Urdaibaiko landare espezie inbaditzaileak kenduko ditu diputazioak

Datozen hiru urteetan biosfera erreserbako 430 hektareatan ibiliko dira 'Baccharis halimifolia', 'Cortaderia selloana' eta 'Oenothera galzioviana' espezieetako landareak kentzen.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko diputatua, gaur, Gautegiz Arteagan, Basalaneko beharginekin. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko diputatua, gaur, Gautegiz Arteagan, Basalaneko beharginekin. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Gautegiz Arteaga
2026ko irailaren 23a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehenengo, adaburua murrizten diote, adarrik handienak inausketarako artazi elektrikoekin kenduta. Ondoren, zaurietan, produktu fitosanitario bat ematen diote brotxa batekin. Produktu sistemikoa da erabiltzen dutena, eta zuztarretaraino heltzen da. Helburua da landarea oso-osorik sikatzea, bestela kimu berriak botatzeko arriskua dago. Hilabete biren buruan landarea zelan dagoen ikuskatzen dute, eta, beharrezkoa bada, berriro ematen diote tratamendua. Modu horretan, landarez landare, banan-banan ari dira Basalaneko beharginak Busturialdean Baccharis halimifolia espezie inbaditzailea kentzen. Gaur goizean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren eta Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritzako diputatuaren bisita izan dute Gautegiz Arteagan.

Ikusi gehiago

Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko biosfera erreserban ingurumena lehengoratzeko egingo dituen lanetako bat da. Etxanobek gogoratu duenez, Bilboko Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko proiektuari lotuta, diputazioak eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak hitzarmen bat sinatu zuten garapen jasangarria sustatzeko neurriak hartzeko, 40 milioi euro inguruko aurrekontua zuena. Nahiz eta museoaren proiektua bertan behera geratu, lan horiek egiten jarraitzea adostu zuten erakunde biek, eta horietako bat da biosfera erreserban espezie inbaditzaileak kentzeko programa.

Ahaldun nagusiak kontatu duenez, Gernikan ere lanean dabiltza Dalia mahai tresnen fabrika zaharraren orubean eta azpiko akuiferoan kutsadura kentzeko. Padura batzuk sikatu egin dira giza jardueraren ondorioz, eta leku horiek lehengoratzen ere badabiltza. Orain, espezie inbaditzaileekin hasi dira, eta 2029ra bitarte Baccharis halimifolia ez ezik Cortaderia selloana —panpa lezka— eta Oenothera galzioviana espezieetako landareak ere kenduko dituzte. Ezberdina izango da espezie bakoitza kentzeko modua, landare mota bakoitzera egokitua. Ondoren, bertoko espezieak landatuko dituzte, baina oraindik ez dute erabaki zeintzuk izango diren, paduretako ezaugarri berezietara egokitzen direnak izan beharko baitute.

Dagoeneko lanean ari dira Busturiko San Kristobalen eta Forun. Gautegiz Arteagan ibili dira gaur. Azaldu dutenez, landareak kentzeko beharrak landareek jarduera begetatibo handiena duten sasoietan egitea komeni da. Hau da, maiatzetik irailera bitartean. 

Baccharis halimifolia espezieko zuhaixka bat, gaur, Gautegiz Arteagan. BERRIA
Baccharis halimifolia espezieko zuhaixka bat, gaur, Gautegiz Arteagan. BERRIA

Egunotan lau pertsonako taldea ari da, baina diputazioaren asmoa da hiru urteotan Basalaneko 25 behargin aritzea lan horietan. Horretarako 5,14 milioi euroko aurrekontua izango du Ingurune Naturaleko eta Nekazaritzako Sailak. Gainera, herritarrak ere gonbidatuko ditu boluntario moduan aritzera. Laster egingo dute horretarako deialdia.

Hainbat lekutan, guztira 430 hektarea inguruko eremuan egingo dute behar. Uztailean eta abuztuan kartografia bidezko azterketa egin dute, eta ikusi dute espezie inbaditzaileak gutxienez 130 hektareatan daudela: Baccharis halimifolia-k 93 hektarea inguru betetzen ditu, eta panpa lezkak, hemeretzi.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA