Festa

Akerra eta Sagarra, festara

Errezilen ez zuten herriko festetarako erraldoirik, eta, ikaslerik txikienei esker, Akerra eta Sagarra sortu dituzte. Gaur biek botako dute sanantonioetako suziria.

Sagarra eta Akerra, Errezilgo erraldoi berriak, asteon. AITZIBER ARZALLUS
Sagarra eta Akerra, Errezilgo erraldoi berriak, aste honetan. AITZIBER ARZALLUS
Errezil
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Erraldoiak dauzka Errezilek, eta gaur azalduko dira lehenengo aldiz, San Antonio egunez: festen hasierako suziria botako dute Akerrak eta Sagarrak. San Martin herri eskolako ikaslerik txikienek eskatuta sortu dituzte. Herrian lehen ez zuten erraldoirik, eta nahi zituzten. Hortxe dira, prest.

Haur Hezkuntzako irakasle Amaia Aranbarri eta Ainhoa Aranburuk kontatu dute ikasleak erraldoi txikien erreplikak eramaten hasi zirela eskolara. Horretaz jabetuta, erraldoiei buruz hizketan hasi ziren haiekin, eta haurrek esan zieten beste herri batzuetara joaten zirela erraldoiak ikustera, hala nola Tolosara, Azpeitira edo Azkoitira, Errezilen ez zeuzkatelako. «Haurrei galdetu genien gustatuko al litzaiekeen herrian erraldoiak izatea, eta baietz esan zuten», adierazi dute irakasleek. «Galdera bera egin genien Haur Hezkuntzako beste ikasleei, eta haiek ere erantzun ziguten Errezilen erraldoiak izan nahiko lituzketela». Horrela hasi zen dena, eta giroa berotzeari ekin zioten. Herrian galdezka hasi zen, eta gehiengoak erraldoiak izatearen alde egin zuen.

Errezilgo herri eskolakoak harremanetan jarri ziren Azpeitiko Dinamoa sormen gunea kudeatzen duen Kulturaz kooperatibako kideekin, erraldoiak sortzeko laguntza eske. Kulturazek Patxi Juaristi artistari eskatu zioten laguntza, eta, hala, Enok Sudupe Kulturazeko langilea eta Juaristi izan dituzte lagun erraldoiak sortzeko prozesuan.

Sortze prozesua

San Martin eskolako ikasleek Juaristiri eta Suduperi zehaztu zieten bi erraldoi nahi zituztela: bat aker itxurakoa eta bestea sagar baten tankerakoa. Artistek galdetu zieten zer neurritakoak nahi zituzten, eta erabaki zuten 11-12 urteko gaztetxoek erabiltzeko modukoak izan zitezela.

(ID_17495816465295) (/EZEZAGUNA)
Ainhoa Aranburu eta Amaia Aranbarri Errezilgo San Martin eskolako irakasleak, asteon, Errezilen. AITZIBER ARZALLUS

Bi sortzaileen esku utzi zuten ideia mamitzeko ardura. «Enok eta biok aritu ginen nola egin pentsatzen, eta gero neu arduratu naiz erraldoien buruak egiteaz», esan du Juaristik. «Erronka» gisa bizi izan du. «Niretzat, horren tamaina handian lan egin dudan lehen aldia izan da, eta izan dut kezkarik. Akerra nahikoa garbi irudikatzen nuen, baina Sagarrak chupa-chups baten itxura hartzearen beldur nintzen», kontatu du. «Horregatik, Sagarrari enbor moduko gorputz bat egitea bururatu zitzaidan». Aitortu du «ezin gusturago» dagoela emaitzarekin. «Azkenean, oso politak gelditu dira biak; Sagarra, agian, Akerra baino hobeto». 

Aranbarri eta Aranburu irakasleek nabarmendu dute proiektu «parte hartzailea» izan dela, herritar ugari aritu baita sortze prozesuan. «Ikasleen gurasoak eta, batez ere, amonak aritu dira erraldoientzako moduko arropak egiten. Denontzat izan da erronka; izan ere, josten badakigu, baina gutako inor ez zegoen ohituta tamaina horretako lanak egiten», esan du Aranbarrik. «Oso polita izan da prozesu guztia, eta ederrena da erraldoiak herriarentzat izango direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.