Tontolapiko Egunak barrez leherraraziko du bihar Durango

Bost konpainiak clown ikuskizunak taularatuko dituzte Landako gunearen eta Plateruenaren inguruetan.

Las Polis konpainiaren izen bereko ikuskizuna, artxiboko irudi batean. BERRIA
Las Polis konpainiaren izen bereko ikuskizuna, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 2a
08:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Clownak eta umorea. Horiek dira Durangoko Tontolapiko Egunaren osagai nagusiak. Bihar, egun osoz barrez lehertuko dira bosgarren jaialdiaz gozatzera animatuko diren ikusleak. Landako eta Plateruena artean, lau gune izango ditu jaialdiak. «Clownak eta umore fisikoa, zirkuko ikuskizunak eta zuzeneko musika emanaldiak; Durango aberasten duten generoen aniztasuna erakusten du eskaintzak», adierazi du Paule Sanchez Durangoko Kultura zinegotziak. 

Eguna CIE Benoit Charpe konpainiaren ikuskizunarekin hasiko da: Les Zèles d’Obus obra aurkeztuko du. 12:00etan eskainiko dute lehenengoz, eta 19:30ean berriz. Ikuskizun horretan, Benoit Charpek antzeztutako Obus arloteak mundu poetiko batera eramango ditu ikusleak. 13:15ean, Las Polis konpainiak izen bereko ikuskizuna taularatuko du. Obra horretan, Fanny Giraudek eta Marta Sitjak plazan ordena mantentzeaz arduratzen diren bi pertsona antzezten dituzte, eta, egoera kontrolpean dutela erakusten saiatzen diren bitartean, kontrolpetik ihes egingo die denak.

Arratsaldeko saioak Jose Luis Redondoren Arriba lanarekin hasiko dira. 17:00etan taularatuko du. Umore fresko eta probokatzailez beteriko emanaldi honek zirkuko elementuak eta umore fisikoa uztartzen ditu. 18:15ean, Cia Jimena Cavallettiren B.O.B.A.S Banda Orquestal Benéfica de Actos Sepulcrales ikuskizuna eskainiko dute. Musika banda apal batek ehorzketa zeremoniak antolatzen ditu. Hildakoa ez zaie iritsi, eta itxaronaldia esperientzia deseroso eta zorigaiztoko bihurtuko zaie, baina publikoarentzat erabat komikoa izango da egoera. Ikuskizun hau iazko egitarauan ere egon zen, baina bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi txarragatik. Karrikak bost aldiz antzeztuko du Parkingdarrak II: 12:00etan, 14:00etan, 16:30ean, 18:00etan eta 19:00etan. 

Egun osoan zehar, Badut Teatroa arduratuko da dibertsioa Durangoko kaleetara eramateaz: umorez eta sorpresaz betetako kale animazioa eskaini, eta jai giro atsegina sortuko du hiri osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA