zen, Etxanobek gogoratu duenez: «Eskuz esku ibili ziren, batak besteari bere barruko nahi eta kezkak adierazten. Arriagan andaluziarraren Bodas de sangre antzeztu zenean, Lauaxeta zen antolatzaile».
8
Amesgaiztoa
1936ko altxamendu frankistaren ondoren, Euzko Gudarostean ibili zen lanean. Intendentziako komandante kargua eman zion Jaurlaritzak. Gudarientzako hornidura lortzeko lanaz gain, kazetaritza beharrak eta kulturari lotutakoak ere egin zituen. Gerra betean Eguna egunkaria martxan jarri zutenen artean egon zen, eta Gudari aldizkariko zuzendaria izan zen.

9
Amets hautsia
Alemaniako erregimen naziko hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zuten 1937ko apirilaren 26an. «Zurrumurruak zurrumurru, nazioarteko prentsa demokratikoak zuzenean eman gura izan zuen gertatutakoaren berri. Lauaxeta kazetari egiazaleak frantsesez ere bazekien, eta Juan Ajuriagerra sailburuak nazioarteko kazetarion arduradun jarri zuen. Lan horretan zebilela, errebeldeek atxilotu egin zuten, eta Gasteizko espetxera eroan», kontatu du ahaldun nagusiak. Maiatzean epaitu zuten, eta heriotza zigorra ezarri. Besteak beste, epai hura bildu du Kortazarrek erakusketarako. Etxanoberen esanetan, kartzelaldian «barne-barnetik ateratako olerki biziak» idatzi zituen. 1937ko ekainaren 25ean fusilatu egin zuten Lauaxeta, Gasteizko Santa Isabel hilerrian.
10
Amets eraberritua
Era bitakoa izan da Lauaxetaren eragina euskal literaturan, Kortazarren aburuz. 36ko gerraren ostean, haren poesiaren oihartzuna nabari zen haren jarraitzaileen artean, poeta sinbolisten artean. Batez ere, Bizkaiko poetek hartu zituzten haren sinboloak eta gaiak: Santi Onaindiak, Eusebio Erkiagak eta Paulin Solozabalek. Behin frankismoa bukatu eta gero, haren bizitzaren, heriotzaren eta, batez ere, haren irudiaren alde sinbolikoak ailegatu dira sorkuntzara. Antton Valverdek, Rafa Ruedak eta Eñaut Elorrietak musika jarri diote Lauaxetaren poesiari. Valverdek eta Elorrietak barikuko omenaldian jo zuten, gainera. «Beste pauso bat ere eman da: Lauaxeta protagonista bihurtu da», nabarmendu du Kortazarrek. Hain zuzen, 2000n argitaratutako Agur Euzkadi nobelan, Juan Luis Zabala idazleak Estepan Urkiaga berpizten du, egungo Euskal Herrira ekartzeko. 2005ean, Ana Isabel Moralesek idatzitako herri antzerki bat taularatu zuten Mungian. 2017an, Jon Maiak Ele, Lauaxeta-Lorca ikuskizuna sortu zuen.