Sakelakoa eskuetan hartu, eta aplikazio baten bitartez ireki du etxeko atea —Arkitektoen Elkargoak Donostian duen egoitzan etxe baten itxura eman dioten gelako atea— Dora Barcenak; 76 urte ditu. «Autonomoagoa izan naiteke hala, errazago irekiko baitut etxeko atea». Luze bizi direnentzako esku hartze goiztiar integratuko eredu berri bat aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Proiektu hau oso inportantea da», esan du Eider Mendoza diputatu nagusiak. «Adinekoei laguntzeko modu berri bat da, beren autonomia eta gaitasun funtzionalari ahalik eta luzaroen hel diezaioten, bai eta beren bizi proiektua etxean eta komunitatean garatzen jarrai dezaten ere».
Foru erakundeak ia milioi bat euro jarri ditu proiektua garatzeko, eta herrialdeko hainbat eragile aritu dira hura martxan jartzeko lanetan. Gaur egun «fase esperimentalean» da; izan ere, hamabi gailu teknologiko garatu dituzte, 24 hilabetez 5.000 laguni beren egunerokoan lagunduko dietenak. Epe horretan, eredu berriak gaitasun funtzionaletan, ongizatean eta mendekotasunaren prebentzioan duen eragina ebaluazio zientifiko baten bidez neurtuko dute, eta, emaitzen arabera, lurraldean zabaldu.
«Proiektu hau adinekoei laguntzeko modu berri bat da, beren autonomia eta gaitasun funtzionalari ahalik eta luzaroen hel diezaioten»
EIDER MENDOZA Gipuzkoako diputatu nagusia
Barcena logelara joan da gero, eta gau mahaiaren gainean dagoen pilula kaxa adimenduna hartu du eskuetan, Fagor Healthcare enpresak sortutakoa. Kaxa horrek alarma baten bidez gogoraraziko dio erabiltzaileari pilula hartu behar duela, eta dagokion pilularen leihotxoa baino ez zaio zabalduko. Oreka lantzeko plataforma bat ere aurkeztu dute hurrena, erabiltzaileari oreka hobetzen eta erorikoak saihesten lagunduko diona.
Andrea gelako aulki batean eseri da ondotik, parez pare Inrobics enpresak garatutako robot bat duela. Robotak euskaraz egin dio lehen hitza, eta paseo bat ematea gomendatu hurrena. «Errezeten argibideak ere ematen ditu», esan du Barcenak. «Robot honek bakartze arrakala murriztea du helburu».

Gaitasun funtzionalaren eta segurtasunaren arloan, berriz, Mas Orange enpresak BetiON zerbitzuarekin sortutako erloju adimenduna erakutsi dute gero, eta Barcenak eskumuturrean jarri du. «Erorikoak detektatzen ditu. Halakoetan, osasun profesionalak erabiltzailearekin jartzen dira harremanetan, eta beharrezko protokoloa aktibatzen dute».
Beste programa batzuk ere erakutsi dituzte, hala erabiltzaileentzat terapia saioak eskaintzen dituena nola oroimen ariketak prestatzen dituena. Diputatu nagusiak esan du adinekoen hauskortasun egoerak garaiz atzeman nahi dituztela proiektu horren bidez. «Mendekotasuna agertu aurretik jardun nahi dugu, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako programen bidez esku hartuz, narriadura funtzionala atzeratu edo, ahal den neurrian, lehengoratzeko».
«Mendekotasuna agertu aurretik jardun nahi dugu, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako programen bidez esku hartuz»
EIDER MENDOZA Gipuzkoako diputatu nagusia
Mendozaren hitzetan, proiektuak «arreta pertsonalizatuago, hurbilago eta eraginkorrago bat» jasotzeko aukera emango du. Horretarako, hainbat lekutan garatuko dituzte programak, hala nola adinekoen etxeetan, eguneko zentroetan, eguneko arreta zerbitzuetan, etxebizitza babestuetan, komunitateko farmazietan eta lurraldeko beste gizarte eta osasun baliabide batzuetan. «Berrikuntza pertsonen zerbitzura jarri nahi dugu, eurek nahi duten lekuan bizitzen jarrai dezaten, beren etxean, ohiko harremanei, ohiturei eta bizi proiektuari eutsiz».