Eusko Jaurlaritzak ez du aldaketarik egingo Bilboko metroaren bosgarren linean: Usansoloko geltokia proiektuan finkatutako lekuan egingo dute, eta usansolotarrek ez dute geltokirik izango herrigunean. «Usansolok ez du bigarren geltokia edukitzeko ezaugarririk», esan du Susana Garcia Chueca Bizkaiko Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, bosgarren linearen obrak ikustera joan da goizean Usansolora.
Basauritik Galdakaora eta Usansoloko ospitalera joango den linea 6,3 kilometro izango da luze. Dagoeneko trazaduraren %20 zulatu dute makinek. 2029 edo 2030erako bukatuko dutela aurreikusi du sailburuak. «Halako lanei abiatzea kostatzen zaie, baina behin hasi eta gero martxa hartzen dute».
Bosgarren lineak bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea. Sarratun metroaren bigarren linearekin lotura izango du. Usansoloko ospitaleko geltokitik, Euskotrenek Bedian duen geltokiraino luzatuko dute trazadura gero, Arratiako eta Busturialdeko bizilagunei metroarekiko lotura eskaintzeko. «Eskualde horien konektibitatea nabarmen hobetuko da, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako», esan du ahaldun nagusiak. Obrak erdi bana ordainduko dituzte Jaurlaritzak eta foru aldundiak.
Gaur egun, Ibaizabal ibaiaren azpian ari dira hondeaketa lanak egiten, ospitalearen eta Usansoloren arteko bidearen erdian, eta haren ondoan ari da eraikitzen ospitaleko geltokirako bi sarbideetako bat.