Astigarraga Donostiako ospitale eta unibertsitate eremuekin lotuko duen Lurraldebuseko autobus zerbitzu berria (BU14) apirilaren 13an jarriko dute martxan. Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak hartua zuen linea hori martxan jartzeko konpromisoa Mugitu Astigarraga plataformako kideekin, zehaztuta Astigarragako herritarrentzat «beharrezkoa» dela.
Astelehenetik ostiralera erabili ahal izango da zerbitzu berri hori, orduero. 07:15ean abiatuko da lehen autobusa Astigarragatik, eta 21:15ean azkena. Kontrako noranzkoan, berriz, 08:00etan irtengo da lehena, eta 22:00etan azkena.
Diputatuak esan du asmoa dela udalerriaren konexioa hobetzea eta erabiltzaileen hazkundeari erantzutea. «Linea berri honek erabiltzaileen beharrei modu erreal eta eraginkorrean erantzutea nahi dugu, batez ere egunero lanera, osasun zentroetara edo unibertsitatera joateko garraio publikoaren menpe daudenen beharrei».
Nabarmendu du Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentua eskuz esku aritu dela udalarekin eta Mugitu Astigarraga plataformako kideekin, ahalik eta zerbitzu onena eskaini ahal izateko. «Modu aktibo eta iraunkorrean entzuten diegu herritarrei, zerbitzua eskaeretara egokitzeko eta konexio hori benetan erabilgarria, funtzionala eta erabiltzen dutenen errealitaterako egokia dela bermatzeko».Â