Astigarragako DBH Orain plataformak herriko DBHko zentroaren lanen atzerapena salatu du

Egoera salatzeko, bihar arratsaldean egitekoak diren argazkian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Astigarragako DBHko zentroa izango denaren maketa. BERRIA
Astigarragako DBHko zentroa izango denaren maketa. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 21a
14:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astigarragako gazteek, beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute behin Lehen Hezuntza amaituta, herrian ez baitago DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentrorik. Badira urte batzuk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 3,4 milioi euro bideratu zituela herriko ikastetxea handitzera, han derrigorrezko bigarren hezkuntza eskaini ahal izan dadin. Are, Astigarragako Udalak 2021eko uztailean utzi zizkion ikastetxea eraikitzeko lursailak Jaurlaritzari, baina Herriko DBH Orain plataformak salatu berri du ez dutela inolako aurrerapausorik ikusten, eta lanak azkartzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari.

«Astigarragan bizitzen ari garen egoera hau bereziki deigarria da herriaren ezaugarriak kontuan hartuta: ia 8.000 biztanle ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza tasa handienetako bat dauka. Horrek are nabarmenago egiten ditu etorkizuneko hezkuntza beharrak», esan dute plataformako kideek. Diote Lehen Hezkuntzako maila bakoitzean 75 bat ikasle daudela, eta DBHko zentroa izango denaren eraikuntzaren atzerapenak «galera handia» eragiten diela belaunaldi horiei.

Egoerari irtenbidea bilatu nahian dabiltza plataformako kideak, eta azaldu dute hurrengo udal osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko lanen esleipenerako lehiaketa publikoa «lehenbailehen» martxan jar dezala.

Kalean protesta egiteko asmoa ere badute. Bihar, maiatzaren 22an, «herritar guztiak» deitu dituzte 16:30ean eskolako jolastokian egin asmo duten argakian parte hartzera, kamiseta berde bat jantzita. «Proiektu hau lehentasunezkoa da herriarentzat, eta administrazio guztiei erantzukizunez eta premiaz jokatzeko deia egin nahi diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA