Urriaren 17an egingo dute Bizkaiko II. Erromeria Eguna, Lemoan

«Elkartzeko, komunitatea sortzeko, ondo pasatzeko eta kultura transmititzeko» eguna izango da.

Esther Iturrioz Lemoako alkatea, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua eta Jon Gomez Garai Danok Pro kooperatibako bozeramailea, gaur, Lemoan. BERRIA
Esther Iturrioz Lemoako alkatea, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua eta Jon Gomez Garai Danok Pro kooperatibako bozeramailea, gaur, Lemoan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
LEMOA
2026ko ekainaren 16a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gizartearen topaleku» izan dira erromeriak; «elkartzeko, komunitatea sortzeko, ondo pasatzeko eta kultura transmititzeko» lekuak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuaren esanetan. Asmo hori betetzeko antolatu zuten iaz Danok Pro kooperatibak eta diputazioak Bizkaiko Erromeria Eguna. «Berrituta eta gaurkotuta», baina betiko oinarriari helduta, bizkaitar guztien jaia izango zen eguna sortu zuten. Durangon lortutako arrakasta ikusita, bigarren aldia egingo dute aurten: urriaren 17an izango da, Lemoan. «Sorreratik argi geneukan jaialdi eta topaketa honek Bizkaian barrena mugitu behar duela», esan du diputatuak. Hogei taldetik gora bildu dituzte egun osoko ospakizunean, eta haietako batzuk goizean Lemoako Kotxepin kultur etxean egin duten aurkezpenean egon dira, ekitaldia girotzen. Informazio guztia Erromeriaeguna.eus webgunean ipini dute. 

Oraindik egitarau zehatza ezagutarazi ez badute ere, Danok Pro kooperatibako Jon Gomez Garaik azaldu du hiru gune nagusi izango dituela jaiak: Arlonagusia futbol zelaiko aparkalekua, Kotxepin kultur etxearen aurrean dagoen aparkalekua eta parkea, eta Kopetxin bera. Arlonagusian izango da gune nagusia, eta han egingo dute, berbarako, inaugurazio ekitaldia. Han joko du Korrontzi taldeak, han egingo dute herri bazkaria eta han izango dira dantzaldi eta kontzertuak. Ikuskizun berezia izango da Korrontzirena, Gomez Garaik nabarmendu duenez. Izan ere, Lemoako Durundi Barri dantza taldearekin batera sortu dute beren-beregi egun horretarako. «Egun hauetan ari dira entseatzen», azaldu du Gomez Garaik.

Lemoako alkate Esther Iturriozek nabarmendu duenez, Durundi Barri taldekoak ez dira Bizkaiko Erromeria Egunean parte hartuko duten lemoar bakarrak. «Hasieratik argi izan dugu herriko eta Arratiako taldeen parte hartzea oso garrantzitsua izan behar dela horrelako jai batean». Hala, Mendieta herri kirol taldekoek tailerrak eskainiko dituzte, Eingokoek goizean giroa berotuko dute eta bazkalosteari musika ipiniko diote, Merhezi taldeak kontzertua emango du, eta Arratiako musika eskolakoak ere handik ibiliko dira.

Kotxepin kultur etxean hainbat tailer eskainiko dituzte: Jone Intsausti Igorreko Arantzarte dantza taldeko kideak Arratiako jota ikastaroa gidatuko du, eta Itsaso Arrieta kantariak, kanta ikastaroa, adibidez. Lorratz erromeria taldekoek herri osoa dantzan ipiniko dute. Larrain dantza herrikoia ere izango da, Durangon arrakasta itzela izan zuen eta. Herrigunean familia giroa izango da nagusi, Gomez Garairen esanetan: puzgarriak egongo dira, baita Ene Kantak, Kittu taldea eta hainbat tailer eta erakustaldi ere. Ondalan erraldoiak, albokariak, Bizkaiko gaiteroak, elektrotxaranga... Girorik ez da faltako Lemoan. 20:30etik aurrera izango da kontzertuen sasoia. Erromeriari formatu elektronikoagoa emango diote orduan, Lehian, Argitu, Zirkinik Bez eta Trikizio taldeen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE