Aurten abiatuko dituzte Irungo Azken Portuko biribilgunea eraikitzeko lanak

Eider Mendoza diputatu nagusiak uste du auzoko mugikortasuna hobetuko duela biribilguneak, eta Behobiatik sartzen diren ibilgailuen mugimenduak erraztuko dituela. Aurreikuspenen arabera, aurten hasiko dituzte lanak.

Irungo Azken Portu auzoan eraiki asmo duten biribilgunea. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Irungo Azken Portu auzoan eraiki asmo duten biribilgunea. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
Irun
2026ko otsailaren 19a
12:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak bilera egin dutegaur goizean Cristina Laborda Irungo alkatearekin eta Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko zinegotziarekin, foru aldundiak Azken Portun eraiki asmo duen biribilguneari buruz hitz egiteko. Proiektuaren helburua da Irungo Artiga pasealekuaren eta GI-636 errepidearen arteko mugimenduak antolatzea; izan ere, «oso urbanizatuta» dagoen eremu bat da, eta jende asko ibiltzen da joan-etorrian. Hortaz, Mendozak uste du biribilguneak auzoko mugikortasuna hobetuko duela eta Behobiatik sartzen diren ibilgailuen mugimenduak erraztuko dituela. «Formula horrek ibilgailuen mugimenduak erraztuko ditu, horri esker ez baita auto ilararik sortuko hiri barruan». 

Beraz, foru gobernuak proiektuaren lizitazioa onartu du berriki, 1.018.000 euroko aurrekontukoa, eta lau hilabeteko epea izango da gauzateko. Mendozak aurreratu du lanak aurten abiatzeko asmotan direla: «Konpromisoak betetzen eta urrats zehatzak egiten jarraitzen dugu, Bidasoaldeko bide azpiegituretako jarduketa plan integrala bete dadin eta Irunen eta Hondarribian mugikortasuna eta segurtasuna hobetu ditzan». Adierazi du Irungo Udalarekin batera arituko direla lanean Bidasoaldea eskualdeko sarbide sistema «ordenatuagoa, seguruagoa eta funtzionalagoa» egiteko. «Helburua betetzeko beharrezkoak diren elementuak osatuko ditugu».

Biribilgunetik saihesbidera

Cristina Laborda Irungo alkateak esan du urrats horrek Arbes eta Palmera Montero auzoetan izaten diren barne trafikoak murriztea ekarriko duela, biribilguneak modua emango baitu ibilgailuak saihesbidera zuzenean sartzeko, auzo horietatik igaro beharrik gabe. «Hiria inguratuko duen bide eraztun berria mamitzen ari da. Horri esker, hirigunea zeharkatu beharrik ez da izango, eta GI-636 errepideari eusten dion zirkulazio bolumena banatu egingo da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.