Autobusik gabe, mugitu behar

Zaldibian bizi eta Ordizian ikasten duten DBH3 eta DBH4 mailetako gazteei eskola garraio publikoa kendu diete, eta lineako autobusean egin behar dute orain bidea. Gurasoek salatu dute Hezkuntza Saila «umeak erabiltzen» ari dela murrizketak egiteko.

Klasera sartu aurreko protesta, gaur, Ordiziako Oianguren institutuan. IGOR BAIGORRI
Klasera sartu aurreko protesta, gaur, Ordiziako Oianguren institutuan. IGOR BAIGORRI
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 11
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goizeko 8:30ak pasatxo dira, ostirala, eta hasita daude klaseak Ordiziako Oianguren institutuan. Ikasle gutxi batzuk eskolara sartzen ari dira oraindik, berandu. Beste gazte batzuk, berriz, ez dira klasera sartu, garaiz iritsi diren arren. 30 bat ikasle dira, eta eskolako atarian daude, itxaroten. Orduan lineako autobus bat agertu da, eta bertatik atera dira beste dozena bat ikasle inguru. Gainontzekoekin elkartu dira, eta orduan bai, hasi dute gelarako bidea, ez lehenago. Klasera sartu aurretik, aste honetan egunero errepikatu dute argazki hau: aurrean gurasoak, Eskola garraio publikoaren alde leloa osatzen zuten pankartei eusten; atzean ikasleak. «Ea, klasera!», entzun da orduan, eta atetik sartzen hasi dira gazteak, zintzo-zintzo.

Zaldibiako gazteak dira, Ordiziako Oianguren institutuan ikasten dutenak, DBH3 eta DBH4 mailakoak. Doako autobus zerbitzua kendu diete. Ikasleak geletara sartu direnean, guraso batzuk antolatzen hasi dira Zaldibiara itzultzeko. Beste batzuk, aldiz, kazetariarekin hitz egiten geratu dira: Aloña Jauregi, Maerose Palma eta Eider Garmendia. Egoera azaltzen hasi dira.

«Kontua da orain arte izan dugun zerbitzu bat kendu egin dutela: eskola garraio publikoa», azaldu du hitz gutxitan Jauregik. Izan ere, 164/2023 dekretua jarri dute indarrean aurtengo ikasturterako, eta bertan jasotzen da lau kilometro baino gertuago bizi diren ikasleek eskola garraiorako eskubidea galdu egingo dutela. Zaldibia 3,8 kilometrora dago Oiangurenetik. «Eskola garraiorako eskubide gabeko figura sortu du dekretu horrek. Oso larria iruditzen zaigu. Nola da posible garraiorako eskubiderik gabeko ikasleak existitzea?», esan du gurasoak.

Gaineratu du lau kilometroen irizpidea ez dela «erreala». Palmak hartu dio hitza orduan: «Gure errealitatea ezberdina da. Guk Zaldibian ez dugu beste eskolarik, hona etorri behar dugu derrigorrez, eta ikasketak ere derrigorrezkoak dira». Orain, ikasleak lineako autobusean etortzen hasi dira, baina, gurasoen arabera, autobus horietan ez dago gazte guztiak esertzeko lekurik, autobuseko toki libreak egun batetik bestera aldatu daitezke, autobus hori atzeratu egin daiteke, eta, gainera, ez da doakoa.

(ID_17891243959785) Zaldibiako gurasoak
Aloña Jauregi, Maerose Palma eta Eider Garmendia, Ordizian ikasten duten Zaldibiako gazteen gurasoak. IGOR BAIGORRI

Salbuespenak ere badaude dekretu horretan, eta gurasoek uste dute haien kasua salbuespen horietako bat dela. «Salbuespenak esaten du toki batetik bestera oinez eta seguru joateko bidea ez dagoenetan beste irizpide batzuk ezarriko direla. Hain justu, oinez segurua den bidea hartuko dela ikastetxerako distantzia gisa». Horrela, lau kilometro baino gehiago egongo lirateke Zaldibiatik institutura. Baina Hezkuntza Sailaren erantzuna irmoa izan da orain arte: lineako autobusa badagoela.

«Guk Zaldibian ez dugu beste eskolarik, hona etorri behar dugu derrigorrez, eta ikasketak ere derrigorrezkoak dira»

MAEROSE PALMA Gurasoa

Eskola garraio publikoari dagokionez, DBH1 eta DBH2 mailako ikasleek badute autobus zerbitzua oraindik, eta 3. eta 4. mailakoak autobus horretan egiten dute itzulera, baina ez joanekoa. Murrizketak gutxika-gutxika ezarri dituztela esplikatu du Palmak: «Duela hiru urte bi autobus zeuden Zaldibiatik etortzeko, eta beste bi itzultzeko; iaz bi autobus zeuden etortzeko eta bat itzultzeko, eta bueltako autobus horrek bi itzuli egiten zituen; eta aurten, bakarra dago etortzeko eta bakarra itzultzeko, eta bigarrenak bi itzuli egiten ditu». Esan dute inguruko herrietan ere murrizketak egin dituztela eta arazoa egiturazkoa dela.

Hezkuntza sailaren erantzuna

Hilabeteak dira gurasoek zer gertatuko zen aurreikusi zutela, eta ekainean hasi ziren Hezkuntza sailari bilerak eskatzen eta mobilizazioak eta prentsaurrekoak egiten. Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntza Lurralde ordezkariarekin bildu ziren irail hasieran, eta gaur bertan izan da Ordizian, egoera aztertzen. Jauregik esan du bi aldeen posizioak «berdin-berdin» daudela oraindik: «Argi esan genion lineako garraioan zutik bidaiatzea ez genuela balekotzat joko».

«Umeak erabiltzen ari garela aurpegiratu digute, baina, gure ustez, Hezkuntza ari da umeak erabiltzen, murrizketak egiteko»

ALOÑA JAUREGI Gurasoa

Gurasoek diotenez, hori da, baina, Hezkuntza Sailaren konponbidea, eta hor dauka jarrita «marra gorria», argudiatuta arauaren salbuespen batek baimendu egiten duela zutik bidaiatzea horretarako homologatuta dauden autobusetan. «Gaur esan digute Hezkuntzakoek ez direla eskolara gehiago etorriko, ikusi dutela hamar-hamabi gazte eserleku gabe geratzen direla, baina Batxilergokoak zutik joan daitezkeela lasai asko», adierazi du Jauregik.

Horiek horrela, protestak egiten jarraituko dute gurasoek. Nabarmendu dute mobilizazioak gero eta indar handiagoa ari direla hartzen herrian, herri gisa erantzuten ari direla, eta proposamenak aztertzen ari direla. Oraingoz, beste urrats bat egingo dute astelehenerako, irailaren 14rako: deialdia egingo dute Zaldibiako Larrazabal eskola gelditzeko eta Oiangurenera joaten diren Zaldibiako ikasle guztiak hara ez joateko, DBH osokoak eta Batxilergokoak. Jauregik: «Erakutsi nahi dugu herriaren arazo bat dela, eta ez hamahiru umeren arazoa, Hezkuntzak planteatzen duen moduan».

«Handia da hurrengo urteetan Oiangurenera joango diren ikasleen kopurua. Ume asko dago Zaldibian, eskola bera ere handitu egin behar izan da»

EIDER GARMENDIA Gurasoa

Izan ere, autobusik ez badago datorren urteetan arazoa handiagoa izango dela azpimarratu du Garmendiak, Zaldibiako ikasle gehiagok joan beharko baitute Ordiziara: «Handia da hurrengo urteetan Oiangurenera joango diren ikasleen kopurua. Ume asko dago Zaldibian, eskola bera ere handitu egin behar izan da». Alde horretatik, adierazi du hauxe izan dela Hezkuntza Sailaren erantzuna: «aurten, aurtengoa».

Jaso dituzten erantzunak «aldi baterakoak eta kasketa moduko batetik etorriak» direla salatu du Jauregik, eta gurasoei umeak erabiltzea leporatu dietela prentsara joan izanagatik, umeak klasera berandu eramatea legez kanpokoa dela esanda: «Umeak erabiltzen ari garela aurpegiratu digute, baina, gure ustez, Hezkuntza ari da umeak erabiltzen, murrizketak egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA