Arrats elkarteko Txiki Txoko proiektuak jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Boluntariotza Saria

Programa horren barruan, migrazio prozesuan dauden emakumeen inklusioa, ahalduntze pertsonala eta kontziliazioa sustatzeko egiten dute lan, ama bakarreko familietan batez ere.

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Eider Mendoza diputatu nagusia, atzo, Arrats elkartean.
Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Eider Mendoza diputatu nagusia, atzo, Arrats elkartean.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2025eko azaroaren 27a
14:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrats elkartearen Txiki Txoko proiektuari emango dio aurtengo Boluntariotza Saria. Programa horrek 21 urte daramatza migrazio prozesuetan dauden emakumeen inklusioa, ahalduntze pertsonala eta kontziliazioa sustatzen, ama bakarreko familietan batez ere. Abenduaren 5ean jasoko dute saria, 13:00etan, Tabakalerako Prisma aretoan.

Elkarteak Donostiako Amara auzoan du egoitza, eta atzo han izan ziren Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua. Izan ere, diputatu nagusiak aurrez aurre eman zien saria emango zietelako berria, «elkarteak egiten duen lanagatik zoriontzeko eta hura aitortzeko» asmoz. «Gipuzkoarron komunitate sena eta indarra erakusten du zuen eguneroko lanak», esan zien. Elkarteko langileak boluntarioak dira, gehienak jubilatuak. «Ederra da zuen goxotasuna eta borondatea ikustea, baita gainerako emakumeei eta haien haurrei babesa eta laguntza eskaintzeko ematen duzuen guztia ere», esan zien Mendozak. 

Izan ere, Txiki Txoko proiektuak babesa ematen die hainbat emakume etorkini— ama bakarrak dira gehienak—. Mendozak dio elkarteko boluntarioei esker andre horiek askotariko laguntza jasotzen dutela. «Zaintzako garai gorabeheratsu horietan, laguntza jasotzen dute kontziliazio beharrak betetzeko. Horri esker, komunitate loturak eta harremanak indartzen dituzte, haurrak babestea bermatu, eta emakumeen aukera berdintasuna sustatu».

Proiektuak egun 39 boluntario ditu, gehienak emakumeak. 1.376 laguntza ekintza egin dituzte azken urtean —laguntza ekintza bakoitzak bost ordu irauten du—, eta 265 erabiltzaile artatu dituzte: ehun emakume, 78 neskato eta 87 mutiko. Laguntza emozionala, instrumentala eta soziala ematen diete, eta askotariko jarduerak antolatu horretarako. 

Lana ikusarazteko

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaldu du Boluntariotza Saria «funtsezko tresna» dela boluntarioek Gipuzkoan egiten duten lana ikusarazteko. Nabarmendu du lurraldean 40.800 lagunek baino gehiagok eskaintzen dietela denbora jarduera solidarioei. «Funtsezkoa da gizarte entitateek gizarte bidezkoago, kohesionatuago eta solidarioago baten alde egiten duten lana, eta Foru Aldundiak horiei laguntzen jarraitzeko konpromisoa du».

Foru Aldundiak orain 31 urte sortu zituen Boluntariotza Sariak, «lurraldeko hirugarren sektore sozialaren konpromisoa aitortu eta eskertzeko» asmoz. Hauek ere saritu dituzte, besteak beste: Karitateko Alabak, Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza, Juan Maria Garitano, Izan fundazioa, Behar Bidasoa, Gipuzkoako DYA, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, Laringektomizatuen Elkartea, odol emaileak, Koldo Aulestia, Gipuzkoako Elikagai Bankua, Atzegiko boluntarioak, Jose Mari Soroa, Charo Martinez Laskurain, Begisare, Kemen, Atece, Aspace eta Algaraklown.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.