Sestaoko Udalak 50,8 milioi euroko aurrekontua onartu du

Agintaldiko lehen aurrekontua da: orain arte, luzatuta eduki dute 2023ko aurrekontua.

Sestaoko udaletxea, Kasko plazan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Sestaoko udaletxea, Kasko plazan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 11
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru urteren ondoren, Sestaok aurrekontu berria izango du: agintaldiko lehena. Ezohiko osoko bilkura egin dute gaur, eta, hartan, udal gobernuak 2026rako prestatutako aurreproiektuak udalbatzaren oniritzia jaso du. EAJk eta PSE-EEk babestu dute. Aurten 50,8 milioi euro izango ditu udalak, hau da, 2023ko aurrekontuan baino %4,7 gehiago. Gorka Alvarez alkatearen esanetan, «pauso sendoa» eman du gaur Sestaok, uste baitu aurrekontu berrituak «egonkortasuna» emango diola udal kudeaketari. «Ilusioz betetako etapa bat hasiko dugu». Alkatearen arabera, oinarri bi ezarri dituzte: «herritarren ongizatea sendotzea eta Sestao eraldatzea inbertsioen bitartez».

«Kalitatezko zerbitzu publikoek lehentasuna» izango dutela nabarmendu du Alvarezek. Horregatik, «hamar eurotik ia bederatzi udalak goizeko lanari ekin ahal izateko» erabiliko dituzte. Inbertsioetarako, berriz, 1,5 milioi erabiliko dituzte. Hala ere, gaurko osoko bilkuran bertan moldaketa bat egin diote aurreproiektuari, eta beste zazpi milioi gehitu arlo horretarako.

Besteak beste, Arturo Campion aldean igogailuak ipintzeko lanak abiatuko dituzte aurten, Markozaga parkea hobetzen hasiko dira, Vista Alegre ingurua egokituko dute, eta behin-behineko aparkaleku bat atonduko dute Rebonzan. Benedictara joateko bidea ere berrituko dute, eta auzoetara joateko errepideak hobetu.

Gizarte politiketan, Juan Ellakuria adinekoen udal egoitzarako 3,6 milioi euro jarriko dituzte. Beste bost miloi erabiliko dituzte gizarte laguntzetarako: horietatik bi etxez etxeko arreta zerbitzurako izango dira; 1,5 larrialdi laguntzak banatzeko, eta 2,2 behargintzarako eta enplegu politiketarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE