Bilboko Zorrotza auzotik Zierbenara eroango dute hondakinak tratatzeko Saderren lantegia. Oraindik ez dira hasiak fabrika berria eraikitzen, baina Eusko Jaurlaritzako Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko Sailak emana du Bilboko portuaren lurretan obrari ekiteko ingurumen baimen bateratua. Zierbenako, Getxoko eta Santurtziko udalek alegazioak aurkeztu zizkioten proiektuari, baina Jasangarritasun Sailak ez ditu aintzat hartu. Hala, Santurtziko Udalak gora jotzeko errekurtso bat ipini du, gaur ohar bidez jakinarazi duenez. Ohartarazi du fabrikak «gatazka» piztuko duela herrian, sortuko dituen «isuri kutsatzaileen, zarataren eta usain txarraren ondorioz».
Ikusi gehiago
Santurtziko Udalak uste du Saderren planta portuan jartzea kostaldeari buruzko legediaren aurkakoa dela, lantegi horren jardunak ez baitu harremanik ez portuarekin ez itsas merkataritzarekin. Ingurumen araudia urratuko duela ere uste du. Gainera, ohartarazi du lantegiak ez dituela beteko haren eragina nabarituko duten udalerrietako hirigintza araudiak.
Santurtziko Udalak eskatu du bilatu dezatela fabrika ipintzeko beste leku bat, «herriguneetatik urrun». Iruditzen zaio «ingurumen eta hirigintza araudiak betetzen dituen industrialde bat» leku aproposa izan daitekeela.