Urte hasieran abiatuko dute Sestaon Naval inguruko berrindustrializazio plana

Ontziola egondako ingurua berrindustrializatzeko hirigintza plan berezia onartu du Sestaoko Udalak. Bizkaian azalera handiena duen industrialdea izango da.

Sestaoko Naval ingurua zelan geratuko den erakusten duen infografia. BERRIA
Sestaoko Naval ontziolaren ingurua zelan geratuko den erakusten duen infografia. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 26a
08:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sestaoko Udalak Naval ontziola egondako ingurua berrindustrializatzeko hirigintza plan berezia onartu zuen atzoko osoko bilkuran. Belgikako VGP enpresa da jabea, eta Europa osoan dituen ehun industrialde baino gehiagoren artean, beste bat izango da Bizkaikoa. Planak udal gobernua eusten duten EAJ eta PSE-EEren babesa baino ez du lortu —gehiengo osoa dute—. EH Bilduk eta Elkarrekin Sestaok aurka bozkatu dute. Urte hasieran abiatuko dituzte lehen lanak: Eusko Jaurlaritzak babestuta dituen eraikinak zaharberrituko dituzte, 30.000 metro koadro guztira. Ondorengo etapetan industria pabiloi berriak eraikiko dituzte 98.000 metro koadroko eremuan. Guztira, 300.000 metro koadroko eremuari eragiten dio planak. «Sestaoko eta Ezkerraldeko ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko ezinbesteko proiektu estrategikoa da», esan du Gorka Alvarez alkateak.

Alkateak adierazi duenez, pabiloi berrietan martxan ipiniko diren jarduerak batez ere industria alorrekoak izango dira. «Bizkaian azalera handiena izango duen industrialdea sortuko dugu Sestaon, Benedikta pasealekuko kaiaren eta Galindo ibaiaren artean». Alvarezek nabarmendu du enpresa parke berria iraunkorra izango dela, eta energia aldetik, eraginkorra.

Plan bereziak beste hainbat lan ere jasotzen ditu. Besteak beste, Naval kalea bikoiztuko dute. Hala, etorkizunean norabide bakoitzeko bi errail izango ditu. Era berean, 13.300 metro koadroko plaza bat ere sortuko dute. Hasierako proiektuak itsasadarraren ondoan pasealeku bat sortzeko aukera ere aurreikusten zuen. Baina, azkenean, neurri hori ez dute onartu. Ondorioz, herritarrak itsasadarretik gertu dagoen zati batera baino ezingo dira hurbildu. «Egia da Bilbotik datorren eta Barakaldotik igarotzen den korridore berdetik urruntzen garela, baita Benediktatik Santurtzira doan korridoretik ere. Baina leku honetan industria mantentzeko apustua egin nahi izan dugu, langabezia kronifikatzen ari zaigulako», argudiatu du erabakia Josefina San Miguel Hirigintza, Etxebizitza, Ingurumen eta Industria zinegotziak. Oposizioak kezka agertu du industrialdeak sortuko duen zaratagatik eta kutsaduragatik. 

Santurtzin pantalan berria eraikitzen hasiko dira

Santurtziko Udala aste honetan hasiko da portuan pantalan berria eraikitzen. Karmengo Amaren kaian egongo da, eta hiru hilabete iraungo dute lanek. 189 metro koadro izango ditu. 160.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta. «Herritarrek asko eskatu digute kirol azpiegitura hori», esan du Karmele Tubilla alkateak. Besteak beste, eskola kirolerako, uretako jarduerak egiteko eta aisialdi osasungarriaz gozatzeko erabili ahal izango dute santurtziarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.