Gipuzkoako Foru Aldundiak basoen kudeaketa iraunkorra bermatzeko eta abandonatuta gera daitezen eragozteko asmoz sortu zuen Basotik fundazioa, orain bizpahiru urte. Hainbat baso jabek arindua hartu zuen, ez baitzekiten lursailekin zer egin. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak azaldu du, funtsean, «basoen etorkizuna bermatzea» dela fundazioaren helburua. «Basozaintza aurreratua indartu nahi dugu: kudeaketa profesionala, planifikatua, jasangarria eta epe luzeko ikuspegia uztartzen dituen eredua». Diputatuaren hitzetan, fundazioa «beste fase batean» da orain, azken urtean ia bikoiztu egin baita izena emandako baso jabeen kopurua. «Egun, berrehun baso jaberen 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditugu».
Zerbitzua egituratzen, baso jabeen eskaerak biltzen eta lanerako oinarriak finkatzen aritu dira lehen bi urteetan, eta, orain, geroz eta baso gehiago kudeatzen ari dira lurraldeko mendietan. «Basotik fundazioa Gipuzkoako basoen etorkizuna bermatzeko tresna estrategiko bat da gaur egun», esan du diputatuak. «Basoek, modu jasangarrian, baina kudeatuta egon behar dute, Gipuzkoaren erdia baino gehiago basoa baita, %62 inguru. CO2-a xurgatzeko modua ematen dute, biodibertsitatea indartzekoa, ekonomia zirkularra sortzekoa, pertsonen osasunean eta bizi kalitatean eragitekoa... Hortaz, ez da astakeria esatea basoen etorkizuna bermatzea Gipuzkoaren etorkizuna bermatzea dela».
Fundazioak aurrerapausoak egin ditzan, Basotik Behatokia sortu dute aurten, gipuzkoarrek basoen kudeaketaren gainean duten pertzepzioa eta jakintza aztertzeko tresna. Abiapuntu gisa, abenduan inkesta bat zabaldu zuten gipuzkoarren artean, eta, emaitzen arabera, herritarren %86,5ek ez dakite ezer edo gutxi dakite Gipuzkoako basoak zertan diren egun. «Gure ustez, datu horiek berretsi egiten dute informazioa, sentsibilizazioa eta kudeaketa jasangarria indartzeko beharra dagoela», esan du Arrutik.
Zabalduz doan tresna
Jon Ander Ostolaza fundazioko gerentearen arabera, sorreratik gaur arte bederatziehun familiak baino gehiagok erakutsi dute fundazioko kide izateko interesa. «Gaur egun, berrehun kontratu baino gehiago daude sinatuta. Familia horiekin dugun komunikazioa hobetzeko ahalegina egingo dugu datozen hilabeteetan».
Are, seiehun familia inguru daude kudeaketa proposamena jasotzeko zain, eta Ostolazak jakinarazi du orain familia horiei proposamenak aurkeztea dutela erronka nagusietako bat.
70 bat familiak jada jaso dute proposamena, eta erabaki bat hartzeko bidean daude. «Erabaki hori ez da egun batetik bestera hartzen», dio Ostolazak. «Familia ondareari buruz ari gara, belaunaldiz belaunaldi transmititutako basoei buruz askotan. Horregatik, gure lana ez da kontratu bat aurkeztea soilik, zalantzak argitzea, aukerak azaltzea eta familia bakoitzari behar duen denbora eskaintzea ere bada».