Adimen artifiziala

Adimen artifizialaren loraldia

Bere puntu gorenean da adimen artifiziala. XX. mendearen erdian hasi zen prozesua, eta garapen handia eta azkarra izan du azken urteetan. Ane Iturzaeta informatikari beasaindarrak urrats horiek gizarteratzen egiten du lan.

Ane Iturzaeta. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ane Iturzaeta, iazko argazki batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kerman Garralda Zubimendi.
Beasain
2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Ane Iturzaeta Agirre informatikari beasaindarrak Microsoft etxean egiten du lan; zehazki, enpresei eta sektore publikoari adimen artifiziala ezartzen laguntzen, eta kontatu du Gipuzkoa orain hasi dela adimen artifizialaren garrantziaren kontzientzia hartzen: «Sei urte daramatzat Microsoften lanean, eta, hasi nintzenean, Alemanian, Suedian edota Ingalaterran egiten genuen lan. Hemen ez genuen ezer egiten. Baina COVID-19a sekulako azeleragailua izan da alor horretan». Orain gutxi arte, enpresa «asko» ez zeuden digitalizatuta, eta, pauso hori emanda, sistemak inteligenteagoak bilakatzeko ordua heldu da. «Sinplea da: adimenaren kontzeptua pertsonei lotuta egon da beti: gizakia gai da, adibidez, ikusteko, hitz egiteko, ulertzeko... adimen artifizialarekin, ordea, gaitasun horiek edozein sistemari eman dakizkioke».

Atzean ez gelditzeko bidea horixe dela uste du Iturzaetak. «Digitalizatu ala hil», dio. Ezin erabakitze hori «pixka bat etsigarria» edo «tristea» izan daitekeela aitortu du, halaber, baina sinetsita dago adimen artifizialari aterik ezin zaiola itxi: «Gurekin bizitzeko etorri da. Beldurra eduki dakioke, baina eduki beharrekoak dira arauak, bizikidetza arautzeko eta eskubiderik ez urratzeko: erabakiak aske hartu nahi ditut, pribatutasuna mantendu, gizarte justu eta parekidea bermatu... Etorri zara, bai, baina nire eskubideak eta printzipioak errespetatu behar dituzu».

«Adimen artifiziala gurekin bizitzeko etorri da. Beldurra eduki dakioke, baina eduki beharrekoak dira arauak, bizikidetza arautzeko eta eskubiderik ez urratzeko».

ANE ITURZAETAInformatikaria

Adimen artifiziala «nonahi» dagoela esan du, gainera. «Galdetu eta erantzuten digun txatbot batetik harago, uste baino gehiago erabiltzen dugu adimen artifiziala: sakelakoa desblokeatzeko gure aurpegia erabiltzean eta aplikazioren batekin hitz egitean, adimen artifiziala erabiltzen ari gara; badaude garbigailuak automatikoki erregulatzen direnak energia gutxiago gastatzeko; enpresek badituzte atzetik tresnak bezeroak ezagutu eta ulertzen dituztenak. Horri esker, adibidez, bezerooi ez digute iragarki bera jarriko, eta, seguru asko, biok gustuko dugun bat jarriko digute».

Adimen artifiziala erabiltzeko moduak askotarikoak izan daitezkeela gaineratu du. «Nahi badugu, adibidez, euskara ikasteko programa bat sortu, adimen artifizialak lagun gaitzake horretan». Zer behar du, baina, horretarako? Interneteko milioika erabiltzaileren datuak, portaerak, informazioa eta bestelako datuak erabiltzen direla jakinarazi du Iturzaetak.

Abiadura hartu du

XX. mendearen erdialdera hasi zen ordura arte gizakiarenak soilik ziren gaitasunak makinetan txertatzeko bidea. Lehen lorpenak, gaur egundik begiratuta, oso oinarrizkoak ziren, Iturzaetaren ustez. Baina apurka-apurka, teknikak hobetuz joan dira, baita zailtasunak gaindituz ere. Orain dela hamar urte inguru, sare neuronalak garatu ziren. Informatikariaren iritziz, «mugarri bat» izan zen hura. Orain urtebete inguru sare horien hurrengo urratsa kaleratu zen: inteligentzia generatiboa, hain zuzen. «Eduki berriak sortzeko gai dira orain ordenagailuak: testuak, irudiak, melodiak... Teknologikoki sekulako aurrerapena izan da».

Abiadura bizian ari da garatzen, beraz, adimen artifiziala, Iturzaetaren ustez: «Inoiz azkarren hedatu den produktu teknologikoa da». Eman dituen datuen arabera, ChatGPT robotak bi hilabete behar izan zituen ehun milioi erabiltzaileren langa gainditzeko; Tiktok aplikazioak bederatzi hilabete behar izan zituen; Whatsappek, hiru urte baino gehiago; eta Twitterrek, bost urte.

Garapen horrek teknologia nora eramango duen jakiteko goiz dela dio, halere. Izan ere, esan du adimen artifizialak bilakaera handia izan duela: «Duela sei urte, honetan hasi nintzenean, egoera oso-oso desberdina zen. Gauzak asko eta azkar aldatu dira». Iturtzaeta ikaslea zenean, adimen artifizialari buruzko materia bakarra zegoen. «Microsoften lanean hasi nintzenean, espezializatzeko aukera eman zidaten. Zibersegurtasunarekin zalantza egin nuen, baina azkenean adimen artifiziala aukeratu nuen, oso ondo non sartzen nintzen jakin gabe. Sekulako booma izan du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.