Segurtasuna eta etxebizitza lehentasun Bilboko aurrekontuetan

Bilboko Udalak 751 milioi euro izango ditu 2026an, aurten baino %4,65 gehiago. Juan Mari Aburto alkateak esan du aurrekontu «jasangarria eta koherentea» dela.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Marta Ajuria Ogasun zinegotzia, gaur, Bilbon. BERRIA
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Marta Ajuria Ogasun zinegotzia, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko azaroaren 3a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraileko politika orokorreko bilkuran, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan zuen segurtasuna eta etxebizitza direla hiriak egun dituen arazo nagusietakoak, eta horiek dira datorren urteko aurrekontuan lehentasuna izango duten arloak, alkateak berak nabarmendu duenez. Bilbotarrek adierazitako beharrak kontuan hartu dituztela nabarmendu du. Oro har, Bilboko Udalaren aurrekontua %4,5 handituko da datorren urtean: 751 milioi euro izango ditu. Inoizko handiena izango da, batez ere Udalkutxa udalen finantzaketarako Bizkaiko foru funtsetik jasoko duten diru kantitate handiari esker.

Goizean onartu du proiektua gobernu kontseiluak, eta ondoren egindako agerraldian aurkeztu du alkateak. Esan du aurrekontu «koherentea eta jasangarria» dela: «Zero zorra eta kontu saneatuak mantentzen ditu, hiriaren etorkizuneko proiektu garrantzitsuak egin ahal izateko». Proiektu horietako batzuk lirateke, berbarako, abiadura handiko trenaren sarbide lurperatuak beharko duen urbanizazio proiektua eta Zorrotzan trena lurperatzeak ekarriko duena.

Besteak beste, PP ez beste alderdi guztiek babestu duten Bilboko Segurtasun Itunean hartutako konpromisoak beteko direla esan du Aburtok: lan eskaintza publikoei esker, Udaltzaingoaren taldea ez da jaitsiko 900 poliziako langatik, eta 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo da Santutxuko polizia etxe berria martxan ipintzeko. Suhiltzaileek ere parke berria izango dute Deustun; hura eraikitzeko 3,2 milioi euro erabiliko dituzte datorren urtean.

Alkatearen esanetan, zerbitzu publikoak ere indartuko dituzte, eta hainbat alor aipatu ditu: garbiketa, kirol eta kultur azpiegiturak, garraioa eta pertsona zaurgarrientzako zerbitzuak. Gizarte politiketako aurrekontuan, pisu nabarmenena etxez etxeko arreta zerbitzuak izango du (hogei milioi euro pasatxo). Etxebizitza komunitarioetarako laguntzak (lau milioi euro) eta bakardadeari aurre egiteko programak ere nabarmendu ditu (milioi bat). Emakumeen Etxea eraikitzeko 3,8 miloi inbertituko ditu Bilboko Udalak; horietatik 1,6 milioi, datorren urtean.

Bilbobus berrantolatzeko prozesuan dabil udala. Datorren urtean 50 milioi euroko aurrekontua izango du. TAO zerbitzuak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du eta 2,1 Bilbobizi bizikletak alokatzeko udal zerbitzuak. Kultura arloan, azpiegitura handiei egingo dien ekarpena aipatu du alkateak: 5,9 milioi euro Arte Ederren Museori; 3,8, Euskal Museoari eta Berreginen Museoari; 3,1, Bilboko Orkestra Sinfonikoari; 8,4, Arriaga antzokiari; 6,3 Azkuna zentroari; eta 8,7 milioi Bilbo Musikari.

Auzoak erdigunean

Aburtok nabarmendu du Bilboko auzo guztiak ipini dituztela erdigunean. Auzokide Planari esker 14,2 milioi euroko inbertsioak egingo dituzte hiria osatzen duten zortzi barrutietan. Bereziki nabarmendu ditu Tiboli kalea urbanizatzeko erabiliko dituzten bi milioi euroak.

Bilbotarrek ere erabaki dituzte datorren urteko proiektuetako batzuk, bozketa bidez. Aurrekontu parte-hartzaileak ezarri zituztenetik herritar gehienek parte hartu duten aldia izan dela azpimarratu du alkateak: 8.504 bilbotarrek. Besteak beste, hiriko hainbat ikastetxetako jolastokiak naturalizatzen 188.000 euro inbertitzea erabaki dute. Beste 300.000 euro udal ortuak sortzeko erabiliko dira. Etxerik gabeko pertsonek lo egiteko leku bat ere atonduko da, eta maskotak eduki ahal izango dituzte; horretarako 290.000 euro erabiliko dira.

Eguenean hasiko dira zinegotziak sailez sail aurrekontuak xehatzen. Alkatea oposizioko taldeekin negoziatzeko prest agertu da. Aburtoren agerraldian hainbat alderditako zinegotziak ere egon dira, haren azalpenak entzuten. EH Bilduk onartu du elkarrizketarako deia. Maria del Rio zinegotziak esan du «ilusioz eta akordioak lortzeko gogoz» daudela. «Hilero ohiko osoko bilkuretan ikusten dugu gai garela hainbat arlotan akordioak lortzeko. Zergatik ez hori egin Bilboko aurrekontuaren gisako gai garrantzitsu batean?». Eurentzat gai garrantzitsuak zeintzuk diren ere zehaztu du: etxebizitza, zaintza, trantsizio ekologikoa, euskara eta kultura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.